Washington, 1867ko martxoaren 30a. Gaua negoziaketan eman ondoren, goizeko 4:00etan, Errusiak Alaska saldu zien AEBei 7,2 milioi dolarren truke. Eremu zabal izoztuak 1,5 milioi hektarea ditu eta, horrenbestez, 4,74 dolar ordaindu zuten kilometro koadro bakoitzeko. Une hartan 2.500 kolono errusiar bizi ziren han, jatorrizko 10.000 biztanle errusiar jurisdikziopean zeuden eta, horiez gain, beste 50.000 aleutiar, inuit, inupiaq, yupik... bizi zirela kalkulatzen da. Salerosketa Andrew Johnson presidenteak sinatu zuen, eta senatuak berretsi. Transferentzia zeremonia urte bereko urriaren 18an egin zuten eta 7,2 milioiko txekea 1868ko abuztuaren 1eko datarekin jaulki zuten.
Lurraldea saltzeko ahaleginak, ordea, lehenago hasi ziren, 1850eko hamarkadan. Errusiar Inperioak zailtasun ekonomikoak zituen, Alaskako lurraldea militarki defendatzea ez zen erraza eta britainiarrek erraz hartuko zuten beldur ziren. Alaska merke salduta ere, zerbait poltsikoratuko zuten. Bestela, kolonia ezeren truke galtzeko arriskua handia zen. Gainera, ordurako, Alaskako igaraba populazioa ustiatuta eta ia agortuta zeukaten.
Alexander II.a tsarrak Alaska britainiarrei eskaini zien lehenik. Ziurrenik, haren asmoa britainiarren eta estatubatuarren arteko liskarrak areagotzea zen eta, hala, bi potentziak ahulduta, Errusiar Inperioaren posizioa indartuko zen. Baina britainiarrek ez zuten interesik agertu eta 1859an AEBei egin zieten eskaintza. Beste ezezko bat jaso zuten, Washingtonentzat une hartan Gerra Zibila pizteko arriskua lehentasuna baitzen.
Errusiarren asmoa ez zen makaldu, eta AEBetako Gerra Zibila amaitutakoan negoziaketak berrabiarazi zituzten. 1867ko martxoaren hasieran eseri ziren William Seward AEBetako estatu idazkariarekin. Hilabetea amaitzear zela itxi zuten tratua.
Erosketa errentagarria izan al zen AEBentzat? Adituak ez datoz bat erantzunean. David R. Barker ekonomialariaren ustez, Alaskan bildutako zergek ez dute sekula gainditu salerosketaren eta lurraldea gobernatzearen kostua. John M. Miller-en iritziz, Alaskako petrolio baliabideak ustiatu zituzten enpresek ez zuten inbertsio izugarria berdintzeko irabazirik izan. Scott Goldsmith eta Terrence Cole ez datoz bat ondorio horiek ateratzeko irizpideekin, eta barne-produktua kontuan hartuz gero erosketa bikaina izan zela diote; kalkulu baikorrenen arabera, 50 urtean estatubatuarrek 100 aldiz irabazi omen zuten lurraldeagatik ordaindutakoa.
2014ko martxoan, “Alaska Errusiara itzuli” mugimenduak 35.000 sinadura bildu zituen. Ez zitzaien bururatu Alaska jatorrizko biztanleei itzuli behar zitzaiela eskatzea.