Camilo Torres Preso Politikoen Kolektiboa

ELNko gerrillariek Bellavistako kartzelan ereiten dituzte iraultzaren haziak

  • Kolonbiako kartzeletan ez da ohikoa paretak ELN Nazio Askapenerako Armadaren, Camilo Torres apaiz gerrillariaren eta Che Guevararen irudiez beteta edukitzea. Besteren artean, horregatik da berezia Medellingo Bellavista kartzelan, Camilo Torres Preso Politikoen Kolektiboko zazpi kide dauden modulua. Zona Teknikoa deitzen diote espetxeko guardek; Jakintzak, Ametsak eta Itxaropenak Ereiteko Gunea berrizendatu dute hangoek. ARGIA han egon da.

Lukas Barandiaran San Roman
2017ko apirilaren 09a
Bellavistako kartzelan, 
kolektiboko kideetako batzuk futbolean.
Bellavistako kartzelan, kolektiboko kideetako batzuk futbolean.

Bellavistako kartzela 1.700 presorentzat eraiki zuten, baina egun 4.700 daude. Hala ere, hango modulu batean zazpi pertsona daude soilik: ELNko sei komandante eta paramilitar ohi bat. Hobe esanda, bost pertsona dira egun, horietako bi ELNren bake “gestore” izateko askatu berri baitituzte Quitoko elkarrizketen testuinguruan. Askatu dutenen artean dago Juan Carlos Cuellar, Bellavistako kolektiboaren sortzailea, eta pertsona giltzarria egun ELNk eta Kolonbiako Gobernuak Quiton aurrera daramatzaten bake elkarrizketak ulertzeko.

Bellavistan Jairok eta Armandok jaso gaituzte eskuzabal. Pakito Arriaran Fundazioaren kamiseta bat jantzita duela, Armandok, Antioquia ipar-ekialdeko ELNko komandanteak, gosaria prestatu du iritsi berrientzat. Sukaldean pizten da elkarrizketa, Jairok, kolektiboko beteranoetako batek, begirada kentzen du ordenagailutik, eta solasaldiaren nondik norakoak erakarrita, batu egiten da.

Biek azpimarratzen dute kolektiboa ondo ulertzeko hamarkada batzuk egin behar ditugula atzera. Guneak 1992ko azaroan du jatorria. Francisco Galán ELNko komandantea atxilotu eta bakartuta izan zuten segurtasun kontuengatik. Laster amaitu zen baina bere bakardadea: Felipe Torres, gerrillako komandante garrantzitsua atxilotu eta berarekin espetxeratu zuten. 90eko hamarkadan Kolonbiako Gobernuaren eta gerrillaren arteko bitartekaritza lanak egin zituzten, eta gerrillaren ordezkari bilakatu ziren gobernuaren aurrean. Horretarako, zenbait baliabide eman zieten.

“Mugikorrak, ordenagailuak eta HF irratiak eman zizkieten komandantziako gainontzekoekin komunikatzeko. Oroitzen naiz ELNko egituren artean irrati errondak egiten genituenean haiek kartzelatik parte hartzen zutela”, dio Jairok.

Isolamendutik kolektibora

Cuellar, ELNren hego-ekialdeko gerra fronteko burua eta gerrillaren zuzendaritzako kidea, 2004an atxilotu zuten, eta Galán eta Torresekin espetxeratu zuten. Bizkor baina, bakarrik geratu zen, besteak kalera atera baitziren zigorra bete ostean. Cuellarrek bere kideen zeregina jaso zuen herentzian, eta hala, Alvaro Uribe lehendakari ohiak harengana jo zuen 2006an ELNrekin bake elkarrizketak hasteko. Cuellarrek bi baldintza jarri zizkion Alvaro Uribe lehendakari ohiari: preso politiko gisa aitortzea eta kide gehiagorekin egon ahal izatea.

Izan ere, Cuellarrek hiru urte igaro zituen bakarrik, katuen eta telebistako soinuen konpainia hutsarekin, etxean     etsaia sartu zioten arte: Pallares paramilitarra. 2006an utzi zituen armak Pallaresek; Justizia eta Bakea prozesuan, Kolonbiako Autodefentsa Batuak egitura paramilitarrak desmobilizazioa adostu zuen gobernuarekin. Egiaren Batzordeari eta Justiziari egia gehiegi aitortzen ari zitzaiela eta, mehatxatu egin zuten kide ohiek, eta bizitza salbatzeko, gune seguru horretara lekualdatu zuten Medellingo beste kartzela batetik, Itagüitik. Bertan, harreman ona egin zuen etsai zituenekin, eta egun kolektiboko kide bat gehiago da.

Hala joan zen kolektiboa sortzen Bellavistan. Hara ezin zuen edonork joan, baldintza jakin batzuk bete behar ziren: Cuellarrek ezagutzea, ELNn ardura postua eduki izana, eta formatzen jarraitzeko konpromisoa hartzea.

Cuellarrek egindako bitartekari lanak ez zuen arrakastarik eduki 2006an. Juan Manuel Santos lehendakaria gobernu ra heldu zenean 2010ean berriro saiatu zen ELNrekin bake elkarrizketak eraikitzen, FARC-EPrekin egin bezala, eta Cuellarrengana jo zuen. Egun Quiton martxan dauden bake elkarrizketen jatorria hartu-eman horretan dago. Otsailean, bake “gestore” izateko askatu zuten Cuellar, Eduardo Martinez kidearekin batera. Bere zeregina izango da bake elkarrizketak elikatzeko gizartearekin egotea. Garrantzi handia ematen die ELNk herri mugimenduei, bere burua herri borrokaren osagai bat gehiagotzat du. Hala, Quitoko negoziazio mahaian gizarte osoak negoziatu behar duela uste du, eta herriarekin harreman hori ehuntzeko zeregina edukiko dute Cuellarrek eta Martinezek.

Autonomiak hausten ditu barroteak

Duen jatorriagatik, bertako egoera ez da kartzela arrunt batekoa. Bakoitzak bere ziega du, sukaldea, bulegoa, interneterako sarbidea, telefonoa eta nahibeste bisita eta bilera dituzte, besteak beste. Ezohiko baldintzak dira, eta horiek nola lortu dituzten galdetuta, prozesu subertsibo bat izan dela azaldu du Jairok. “Hala delako, iraultza egitea da, behetik, egunerokotasunetik, konstantziatik. Janariaren kasua, esaterako. Juan Carlosek janaria kudeatzeko  eskubidea zeukan segurtasun kontuengatik —gainontzeko preso guztiek kartzelako jangela zerbitzuan jaten dute—. Gutxinaka sukaldetxo bat edukitzeko aukera lortzen joan zen. Gauza guztiekin antzera, hasieran instituzioak trabak jartzen zizkion, baina ekitearen ondorioz etsi egiten zuten. Ondoren, bisitarientzat kafea egiteko, termo bat eta edalontzitxo batzuk edukitzen utzi zioten, ‘baina bilera amaitzerakoan zuzendaritzari itzuli behar zaizkio’. Azkenean, nekatu egin ziren gauzak eraman eta ekartzeaz. Eta noski, gainontzekoak iristen joan ginean, Juan Carlosek zituen eskubide guztiak eskuratzen joan ginen, eta inork ez zuen ezer ere esan”.

Bisita erregimenak asteburuetara mugatuta daude kartzelan, larunbatetan gizonak eta igandetan emakumeak. Baina jendearen joan-etorria etengabekoa da Zona Teknikoan: Kolonbiako eta nazioarteko pertsonalitate nabarmenak, herri mugimenduetako kideak, akademikoak, kazetariak, gobernua… egunero bisita bat baino gehiago jasotzen dute. Hori ere, ekinaren ekinaz lortu dute. “Hasiera batean gobernukoak etortzen ziren asteburuetan, baina horrek familiekin egoteko denbora kentzen zigun, beraz, gobernuaren bisitak aste barruan egiten hasi ginen. Ondoren, Buenaventurako Unibertsitatearekin diplomatura bat egiteko gunea asteazkenetan irekitzea lortu genuen, eta jarraian ostegunetan, Javerianarekin genuen beste diplomatura batentzat… Gutxinaka aste guztia irabazi genuen”.

Hala ere, baldintza horiek eztabaida iturri ere izan dira. Kolektiboko kideek bizi baldintza bereziak dituzten bitartean, ondoko patioetan, ELNko gainontzeko presoek Kolonbiako kartzeletako sufrikario guztiak jasaten dituzte. Horri buruz galdetuta, kolektiboko kide Armandok argi utzi du: “Gureak ez dira pribilegioak”. Biek, Armandok eta Jairok diote Kolonbiako preso politikoen egoera oso txarra dela, baina haiek baldintza horiek konpontzeko lan egiten dutela. Jairok, esaterako, aipatu du haiek jaso duten diplomatura bat jasotzen ari direla Cúcutako kide espetxeratuak: “Diplomatura jasotzeko espazio berean biltzen dira ELNko emakume eta gizon gerrillariak, eta hori aurrerapen handia da”.

