argia.eus
INPRIMATU
Erradikalak gara
Miren Artetxe Sarasola 2017ko apirilaren 13a

Mugarik Gabe GKEak argitaratu berri du Feminizidioa Euskadin eta Nafarroan 2010-2015: gertaerak, tratamendua prentsan eta epaien analisia txostena. Honakoa da ondorioa: ezkutuan geratu dira Hego Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako emakumeen erdiak. Zer esan Ipar Euskal Herriaz. Angelun gizon batek emaztea eta bere bi alaba hil, eta oraindik “familia drama” gisa aipatzen da gertakaria hedabideetan zein karrikan. Bikain.

Europar Batzordearen “genero indarkeriari” buruzko eurobarometro berezian argitaratu ziren datuak ere aski argigarriak dira. %17k adierazi dute maiz emakumeek izaten dutela indarkeria kasuen errua. Handizkatu egin ohi dituztela berez gertakari ezdeusak direnak %22k. %27k bortxaketak justifikatuak izan daitezkeela. Eta hamarretik batek baino gehiagok bikotekidea sexu harremana izatera behartzeak ez lukeela ilegala behar. Egun on.

Eta honek, noski, ez du loturarik eskolan zein etxean haurrak hezteko moduarekin. Hedabideek helarazten diguten bortxaketa kulturarekin. Ez du zerikusirik kultur programazioan emakumeak sistematikoki ezkutatzearekin. Nesken hipersexualizazioarekin. Watxap taldeetako umore matxistaren erabateko onarpen konplizearekin. Horiek guztiak feminazion irakurketa desitxuratuak dira. Gaixoak gu. Izan ere, erradikal hutsak gara.