“Merleau-Pontyk asko inpresionatu zuen Rikardo Arregi”. Horixe irakur daiteke Joxe Azurmendiren Oraingo gazte eroak lanean. Halako zirrara bat eragin zidan. Ez dakit zehatz zergatik, agian oraindik batzuek (Marina Garcés filosofoak, esaterako) errebindikatzen duten autore ez bereziki kanoniko bat gure 60ko hamarkada hartan garaikideki irakurtzen zelako. Rikardo Arregi, kazetaritza sariketaz harago, ezagutzeko beharra dator jarraian.
Zergatik ez hasi Politikaren atarian, lehen liburu, postumoarekin. “Zientzia politikoaz egiten den euskarazko lehendabizikoa da”, autorearen hitzetan. “Besteak ikasi dutena guk ere ikasi ta gerekasa pentsatzen” hasteko gomita. “Atari bat izateko asmoa du liburu honek”: lehenik politika hitzari buruzko argibideekin; politikologiaz mintzo den bigarren zati batekin; azkenik zenbait filosoforen teoria politikoen laburpenak ekartzeko: Platon-Aristotele, Montesquieu, Hobbes eta beste, guztira zortzi –pena da Merleau-Ponty ez egotea–. Autoreez gauza bitxiak irakur daitezke: “Montesquieu-ri bere liburu guzietan gizon zoriontsu bat bezala azaltzea gustatzen zaio”. Baina, oro har, gaur egunean erreferentziazko diren pentsalariek erabiltzen dituzten ideiak: “Ekonomiak politika baztertu ta bigarren maila batean jartzen du”, adibidez, Michel Onfrayk dio hitzez hitz, Politique du rebelle izenekoan.
Lur argitaletxearen sail berri bat abiatu zuen liburuak. Rikardo Arregiren beraren ideia izan zen saila: “100 bat paiako liburuxkak ateratzea, dibulgazio eran, gaurko kulturari buruzkoak”; “ez ditezela izan, mamiaren aldetik, pauso bat atzera gaur eguneko euskal kulturaren egoeran”. Ezein baliabide baztertu gabe helburu horretarako (“Plajiatzearen beraren beldur ez gara izanen”). Liburuak dakarren hitzaurre mamitsu batean bildu ziren ideiok, “Euskal liburu-gintzaren problematika”, zeinari Martin Ugaldek ia garrantzia gehiago eman zion 69ko kritikan, segidan datorren testuari baino.
“Ibiltzen ausartu behar dugu, eta behin emandako pausoak ez kanonizatzen”. Rikardo Arregiren lehen irakaspena genuke hori, Joxe Azurmendik Herriaren lekuko, bigarren liburu postumoan dioenaren arabera: “Herria hezi nahi zuen Rikardok, eta hezi ere maisu bezala ez baino solas eta lankide bezala gehiago. Hezi, hots, ez propaganda egin bakarrik. Ezta irakatsi bakarrik ere. Rikardok lanaldi baten hasieran lan egin zuen: eginkizuna eta dinamika utzi dizkigu, eta hortxe dago bizirik Rikardo”. Joseba anaiak ere aitortu zion, ETBko ekinaldi batean: “Gu denon artean azkarrena zen” –eta badu meritua, Joseba bera oso azkarra izan baita, besterik ez bada jakaz aldatzen–. Azurmendirekin, amaitzeko: “Gu haren atzetik gabiltza, baina jadanik hura baino aurrerago”. n
Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]