"Ez dugu Diogenes sindromea eduki behar euskararekin"

  • Filologo gazte eta praktikoa, irakaslegaien irakaslea, testu zaharren ikertzailea eta euskararen mitoen desmitifikatzailea.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Ekaitz Santazilia Salvador  

1987, Iruñea
Filologoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Filologia eta Hizkuntzen didaktika departamentuko irakaslea, Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendari berria, Nafar Ateneoko euskara eleduna, Aziti Bihia filologo eta hizkuntzalari gazteen taldeko fundatzailea, Monumenta Linguae Vasconum taldeko kidea eta euskal testu zaharren maitale eta aztertzaile nekaezina.

Etorkizuneko maisu-maistren formakuntzan ari zara lanean. Zertan datza zure egitekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan?
Nire ikasleak Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasten ari dira. Euskaldunekin hizkuntza baliabide komunikatiboak hobetzen saiatzen gara, eta erdaldunei aldiz, euskara ematen diegu lehen mailan zerotik hasita, eta euskararen historiarekin lotutako gaiak ere bai. Askok lehen aldiz dute harremana euskararekin. Urte hauetan barneratzen dituzten euskararen inguruko ikusmoldeak oso garrantzitsuak izango dira haientzat eta haien ikasle izango direnentzat.  

Ikasle batzuk kexu dira lehen urtean euskara ikastea derrigorrezkoa izan eta gero programatik desagertzen delako. Abandonatu egiten ditugu ikasleak. Hautazko gisa eskaini beharko geniekeela uste dut. 

Bestalde, dena ongi bidean, datorren ikasturtetik aurrera NUPek Bigarren Hezkuntzako Irakasletzan eskaintzen duen Unibertsitate Masterrean euskarako lerroa zabalduko dugu

Garai batean kezka handia zegoen irakasleen euskara mailarekin. 
Duela ehun urteko kezka zen euskarak ez zuela balio etxerako baizik, eta orain kontrako joera sumatzen hasia naiz, gure ikasle askok, eskolan euskaldundu direnek bereziki, arazoa baitute etxeko eta kaleko euskararekin. Eremu euskalduneko ikasleak ere, Iruñera etortzen direnean erdalduntzen dira dezente.  

Zer egin daiteke?
Oso ohituta daude gramatika ikasten eta alor komunikatiboa gehiago landu beharko lukete, baina unibertsitateak ez du horretarako aukera gehiegi ematen. Oso garbi hitz egiten diet nire esperientziaz: euskara unibertsitatean garatu nuen, baina ez ikasgelan soilik. Txikitatik beti euskaraz ikasi dut, baina benetan euskaraz egiten karrerako parrandetan ikasi dut; lekeitiarrekin, Segurakoekin, baztandarrekin… 

18-25 urte-tartea oso garai garrantzitsua da, euskara nerabearen hizkuntza izatetik helduarena izatera pasatzen delako. Bat-batean hizkuntzak beste espazio batzuk bete behar ditu eta hor dago gakoa. Askotan ikusten da derrigorrezko ikasketak euskaraz egin dituen gazteak goi-mailako ikasketak erdaraz egin edo kanpora ikastera joan eta itzultzen direnerako erdaldunak direla. 

Gazteen euskararen kalitateaz ere kezka badago. Zuk zein iritzi duzu?
Etxetik euskaldun den baten eta D ereduan ari den neska-mutiko baten euskara ez dira berdinak, baina euskaldun berria ez da kriminalizatu behar. Bakoitzak abilezia batzuk garatu ditu. Kontua da oreka bilatzea. Askotan dena zaindu, dena gorde nahi izaten dugu, zertarako nahi dugun gehiegi pentsatu gabe. Ezin dugu mundua museo bilakatu. Ezin da dena salbatu. Ongi dago baserriko lanabesen izenak jasotzea, baina planteatu beharko genuke zenbateraino ikasi beharko lituzketen gure ikasleek. Neurtu behar dugu zenbat indar eta sos jartzen dugun halako gauzetan, eta zein helbururekin. Ez dugu Diogenes sindromea eduki behar euskararekin. 