Armandok dio arreta berezia jarri diotela dispertsioari. Hori da preso politiko askori ezartzen zaien erregimen kartzelarioa. “Nire familia ez ikustera zigortzen naute. ELNko kideen familia gehienak txiroak dira, eta ez dute ni ikustera etortzeko dirurik”. Kolonbian garraioa garestia da, eta orografiagatik, oro har bizpahiru ordu behar dira ehun kilometro egiteko. Kide baten kasua jartzen dute. Haiekin zegoen Bellavistan, baina aukera eman ziotenean, nahiago izan zuen Cúcutara joan baldintza askoz ere kaskarragoekin, han baitzegoen bere familia.

“Baina dena ez da erraza izan”, Armandok elkarrizketaren norabidea aldatu du. Haiek ere —euskal preso politikoek kartzelarekin harremantzeko modua azalduta— gunea konfrontaziotik eraiki dutela dio. “Espetxezain batzuk oso gogor jokatu dute gure proiektuaren aurka, eta espetxezain berri bat iristen den bakoitzean lortutako baldintzak zalantzan jartzen ditu. Benetako borrokak eduki ditugu gure dinamikak errespeta zitzaten. Guk ere jasan dugu Euskal Herriko kideek duten erregimen gogorra, eta horietara itzularaztearekin mehatxatu gaituzte askotan, baina tinko eutsi diogu gure posizioari proiektua eta autonomia mantentzeko. Izan ere, autonomiarekin dauka zerikusia; preso egonda ere, ea nola hausten ditugun ezarri dizkiguten barroteak kartzela barnetik”.

Kartzelako paretak zabalduz

Hasiera batean beren papera gobernuarekin bitartekari izatera mugatzen zen arren, laster hautsi zuten horrekin. Jairok azaldu du duela lau urte eta erdi, haiek heldu zirenean, lantalde bat osatu zutela Cuellarren gidaritzapean. “ELNko kide ziren pertsonekin talde bat osatzea zen ideia. Herrialdeko hamaika txokotatik gatoz, Antioquia, Santander, Arauca, Boyacá, Cauca… Hain zuzen, herrialde osoko erakunde eta mugimendu sozial eta komunitarioekin harremanak egin eta lan dinamikak abiarazi nahi ditugu. Egiten dugun guztia gure proiektu iraultzailearen arabera egiten dugu”, azaldu du Armandok.

Kolektiboko kideak gitarra jotzen. Txuriz Armando, arrosez Cuellar, eta hondoan grisez Jairo.

Beren egiteko nagusia herrialde guztiko dinamika soziala ehuntzea da, paradoxikoki, kartzelatik: “Zubiak eraikitzen laguntzen dugu, erakundeek beren lanak artikula ditzaten”. Izan ere, hor ikusten dute dinamika sozialaren hutsune nagusietako bat. Langileak, irakasleak, nekazariak, indigenak, afroamerikarrak… bakoitzak bere borroka propioa dauka, eta elkarguneak topatzeko zailtasunak dituzte. “Lantzen eta garatzen joan garen proiektuak trazatu ditugu, eta horrek elkartzeko aukera eman digu. Hala, bake koiuntura honetan dinamika sozialak behar duen herri bloke handi hori eraikitzen saiatzen ari gara”.

“Kanpoko bizitzan urteetan topo egin ez duten pertsonek hemen elkar ikusi dutela, esanguratsua da. Bizitza eromen bilakatzen da kanpoan, batez ere hirietan, pertsona bat bere ingurunetik, testuinguru politikotik atera arte”, azaldu du Jairok. “Jendea hona dator, modu formalean biltzen dira, ongi egituratutako parte-hartzeak egiten dituzte, eguneko ordenarekin, aktak, eta ateratzerakoan bakoitzak taxia hartzen du bere etxera beste bilera batean topo egiten arte. Horraino iristen da politika”.

Jairoren hitzak azaldu eta sakontzen ditu Armandok: “Hemen barnean egoteak politika egiteko moduak berrikusteko aukera eman digu. Politikoa lantzea gai zehatz batzuetan jardutea dela sinestarazi digute, eta ahaztu egin zaigu gure bizitza osoa politikak zeharkatzen duela. Horixe da sistema kapitalistaren logika, modernitatearen logika, zatitxotan banatzea. Nire izatea, subjektu bezala, zatitxotan banatzea egunerokoan. Bizitza partikularizatu digute, elkar ulertzea eta arazoen korapiloak askatzea posible egiten duten loturak hautsi dituzte”.

Teoria politikoaz mintzo da Armando. Kanpamentuko eta kartzelako bizitzan formakuntzari ordu asko eskaini izan dizkiote. Kanpamentuko bizitzan egunero ordu bat eskaini behar diote formakuntzari, eta Bellavistako kartzelan egoteko ezinbesteko baldintza da formakuntzarekin jarraitu nahi izatea.

Teoriaz hitz egiten baina, Armandok dio kartzelak balio izan diela irakurritakoa ulertzeko. “Hori hemen ulertu dugu –dio aurrekoarekin jarraituz-. Ekarpen intelektual horiek guztiak oso garrantzitsuak dira, noski, baina hausnarketa horiek hemen egin ditugu. Kanpoan, gerrillarien bizitzak ezartzen digun erritmoarekin ezinezko zaigu gauza horietaz hausnartzea, baina hemen egoteak horretarako laguntzen digu. Kanpoko eta hemengo esperientziei esker, iraultzaren barnean hartu ditugun rol eta pautak aztertu ahal izan ditugu. Sistema hau hausteko modu bakarra kapitalismoak eta modernitateak ezarritako jarduteko pautak haustea da, eta gure logika propioak eraikitzea”.

Kartzelan egoteak gerrillari armatu bezala jardutea eragotzi badie ere, zeregin iraultzaileareakin jarraitzeko aukera aurkitu dute kartzela barruan. Paradoxikoki, Camilo Torres Preso Politikoen Kide hauei kartzelan egoteak eman die herri mugimenduarekin ehuntzeko aukera paregabea; eta ez diote aukera horri uko egingo: “Ezinbesteko zaigu herri mugimenduarekin batera aritzea, ezin dugu albo batera utzi. Camilo Torres Preso Politikoen Kolektibo bezala, hori da gure esentzia. Ez dugu inolaz ere artikulazio hori hauts diezaguten utziko”.

Kanal hauetan artxibatua: ELN  |  Nazioartea  |  Kolonbia

ELN kanaletik interesatuko zaizu...
2017-06-11 | Xuban Zubiria
"Multinazionalek ahal duten guztia egingo dute bake akordioa bete ez dadin"

SAT sindikatuak gonbidatuta bi hilabete igaro ditu Luis Plaza Velez sindikalista eta irakasle kolonbiarrak Espainiako Estatuko sindikalismoa aztertzen. Euskal Herrira egindako bisita baliatu dugu Kolonbiaren gaurkotasunaz galdetzeko.


2017-05-03 | Unai Aranzadi
Kolonbia ikusezina
MULTIMEDIA - dokumentala

Edozein gatazka konpontzeko horren arrazoiak ezagutu behar dira, zergatik ez ote dira Kolonbiarenak ezagutzera ematen? Santos presidenteak nazioarteko proiektu erraldoi baten inaugurazioan xanpaina edaten duen bitartean, handik gertu, proiektu horren erruz lekualdatutako haurrak hiltzen dira. Gerrillaren buruetako bat hil dutela esaten du Reyes jeneralak, baina ordu gutxira, indigenen buru zela onartzen du. Hiru haurren bortxaketagatik eta hilketagatik auziperatutako militarren kasua ikertzen... [+]


ELN eta Kolonbiako Gobernua prest dira gizartea hirugarren solaskidetzat duen negoziazio mahaia ezartzeko

Hiru hilabeteko atzerapenarekin bada ere, hasi dira ELN Nazio Askapenerako Armada eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketak. Oztopo handiak gainditu behar izan ditu prozesuak, eta duela hilabete haustear zegoela zirudien arren, aurrera egitea lortu du.


Kolonbiako Gobernuak lehen kolpea ELNri mahaian eseri aurretik

Gobernuak mahaiaren ezartzea atzerarazi du herri mugimenduei azpijokoa iruditu zaien arrazoi batekin eta ELNrentzat berebizikoa dena mugatzea lortu du momentuz: gizartearen parte-hartzea.


Mahaia ezarri ere egin gabe, Kolonbiako Gobernuak jada eman dio lehen kolpea ELNri

Gobernuak mahaiaren ezartzea atzerarazi du herri mugimenduei azpijokoa iruditu zaien arrazoi batekin eta ELNrentzat berebizikoa dena mugatzea lortu du momentuz: gizartearen parte-hartzea.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude