Makrokartzela proiektua

Zubietako tatuaiak

  • Kartzelarik onena kartzela ez dena da, kantatu zuen bertsolariak, eta kartzelarik gabeko mundu bat eskatu zuen zorionekoa kartzela zigorrera kondenatu zuten. Ez dugu maite, edo hori diogu ahopeka, baina behar dugula uste dugu. Hauxe da egun kartzelari buruz sozietateak, oro har, egiten duen gogoeta. Alternatibarik ikusten ez dugula onartuta, auziari garrantzia kentzen diogu eta kartzela mendekua dela ahazten zaigu. Ondorioz, hura gutxiesteko joera handia dago.

Markel Ormazabal
2017ko apirilaren 02a
Euroestudios SL-ren proiektuko fotomuntaketa bat.
Euroestudios SL-ren proiektuko fotomuntaketa bat.

Sozietateak ez du espetxeetako errealitatearen arrastorik. Sozietateak uste du plasmako telebistak eta igerilekuak dauden espazioa dela kartzela eta jendea kalean baino hobeto dagoela barruan krisi garaiotan. Hori da estereotipoa.

Protesta artean hasiko dituzte Zubietan errauste planta egiteko lanak, eta aldiz, oharkabe doaz ehun metrora eraiki asmo duten bigarren izugarrikeriaren asmo eta esleipenak. Zubietako makro-kartzelaz ari gara, Norte III izenarekin bataiatu duten proiektuaz. Irudi erraz bezain makabroa duen metafora, EHUko Soziologiako doktore eta Salhaketako kide Cesar Manzanosek adierazi bezala. Badugu hitzak leunduz errealitatea ere leundu egiten dela sinesteko halako premia. “Zentro eredu” deitu diogu pertsonak errausteko labe honi, eta bertan pilatu, deslai utzi eta erreko ditugu zaborra balira bezala ehunka lagun, egin berri dituzten beste kartzeletan gertatzen den antzera.

Martxoaren 31 eta apirilaren 2 artean Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan egingo den Tatto Circus-Espetxeen aurkako topaketak jarri gaituzte egitasmo zahar-berri honen atezuan. 2013an lanen esleipenak eginak zituen baina PP Espainiar Estatuko gobernura heldu zelarik stand by geratu zen proiektuak, hautsak arrotzeko abiadura hartu du. Zubietakoaz nahiz halako eraikuntzak bultzatzen dituzten negozio logikez aritzeko solasaldia antolatu dute aipatu topaketen baitan, apirilaren 1ean, 11:30ean: “Zubieta, edo burtsan kotizatzen diren kartzelak”.

“Kartzela erraldoien” gizatasuna

2006ko otsailaren 23an, kartzela erraldoiak kentzeari buruzko legez besteko proposamen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarreko gehiengoak. Proposamenaren laugarren atalak eskari zuzena egiten zion Espetxezaintzako Zuzendaritza Nagusiari: Euskal Autonomia Erkidegoan Zubietakoaren gisako zentroak eraikitzeari utzi eta lurralde historiko bakoitzean Gizarteratze Zentroak zabaltzeko lanak bizkortzea. 2015eko azaroan, baina, Donostiako alkate Eneko Goiak “desengainua hartu” eta “haserre” agertu zen hedabideen aurrean kartzelaren eraikitzea “beste behin atzeratu” zelako.

Ez Zubietan, ez Gipuzkoan, halako kartzelarik ez da behar inon. Baina gure kontzientzia hebainduek kontrakoa sinetsi nahiko dute, erosoa baitzaigu gizatasunaren diskurtsoa: “Martuteneko kartzelaren baldintzak txarrak dira eta baldintzok presoek sufritzen dituzte. Hortaz, ez da bidezkoa horrelako instalazio bat izatea eta, ondorioz, ezinbestekoa da –eta, beraz, lehentasunezkoa– kartzela Zubietara eramatea”, esango du Goiak. Eta kartzela zaharkituek agerian dituzten gabeziak emendatu beharrez bestelako galderak errefusatuko ditugu.

Eskuzaitzeta mazelan 28 hektareako sailean kokatuko den kartzelak 55.392 metro koadroko azalera izango du; aurrez uste zena baino gehiago, hastapenetako proiektuak aldaketak izan baititu. Proiektu berriak ez du bost urte atzera diseinatutakoak aurreikusitako ez igeri-leku estalirik, ezta plasmako telebistarik ere, hauek “premia-gabeko eta handinahiko elementuak” direlakoan, Jorge Fernández Díaz Barne ministro zenaren hitzen errepikan. “Luxurik” gabeko eraikinak 1.100 lagun jazartzeko gaitasuna izango du, sei modulu eta 508 zigor-gelatan, bi ohatzekoak gehienak, beste 80 osagarrirekin (hauetarik 24 isolamenduan).

Minaren negozioak

Zubietakoa justifikatzeko beharren inguruko ikerketarik ez zegoen 2012an, urte bereko martxoan kartzelaren aurka agertu ziren zenbait eragilek ezagutarazi zutenez. Kontrara, orduko datuen irakurketa azalekoak agertzen du kartzela-zigorra bete beharrean diren gipuzkoarren edo lurraldean erroldatuak diren pertsona kopuruaz ezaxola diseinatu proiektua dela. Hau da, kartzela beteko luketen pertsonen gehiengoa ez litzateke herrialdekoa, 2012an Gipuzkoa bizileku zuten presoak 600 inguru baitziren, eta paradoxa makabroan, horietatik gehienak zigorra herrialdetik kanpo betetzen. Bost urte igaroak direla ikerketarik ez dago oraino.

Eraikuntza proiektua fini da, 2015eko uztailean Euroestudios S.L. enpresari esleitu zioten erredakzio lanak sei hilabeteko epean funditzeko. 2016az gerora Barne Ministerioaren meneko SIEP (Sociedad de Infraestructuras y Equipamientos Penitenciarios) eraikuntza lanak esleitzeko Zigor-Erakundeek agindua noiz emango zain aurkitzen da. Azken kostua zein izango den jakiteko dagoen arren, gaur-gaurkoz kartzela berriak 91,4 milioi euroko kostua izango du. Akaso diru eta zifren dantzarekin, halako batean, Zubietako kartzelaren proiektua zerk hauspotzen duen galdetuko dugu. Galderaren harian, Goiak esango du eraikuntza lanen atzeratzea oso albiste txarra dela eta segidakoa gogorarazi: “Baldin eta Txomin Enea bada hiriak duen apusturik garrantzitsuena etxebizitzak zein etxebizitza babestuak egiteko, kartzela Zubietara eramateak baldintzatzen du gune horren garapenaren bigarren zatia”. Ezer gutxi du ikustekorik kartzela-sistema gizatiarrago batekin edo sistema bera “zuzenbidera egokitzeko” beharrarekin.

Estu lotu izan du mendebaldeko iruditeria kolektiboak tatuaia, lehenik zigorrarekin oro har, eta zehatzean kartzelarekin aro modernoetan. Ez alferrik, itsas jendeak asmaturiko praktika dugu eta jakina da legearen ihes egiten zuela itsasora ez lagun gutxik. Orbainak eta zauriak, gatibu hartu dituen gorputzetan ez eze, kartzelak tatuaia berria egingo du aurki lurraldeko gorputz sozialean, aurrez Norte I izenekoak egin bezala, Arabako eraikinik handiena den horrek.


Azpiegitura handiak kanaletik interesatuko zaizu...
AHT eraikitzeko diruaren %30 Espainiako hiru multinazionalek bereganatu dute

Euskal Y delakoaren esleipenetan Isolux-Corsan, Acciona eta ACS konpainia espainiarrak dira gehien jaso dutenak. Euskal jatorriko enpresak atzealdeko bagoietan geratu dira.


Zubietako erraustegiaz eztabaida publikoa eskatzeko sinadurak biltzen ari dira

Andoaingo Ipar Haizea plataformak Change.org plataforman sinadura bilketari ekin dio, Zubietako erraustegiari buruz ETBn eztabaida publiko garbia eskaini dezaten. Azaroaren 20ko ilunabarra arte 3.853 herritarrek sinatua zuten eskaria.


2017-11-20 | Miren Osa Galdona
Manifestazio jendetsua Donostian metroari ezetz esateko

3.000 pertsona inguru elkartu dira Donostiako metroaren egitasmoari aurka egiteko. Larunbatean izan zen protesta “Stop metroari, inposaketarik ez” lelopean. Satorralaia bizilagunen mugimenduak antolatutako ekintza izan zen, proiektu “xahutzailea, inposatua, eta behar gabekoa” dela salatzeko.


2017-11-16 | ARGIA
Donostiako metroko obren hasiera gelditzeko: laranja zukua... eta manifestazioa

Gosari batekin egin die "ongi etorria" Satorralaia herritar taldeak Donostiako metroko obrei. Larunbatean manifestazioa egingo dute Antiguatik Alderdi Ederreraino.


2017-11-15 | Unai Brea
Donostiako Metroaren lanak geldiarazteko mobilizatzera deitu dute

Donostiako Metroaren lanak aste honetan hastekoak dira, eta egitasmoaren aurkako hainbat mobilizazio antolatu ditu Satorralaia mugimenduak. Ostegun goizean aldarrikapen gunea paratuko dute azpiegituraren lanak hasiko diren tokian, eta larunbaterako manifestaziora deitu dute.


2004an errausketa justifikatu zuen doktoreak darama orain Biodonostiaren ikerketa

Jesus Ibarluzeak 2004an Incineración de residuos urbanos y salud pública ikerlanean zioen ez dagoela errausketaren arriskuen ebidentzia zientifikorik, eta geroztik agiri hori erakutsi dute Zubietako erraustegiaren sustatzaileek osasun aldetik egia nagusitzat.


2017-11-13 | Andoni Mikelarena
"Tosuko obra atzeratzen dugun egun bakoitzeko, gertuago dago proiektua geratzeko aukera"

Larunbatean Ibarbengoako parkingaren aurkako manifestazioa egin zuten Getxon. “Pozik” agertu dira antolatzaileak herritarren erantzunarekin.


Pasaian agerian utzi dute zertara daraman borondatezko edukiontzien sistemak

Pasaiako Udalaren hondakinen kudeaketarekin kezkatuta dauden herritar batzuek errefusarako kontainer bat hustu eta aztertu dute Pasai Antxon. Barrenean zeraman gehiena birziklagarria zela erakutsi dute: benetako errefusa %11,29 besterik ez zen eta, aldiz, organikoa %64,2. Bideoz zabaldu dute ekintza.


2017-11-08 | Andoni Mikelarena
Esako lanak geratzea planteatu du Nafarroako Gobernuko lan talde batek "segurtasuna" bermatzeko

Asteartean aurkeztu zuten Esako urtegiaren egoeraren inguruko txostena. Gobernua sostengatzen duten lau alderdiak keztatuta agertu dira.


EH Bilduko hautetsiek salatu dute Intxaurrandieta eta Errazkinen auziperatzea

Buruntzaldeko eta Debagoieneko EH Bilduko alkate eta zinegotziek –legealdi honetakoek eta aurrekoek– agerraldi publikoetan salatu dute 2013an Zubietako errauste plantaren kontratua eteteagatik orain EAJk eta PSEk auzitara eraman dituztela Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko orduko lehendakaria eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua, alderdi horiek elite ekonomikoekiko duten mendekotasuna eta beren mendeku gosea agerian utziz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude