"Jaurlaritzak muturreraino tenkatu du soka eta konfrontazio fasea ireki dugu"

  • 7-8 urte daramatzate Eusko Jaurlaritzari hezkuntzak bizi duen “egoera larria” mahaigaineratzen, urtez urte murrizketen eraginez okerrera egin duen egoera, baina ez duela negoziatu nahi kexu dira sindikatuak: “Modu kritiko baina eraikitzailean ekarpenak egiten saiatu gara, baina ez digute entzun ere egiten eta mahai guztietatik altxatzea erabaki dugu, muturreraino tenkatu dute soka eta konfrontazio fasea ireki dugu: kalera atera dugu gatazka”.


2017ko martxoaren 20an - 08:51

“Aspalditik krisia dute aitzakia, murrizketak betikotu nahi dituzte”

Aitor Idigorasen (Steilas) hitz horiekin bat dator Xabi Irastorza (ELA): “Beti berdina da aitzakia, aurrekontu jakin batzuk dituztela eta horrekin jokatu behar dela, baina hezkuntzara bideratutako inbertsioa 2009an baino 162 milioi euro txikiagoa da eta adibidez AHTra bideratutakoa orduan baino 280 milioi euro gehiago. Jaurlaritzak aditzera eman nahi du ez dela posible ezer egitea, eta ez da egia, badago margena. Aspalditik krisia dute aitzakia, estatu kolpe soziala emateko eta ongizatearen oinarri diren osasungintza eta hezkuntza kaltetzeko: murrizketak betikotu nahi dituzte”.

“Jaurlaritzak arazo politiko bat du hezkuntzan, eta aldebakartasunez ari da jokatzen”

Hezkuntzan murrizketak alboratu eta inbertsio publikoa handitzeko eskatu asmoz, greba eta mobilizazio eguna deitu dute Steilas, ELA eta LABek asteazken honetarako. “Elkarrizketara behartu nahi dugu Jaurlaritza, arazo politiko bat duelako hezkuntzan, eta aldebakartasunez ari da jokatzen, negoziaketaren ateak itxiz, eta ausardia faltaz, Espainiako Estatutik etorritako erreforma eta murrizketa guztiak aplikatzen dituelako, nahiz eta Euskal Herrian egon badagoen horrelakoei aurre egiteko nahikoa gaitasun, herri akordioak bultzatuz”, adierazi digu Aitziber Perezek (LAB). Nafarroan ez dute baztertu mobilizazioei ekitea, Foru Gobernuarekin irekitako negoziazioan “pauso esanguratsuak” ematen ez badira.

Murrizketen eta inbertsio beharraren gaia lehen mailara ekarri eta “mobilizazio fase indartsua eta jarraitua” antolatu nahi dute sindikatuek, egoerari buelta emateko. “Eskatzen duguna, azken finean, ez da ezer iraultzailea”, azpimarratu digu Irastorzak. Eskaera horien artean, besteak beste, hezkuntza publikoko plantilla handitzea, EAEn gutxienez  2.000 lagun gehiago eta Nafarroan 900; irakasleen behin-behinekotasuna %40tik %6ra murriztea; ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua %10 murriztea; ordezkapenak lehenengo egunetik egitea; eta bajak bere osotasunean ordaintzea. Horrekin guztiarekin batera, LOMCE eta Heziberri bertan behera uzteko ere exijitu dute.

EHIGE: “Ez dago Euskal Eskola Publikoaren aldeko apusturik”

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak bat egin du deialdiarekin eta mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu familiak: “Ez dago Euskal Eskola Publikoa sistemaren ardatz egituratzaile eta bateratzailea izatearen aldeko apusturik Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Eskola publikoaren beharrak ase gabe, itunpeko sarera desbideratzen dira urtero inbertsioak”, salatu dute.

Sortzen: "Inor atzean utziko ez dugulako"

"Haiek inposatu nahi duten uniformizazioaren aurrean aniztasunak aberasten gaituelako; haien elitismoaren eta lehiakortasunaren aurrean, kolektiboki heziz, inor atzean utziko ez dugulako; pedagogia askatzaileak bultzatuz; behetik gorako hezkuntza burujabetza praktikan jarriz; eskubide berdintasunaren balioa sustatuz; ikasle euskaldun eleaniztunak heziz; ikasleen behar afektiboa eta emozionalak kontuan hartuz; ikuspegi kritikoa duten herritar autonomoak helburu"; horregatik guztiagatik, Sortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkarteak ere bat egin du bai 22an sindikatuek eta bai 23an ikasle mugimenduak deitutako mobilizazioekin, eta horietan parte hartzera deitu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude