“Baserriaren alorrean badaude lehentasunezko bi kolektibo, gure ustez: bata emakumeena da, eta bestea gazteena”. Alazne Intxauspe Elola gazte baserritarrak azaldu digu elikadura burujabetzaren inguruan jarduten duten hainbat eragilek (EHNE Bizkaia, Mundubat, Veterinarios Sin Fronteras, Bizilur eta Emaus) bultzatutako azterketaren abiapuntua: sektorean hasi berri diren eta agroekologian diharduten gazte baserritarren egoera ezagutzea, baita bidean dituzten traba nahiz zailtasunak azaltzea ere.
Ikerketa ekintza parte-hartzailea
Gazte baserritarrak izan dira azterketa aurrera eraman dutenak: “Gehienetan ikerlari bat izaten da azterketa egiten duena, eta honek nahitaez bere optikatik egiten du azterketa hori”. Ikergalderak ere ekimeneko parte-hartzaileen artean zehaztu dituzte, Intxauspe prozesuko kideak azaldu digunez. Zailtasunak ere izan dituztela aitortu digu, hala ere: “Baserritarren parte-hartzea egunerokotasunean mantentzea ez da erraza, eta horrekin arazoak izan ditugu”.
Parte-hartzaileen artean, batik bat Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak elkartu dira, 20-40 urteren bueltan dabiltzan gazte baserritarrak. Batzen dituen ezaugarria, adina baino, sektorean denak hasi berriak direla izan dute, sartze prozesuan dabiltzala guztiak, bakoitza bere eran.
Prekarietatearen aurrean elkartzeko beharra
“Prekarietateaz hitz egitean, denoi burura etortzen zaiguna prekarietate ekonomikoa da. Gazte baserritarren kasuan, ordea, prekarietateak hiru aurpegi dituela ondorioztatu dugu”, azaldu digu Intxauspek. Lehenik, aipatutako prekarietate ekonomikoa: inbertsioak egin beharra, laguntza ekonomiko falta, lurrak lortzeko zailtasunak, eta abar. Bigarrena, antolaketako prekarietatea: era kolektiboan eta elkarlanean jarduteko zailtasuna. Eta hirugarrena, prekarietate emozionala: “Amari, aitari, edo lagunei lehen sektorean sartu behar dugula kontatzean, erotzat hartzen gaituzte, bitxiak gara denentzat”.
Nola eman buelta prekarietate horiei guztiei? Ikerketan ateratako ondorio nagusia, sarea jostearen beharra izan da: “Gazte baserritar hasi berrien arteko era guztietako sareak sortzea behar dugu: pote batzuk hartzeko, makinaria konpartitzeko, merkatu bat osatzeko, lanerako… ”. Gazteak aktibatzeko eta motibatzeko, azken batean.