Londres, 1928ko uztailaren amaiera. Alexander Fleming biologo, farmakologo eta botanikari eskoziarra oporretara joan zen, bakterio kultiboak zituzten petri plakak jasotzea ahaztuta, eta irailean, Paddingtongo laborategira itzuli zenean, plakak lizunduta zeuden, Penicillium notatum onddoak hartuta. Eta onddo haren inguruko estafilokokoak hilik zeuden. Pasadizo ezagun hartan, Flemingek penizilina aurkitu zuen. Baina antibiotiko aitzindaria eraginkorra izan zedin kantitate handitan ekoiztu behar zen. Penizilina onddotik atera eta purifikatzea oso zaila zen.
1938an, Oxfordeko Patologia Institutuko Ernst Boris Chain eta Norman Heatley biokimikariak eta Howard Florey medikua penizilinaren ekoizpena handitzeko ahaleginean hasi ziren. Emaitza handirik lortu gabe, jarduna eten behar izan zuten. 1941ean, Bigarren Mundu Gerrak eta baliabide faltak, Chain eta Florey AEBetara eraman zituzten, zehazki, Peoriako (Illinois) Nekazaritzarako Ikerketa Departamenduko laborategira.
Laborategi hartan lan egiten zuen Mary Hunt-ek. Ezer gutxi dakigu hari buruz; 1980an bizirik zegoela eta Chicagon edo Arizonan bizi zela. Eta 1943an laborategiarentzat erosketa bereziak egiteaz arduratzen zela; dendaz denda ibiltzen zen, fruta, barazki, esneki eta haragi lizunduen bila. Ekaineko egun batez, lizun horixka zeukan meloi bat erosi zuen. Laborategian, lizuna ebaki eta azter zezaten prestatu zuen, laginari etiketan 72 zenbakia ipinita. Gero, itxuraz, lizunik gabeko meloi zatiak lankideen artean banatu zituen eta gozoegia omen zegoen.
Penicillium chrysogeum onddoa zeukan Mary Huntek aukeratutako meloi hark. Flemingek aurkitutako onddoak baino 200 aldiz penizilina gehiago ekoizteko aukera ematen zuen (eta 1.000 aldiz gehiago, anduia erradiazio ionizatzaileen bidez hobetu ondoren). 1945ean Medikuntzako Nobel saria eman zieten Alexander Fleming, Ernst Boris Chain eta Howard Floreyeri. Mary Huntek, aldiz, goitizen zatar bat besterik ez zuen lortu: Moldy Mary edo Mary Lizundua esan zioten handik aurrera.