"Garrantzitsua da fabrikatu gaituenaz kontzientzia hartzea"

  • Historialaria da Sentis. Historialaria, aktibista, feminista eta lesbiana. Unibertsitatetik kanpo, nahiago du herri ikerketaren bidez historia ikertu, horizontaltasunari lotua. Emakume eta lesbianak ikusezin bihurtzeko mekanismoaz kontzientzia harturik, deseraikitzen eta beste historia bat idazten ari da. Bidea oraindik luzea izan arren, baikor begiratzen dio geroari ikerlari frantziarrak.

QueerCode (www.queercode.net) plataforma numerikoaren sortzaileen artean da Isabelle Sentis. Bigarren Mundu Gerlan emakume zisgenero eta transgenero lesbianek egindakoaren eta bizi izandakoaren berri ematea dute helburu. (Arg.: Caroline Barbarit)
QueerCode (www.queercode.net) plataforma numerikoaren sortzaileen artean da Isabelle Sentis. Bigarren Mundu Gerlan emakume zisgenero eta transgenero lesbianek egindakoaren eta bizi izandakoaren berri ematea dute helburu. (Arg.: Caroline Barbarit)

Emakumeak ez dira historiaren subjektu, are gutxiago lesbianak.

70eko hamarkadako emakumeen mugimenduak azaleratu zuen ikusezin bihurtzeko mekanismo hori. Historia emakumeengandik begiratzen jarri ziren. Gu ere horretan gabiltza, belaunaldi berri gisa, aitzinekoen ekarpenei gure perspektiba eta nozio berriak gehituz. Bidea luzea da, baina hobetuz doa egoera. Usu gu geu gara ikusezintasunaren eragile, deseraikitze kolektiboa zein indibiduala dugu oraindik egiteko.

Nola burutzen da ikusezintasuna?

Hasteko, bere arau erabat patriarkalekin frantses hizkuntzak ikusezin bilakatzen ditu gertakizun batean egondako emakumeak. Historialari eta militante batzuek ere memoriaren moldaketan parte hartzen dute, zapalkuntza-eskemak erreproduzituz.

Historien hierarkizazioa salatu ohi duzu.

Historia idazten duten instituzioek egin ohi dute, baina baita gertakizun baten arrastoak esku artean dituztenek ere. Gainera, lekukotasunik uzten ez duten ala oso gutxi uzten duten emakume anitz daude oraino, haien ustetan “baliogabea” edota “naturala” delako. Kontzientziaziorik ez izanki, historiak biltzen ari direnen partetik ez dira galdekatuak. Garrantzitsua da norberak bere kokaguneaz kontzientzia hartzea, fabrikatu gaituenaz kontzientzia hartzea. 

Coming out-ak badu garrantzia.

Heterosexismoaren aurka borrokatzeko ezinbesteko armak ditugu goraki errate horiek. Historia idaztean, sindikalista ala antifaxista bat lesbiana zela zehaztu eta “zergatik diozu hori?” galdetu ohi digute. Ez dira ohartzen esaldi horrekin etengabean produzitzen ari garen heterosexismoari oztopo egiten diogula. Hala ere, neurriz nabil, ikusirik 40-50eko hamarkadetako emakumeek ez zutela “lesbiana” hitza erabiltzen. Hizkuntza izugarria da, giltzatzen gaitu, zapalkuntza-sistemaren eskuetan da.

Izaera heterosexuala, haatik, sistematikoki planteatzen da.

Heterosexualek ere dute heteronormatibitatearen kontra borrokatu behar. Historia aztertzean jendeen arteko harremanei so egiteko joera bada. Hor ere normak diktatu harremana da  kontuan hartzen, beste forma bat duten harreman amoros, afektibo, erotikoak ezabatuak dira. Kontu pribatutzat hartuak dira, edo epaitzen dira, edo ez dira aipatzen. Pribatua politikoa dela ohartarazi behar dugu oraino, matrize horien deseraikitzea ez delako egina. 

Beste historia batzuk ditugu historia ofizialaren bazterrean. LGBTentzat ere horrela dea, jakinik luzaz eta oraino anitzek dutela haiena isiltzen?

LGBTen historia bat badela erran nezake. Intimoarekiko harremana ezberdina izaten da kulturen arabera. Frantziari dagokionez, adierazteko bidean oraindik egitekoa bada. Baina haiena bizitzeko borrokak eta sareak egin zituztenak ere badira. Horien berri ukaiten hasten gara, armairutik ateratzen hasten dira. Sentsibilizazio lan handi baten emaitza da. Bere homosexualitateari buruzko testigantza plazaratu zuen Pierre Seel laguntzeko aukera ukan nuen. Solas homofoboez sumindurik, lekukotasuna emateko urratsa egin zuen. Homosexuala izateagatik deportatua izan zen 1941ean. Bizirauteko estrategia gisa, bikote heterosexual batean bizi izan zen. Urteak eta elementu askatzaile berezi bat behar izaten dira urratsa emateko.

Batzuek diote ez zela homosexuala izateagatik nehor deportatu Frantzian.

Konplexua da afera. Sexualitateei buruzko soak konplexuak dira. Foucaultek zioen gisara, dena da behatua, normak daude, kodeak, debekuak... Gerla garaian sexualitateak traumatikoak izan daitezke, bortizkeria anitz delako. Bizirauteko estrategiak planteatzen dira. Tabuak ere badaude, ahantzi edota gorde nahi diren bizipenak. Aitorpena nola egin, galdera hori ere hor da. Gainera, errealitate ezberdinak ziren, herritartasunaren eta egoera politikoaren arabera. Ehun bat gizon lirateke deportatuak izan homosexualitateagatik. Beste batzuk pertsegituak izan ziren homosexualak izateagatik eta deportatuak beste arrazoi batengatik.

Lesbianei dagokienez, zer dakigu?

Estatuek ideia argia zuten: ezer ez erratea, ez existitzeko gisan. Austriak zigortu zuen emakumeen arteko homosexualitatea, beste herriek ez. Lesbiana beste arrazoi batzuengatik zen pertsegitua: “asoziala” zelakoan, “moralitatearen izenean”, familiaren baloreekin ez zelakoan bateragarria. “Lesbiana” hitza inoiz ez zen agertzen, baina errepresio-mekanismoa hor zen.

Morala zabala eta partziala da.

Ikaragarrizko errepresioa zen, hitz batzuei segiz presio ikaragarria burutzen zutelako. Garaian erditzen zen emazte heterosexual ezkondua zen norma, besteak zigortzekoak ziren. Historia hori idazten ari gara. Funtsean, QueerCode gune numerikoan biltzen ari gara Bigarren Mundu Gerlan emakume zisgenero eta transgenero lesbianek bizi izandakoa. Zaila dugu, artxibo iturri anitz ez direlako gehiago existitzen eta lekuko gehienak zenduak direlako.

Ikusezintasuna beti eta beti

“Bigarren Mundu Gerlan ekialdeko Pirinioetan izandako erresistentzia gune bati buruz egin zuen ikerketa historialari gazte batek, duela bospasei urte. Emakume batek beste emakume batzuentzat sortu gunea zen. Kasu honetan emakumea lesbiana zen, historialariak bazekien. Alta, inoiz ez du lesbiana identitatearen berri eman. Ikusezintasuna erreproduzitzen zebilen historialari horrek errabiatu ninduen! Kasik lotu nintzen berriro historia ikasketei”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


Eguneraketa berriak daude