Horren inguruan artikulu bat idatzi nuen Juan Jose Zubiri filologoarekin, haur hizkerari buruz. Haur hizkera, helduek haurrekin duten mintzatzeko moldea, nahiko aberatsa da euskaraz eta ezaugarri bereziak ditu, baina galtzen ari da. Zertarako salbatu planteatu genuen, zein helbururekin. Atera genuen ondorioa da haur hizkera ez dela oztopoa hizkuntza ikasterakoan, eta aldiz, zenbait funtzio betetzen dituela. Hiriko familia euskaldunberrietan balio dezakeela uste dugu, euskara eskolatik etxera ekartzeko eta gurasoek eskolan ikasitako euskara berreskuratzeko, gainera oso balore emozional handiarekin. Oso material onak sortu dira, Xaldun Kortin adibidez, Nafarroan. 

Argazkia: Dani Blanco

Zertarako sortu zenuten Aziti Bihia filologo taldea?
Euskararen historiaren inguruan ikerketak egiten gabiltzan filologo eta hizkuntzalariak gutxi gara, baina EHUn Gasteizko fakultatearen inguruan belaunaldi gazte polita sortu zen orain urte batzuk, eta elkartzea hobe zela pentsatu genuen. Taldean aritzeak beste bide batzuk jorratzea ahalbidetzen du, elkarri laguntzea, denon ezagutza bateratzea, eta unibertsitateko eremuari loturik baina hortik kanpo proiektuak egiteko balio digu, baita elkarren arteko kontsolamendurako ere. Unibertsitatean egiten den hizkuntzalaritza eta filologiaren oinarri eta metodologiak gizarteratzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu.

Euskararen inguruko mitoak desmitifikatzen ibiltzen zara askotan. Zer mito dira?
Erromantizismoak hedatutako ideia da euskara hizkuntza bakartua eta arraroa dela, eta hori dena bere testuinguru literario, politiko eta sozialean jartzen saiatu izan naiz, hainbat ikastaro eta hitzalditan. Historiak erakusten du euskaldunak beti bizi izan garela beste kulturekin harremanetan. Adibide bat jartzearren, jendeak Gartxoten kondairaren irudia du gogoan: euskaldunak zoko batean isolatuta mendi artean. Horregatik gustatzen zait zaraitzuar haren irudi literarioaren aldamenean Ezkarozeko elizako erretaula barroko ederra edo Muskildako dantzak jartzea. Han euskaldunak izan dira atzo arte eta, hala ere, ez dira bizi izan garaiko modei bizkar emanda, kontrakoa baizik. Halako herriak txiki eta isolatu bilakatu omen dira azken mende hauetan, baina harreman eta jende mugimendu handiak izan dituzte betidanik, eta oraindik ere Nafarroako gizarte egituran badute zeresanik. 

Isolamendu genetikoaz ere aritu izan zara.
Euskarak ez duela ahaiderik esaten da, baina horrek esan nahi duen gauza bakarra da metodologia konparatzaile zientifiko eta zorrotz bat aplikatuz, dugun datu kalitate eta kantitatearekin, momentuz ezin izan dugula euskara beste hizkuntza batekin lotu. Horrek ez du esan nahi inoiz ez duenik ahaiderik izan, unean metodo zientifikoa aplikatuz ahaideak aurkitzeko aski datu fidagarri ez dugula baizik. Gaur egun ehundik gora hizkuntza isolatu daude munduan, beraz, ez da gauza arraroa.

Euskarak ezaugarri arraroak dituela ere maiz entzuten da, baina euskarak dituen gauza “arraroak” beste hizkuntzetan ere aurki daitezke. Ergatiboa, adibidez, oso arrunta da munduan, Australiako hizkuntzetan adibidez. Aditza esaldiaren bukaeran jartzea ere oso gauza normala da munduan; normalena agian. Zentzu horretan, munduko hizkuntza gehienak dira gaztelania bezala (aditza erdian) edo euskara bezala (aditza bukaeran). Kontua da oso ikuspegi europazentrista izan dugula orain arte, besteak beste, munduko hizkuntzen gainean datu eta deskribapen gutxi izan dugulako. Euskara Europako hizkuntzekin konparatu beharrean mundu osokoekin konparatzen badugu, ohartuko gara oso gauza gutxi dituela bereak baizik ez direnak.

Adibidez?
Tipologikoki berezi samarra da txistukarien sistema aberatsa. Sei ditugu gaur egun, nahiz eta ez den beti horrela izan: x, s, z, tx, tz, ts. 

Eta Europako hizkuntza zaharrena da? 
Hizkuntzen jatorria, edozein hizkuntzarena, denboran galtzen da, hizkuntza etengabe aldatzen den continuum bat delako, eta ezin dugulako esan noiz asmatu den hizkuntza hori; beti dator aurretik zegoen beste zerbaitetik, aldatuz eta aldatuz gaur egungo egoerara iritsi arte. Nik ikasleei galdetzen diet ea zein hizkuntza den zaharragoa, euskara edo gaztelania, eta haiek normalean euskara dela erantzuten dute, gaztelania latinetik datorrelako, baina bata bestea bezain zaharra da. Gertatzen dena da iruzur terminologiko bat dagoela: tranpa da duela bostehun, bi mila edo bost mila urte egiten zenari euskara deitzea, beti hizkuntza berbera izan balitz bezala, eta gaztelaniari, aldiz, garaian garai erromantzea, latin indoeuropera edo dena delakoa esatea. 

Aziti Bihiakoak zarete XVII. mendeko Esteve Materra frantziskotarraren doktrinaren ale bat (eta momentuz bakarra) Danimarkan aurkitu zenutenak duela bi urte. Zuen lan ezagunena, doike.
Oso testu interesgarria da, lapurtera klasikoan argitaratutako lehen testua delako oraingoz, 1617koa. Galdua zegoen lehen edizioa; bigarrenetik, 1623kotik, ale bakarra gordetzen da Oxforden eta Euskal Herrian ikerketarako erabiltzen ziren kopiak ez ziren oso kalitate handikoak; filologiaren arreta merezi zuen. Boom bat izan zen. Komunikabideetan bi hilabetez etengabe agertu ondoren, zapore gazi-gozoarekin gelditu ginen. Jendearen arreta piztu zen eta alde horretatik gu kontent, baina ikusi genuen batzuetan jendearen eta komunikabideen interesa eta gurea ez zetozela bat. Jendeak aurkikuntzari berari erreparatzen zion, ez testuari, eta zorteari egozten zion aurkikuntza, baina hor badago azpiegitura eta inbertsio bat unibertsitatearen inguruan; euskal filologiaren garapena izugarria izan da azken hamarkadetan, eta ikertzaile prestatuak ari dira horretan lanean. Badakite zer bilatzen ari diren, nola bilatu, eta testuari daukan balio filologikoa emateko ezagutza eta oinarria badute.

Zein izan da zuretzat aztertu duzun testu zahar garrantzitsuena?
Ez da erantzun erraza. Bat aipatu behar banu, zuzenean nik landu ez dudan bat aipatuko nuke, hain zuzen: Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko lankideak sakon aztertzen ari diren Joan Perez Lazarragakoren eskuizkribua, arrazoi askorengatik. Arabako testua da, eta testu zahar gutxi ditugu horkoak. Gaiaren aldetik, ez da testu erlijiosoa, nerabe humanista batek idatzi edo kopiatutako poesia baizik. Erabiltzen duen euskaran ezaugarri interesgarri ugari aurki daitezke, batzuk ezezagunak ordura arte, eta beste batzuk eremu edo garai horretan lekukotu gabeak. Gainera, euskarazko poesia zerabilen noblea zen neurrian, ezezagun samarra zitzaigun egoera soziolinguistikoa agertu digu.

Argazkia: Dani Blanco

Eta testu zaharren balio ekonomikoa nola zehazten da? 
Horretan ez gara sartzen. Guk aztertzen dugu testua eta bere testuinguruan kokatzen dugu, baina balio ekonomikoa merkatuaren irizpideen arabera jartzen da. 1995ean, adibidez, Nafarroako Aurrezki Kutxak 1571ko Leizarragaren Testamentu Berriaren ale bat erosi zuen 30.600.000 pezetetan, kasik 184.000 euroan, eta 2008an Euskaltzaindiak beste bat erosi zuen 24.000 euroan. Zer dela eta alde hori? Horren zergatiak filologiaren gainetik daude. 

Orain esku artean zer duzu?
Lana ez da sekula bukatzen. Duela gutxi Erronkarin doktrina bat agertu da eskuz idatzia, Lizarraga Elkanokoarekin lotua, eta aztertu nahi nuke. Gainera, Paristik etorri berri naiz, XVIII. mendean Mauleko Belako zaldunak frantsesez eskuizkribatutako nafarren eta euskaldunen historia bat nire eskuetara ailegatu denez, Frantziako Liburutegi Nazionalean autore horren lanak ikusi nahi nituelako. Altxor handia dira zaldunaren testuak historiarako, etnografiarako, eta niri dagokidanean, euskararako, horri ere eskaintzen baitio pasarterik. Ziriako Garralda otsagabiarrak 1895. urtean zaraitzueraz idatzitako doktrina txiki bat agertu da berriki, eta beste batzuekin batera hori aztertzen ari gara.

Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendaritza hartu berri duzu. Zeintzuk dira erronka nagusiak? 
Fontes-en erronka bikoitza da. Batetik, sortu zenetik duen ildoari atxikita, euskarazko testu zaharren kabi izan nahi du. Bestetik, euskal hizkuntzalaritza unibertsitateko diziplina den neurrian, gure aldizkaria nazioarteko aldizkariei eta haietan publikatzera derrigortuta dauden ikertzaileei oraingo unibertsitate sistemak ezartzen dizkien betebehar zorrotzetara doitu behar dugu, baldin eta ikertzaileak gure aldizkarira erakarri nahi baditugu, eta hori ez da erraza euskalaritza bezalako arlo txiki batean. Baina saiatu behar.

Euskargazki bloga zer da?
Turismo filologikoa egiten dut, nahiko frikia naiz horrekin eta euskararen historiarekin zerikusia duten leku eta gauzen argazkiak hartzen ditut han eta hemen. Irudi horiek guztiak jendearekin partekatu nahi nituen eta blogean jartzen ditut. Hor daude, esaterako, Iturmendiko XVIII. mendeko gurutze-bide bat euskarazko testuak dituena; Bonaparte printzearen laguntzaile izan zen Duvoisin kapitainaren hilobia; edo Bonaparte printzearena bera. Lekuak mapan kokatzen ditut, jendeak nahi badu erraz aurki ditzan eta argazkiak edozeinentzako eskuragarri daude.

Azken hitza: Euskalkiak

“Euskalkiekiko izugarrizko begirunea izan dugu eta altxorrak dira, baina ulertu behar dugu hiztunen arteko harremana galtzen denean sortzen direla, eta hizkuntza berez batzen dela hiztunak elkartzean. Euskara bereziki azken 200 urtetan dialektalizatu da. Euskara, hizkuntza guztiak bezala, eta euskalkiak bezala, aldatzen ari dira etengabe: gauzak sortzen ditu, uzten, edo beste leku batetik hartzen. Adibidez, Erronkaribarreko eta Zaraitzuko erakuslearen k- (kau(r), kori, kura) forma, kontu berri samarra dela susmoa hartzen hasiak gara. XVI. mendeko adibide apurretan ez da horren arrastorik agertzen, esate baterako. Horregatik ez naiz gehiegi kezkatzen hizkuntza aldatzeaz. Ondo entzuten bada Iruñeko gazteen artean, eta ez ongi, aldaketa onartu behar dugu. Behintzat euskaraz ari dira”.   


ASTEKARIA
2017ko apirilaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude