argia.eus
INPRIMATU
Maider Lopez
Errealitatearekin jolasean
Xabier Gantzarain @gantzarain 2017ko martxoaren 30
Iturriak (2016). Instalazioa espazio publikoan.

2015eko udazkenean, 40 urterekin, etxera bueltan zen Maider Lopez (Donostia, 1975eko martxoaren 22a), erakusketa zeukan Koldo Mitxelenako aretoan, azken hamar urtetako lanen halako errepaso bat. Ez atzera begirakoa inondik ere, baina bai bere lanak harremanetan jartzeko modua, osotasun batean ikusteko, konstanteak antzemateko, jaidurak nabaritzeko.

Hauxe idatzi zuen Fulya Erdemcik: “Gauzen ordena zertxobait aldatzen, mugitzen edo alteratzen denean gertatzen dena ikusaraziko digu Maider Lopezek. Eguneroko bizitzarekin, inguratzen gaituzten espazioekin edo pertsonen arteko harreman arruntekin loturiko xehetasun txikien bitartez, gure begiak gauzen egiturara edo ordenara zuzenduko ditu. Hala, guztiak direla ahulak eta beste modu batera ere izan litekeela ulertaraziko digu”.

Ataskoa sortu zuen Intzan, toaila gorriz bete zuen Itzurun, futbol txapelketa bat antolatu zuen polderretan. Eraldaketa sinpleak denak ere, sotilak, baina ikusgarriak aldi berean. Gure errealitatea, hain egoskorra eta sendoa dirudiena, aldakorra eta arola da zeharo.

2016ko urtarrilaren 23an inauguratu zuten Iturriak, Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio-programaren barruan. Ondarretako jardinetan jarri zuen instalazioa artistak: kaletik erretiratutako 13 iturri.

Ez da ohikoa: Koldo Mitxelenako erakusketan, instalazioa bera jarri aurretik, Iturriak instalazioa prestatzeko erabilitako dokumentazioa erakutsi zuen artistak: zein ziren 13 iturriak, horiek kentzearen arrazoia eta urtea, bai eta haien kokapena zein zen ere.

Bestela neurtzen zailak diren kontuak dira: urbanismoak gure bizitzetan duen eragina, espazio publikoak jendea egiteko daukan ahalmena, pertsona eta kolektibo gisa nola eraikitzen gaituzten alegia.