Desagerrarazitako hizkuntza pizten hasi dira

  • El Salvador eta Hondurasko lenkera hizkuntzaren gainean mintzatu zen Alan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) hizkuntzalaria Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean martxoaren 15ean, Hitz Adina Mintzo zikloaren barnean. Aski berezia zaigu lenkeraren egoera, Kingek esandakoaren arabera XX. mendean desagertu baitziren azken hiztunak. Inondik ere, espainiarrek Honduras eta El Salvador zapaldu aurreko talde etnikorik handiena dira lenkak. Gizarte aurreratua zen, Los Naranjos eta Yarumela hirietako azpiegiturek erakusten dutenez.

“Jende borrokalaria da Honduraskoa, bizi diren inguruko baliabide naturalen defentsa gogorra egiten dute –defentsa horretan nabarmendutako ekintzailea, Berta Cáceres, iaz tiroz hil zuten–, sentsibilitatea dute eta ‘guk ere hizkuntza berreskuratu nahi dugu
“Jende borrokalaria da Honduraskoa, bizi diren inguruko baliabide naturalen defentsa gogorra egiten dute –defentsa horretan nabarmendutako ekintzailea, Berta Cáceres, iaz tiroz hil zuten–, sentsibilitatea dute eta ‘guk ere hizkuntza berreskuratu nahi dugu!’, esan zuten”. Argazkia: Honduprensa.

Lenkera hizkuntzari dagokionez, El Salvadorren, nagusiki bi hizkuntza hitz egiten zituzten bertan sortuek: batetik, nawata, mendebaldean; bestetik, lenkera, ekialdean. Hondurasen ere hitz egiten zuten lenkeraz. Bi hizkuntza dira, oso ezberdinak, nahiz eta familia berekoak izan El Salvadorko lenkera eta Honduraskoa. Eta, ezaugarri bat, euskararekin partekatzen dutena: “El Salvadorko eta Hondurasko lenkera hizkuntzek osatzen duten familia euskara bezain bakartua dago munduan”.

Hondurasen hizkuntza zabalduena zen lenkera, ez du ordea, oraingo egunera arte bizirik iraun. “Inork ez daki lenkeraz mintzatzen. Duela 30-50 urte desagertu ziren azken hiztunak. Denbora franko galarazi dit horrek. Batera joan, bestera joan, eta han edo hemen lenkeraz hitz egiten zuen baten bat bazela esaten zidaten. Joan, eta inork ez zuela lenkeraz hitz egiten!”, esan digu Alan Kingek.

Lenkera-aztarna apurren bila

Lenkera hiztunek ez zuten lenkeraz idatzi izan, baina, hala ere, zenbait dokumentu zaharretan hitz zerrenda bakanak aurkitu dituzte hizkuntzalariek. Hizkuntza galdurik ere, bertan da bizirik herria. Alan Kingek esana duenez, zentzu etniko eta kulturalari dagokionez, nortasun kontzientziak ere bizirik irauten du haien baitan. Hizkuntza eskas, ordea, eta berreskuratzeko lanari lotu zaizkio. Konparazio batera, Hondurasko etniek hitz egiten dituzten hizkuntza guztien artean, lenkera da desagertu den bakarra. Bertakoek tragediatzat jo dute galera, eta zenbait elkartek eta erakundek hizkuntzaren aztarnak biltzeari ekin zioten. Neketan bildu zuten aztarnarik, hala XIX. mende amaieran nola XX.aren hasieran lenkerari arreta eman zioten ikertzaileek landutako dokumentazioa ez baitzen apurra baino gehiago. “Nawata aztertzen ari nintzela etorri zitzaizkidan lenkera hizkuntza berreskuratzen lagunduko ote nien galdezka, eta lehenengo, ezetz esan nien, hizkuntza desagertua baitzegoen! Hala ere, zer edo zer egiteko eskatu zidaten, eta nik txosten bat egingo nuela esan nuen. Baina uste baino gehiago luzatu nintzen, uste baino material gehiago bildu, eta beharbada zertxobait egin zitekeela esan nuen, hau da, hizkuntza berreraiki, hizkuntza nolakoa zen adierazi”. Gramatika egina du harrezkero.

Duela bi urte Herri Indigenen eta Afrohondurarren Hezkuntzarako Zuzendaritza Nagusiorde SDGEPIAHak jardunaldiak antolatu zituen, hizkuntza indigenen berreskurapena helburu, tokian tokiko hizkuntza eskolara sartzeko asmotan, Kulturarteko Hezkuntza Elebidun EIBaren programaren barruan. Hizkuntza horietan zen lenkera. Ordurako, Alan King hizkuntzalaria eta Jan Morrow El Salvadorren ari ziren, lenkera berreskuratzeko lanean. “Jende borrokalaria da, bizi diren inguruko baliabide naturalen defentsa gogorra egiten dute –defentsa horretan nabarmendutako ekintzailea, Berta Caceres, iaz tiroz hil zuten–, sentsibilitatea dute eta ‘guk ere hizkuntza berreskuratu nahi dugu!’, esan zuten. Horrela, Hondurasera deitu gintuzten Jan Morrow eta biok, El Salvadorren egiten ari ginen moduko lana Hondurasko lenkerarekin egin ote genezakeen galdezka”, esan digu Kingek.

Gramatikaren lehen atala

Hiztunik ez zuten, ordea, ezta hizkuntzarik ere. Eta nola sartu hizkuntza eskolara, haren deskribapenik ez bada? El Salvadorko lenkera aztertzen ari zela heldu zitzaion Kingi Hondurasko lenkera aztertzea. Oraingo egunean, Alan Kingek egina du lenkera ikasteko gramatikaren lehen alea: Primer Libro de Aprendizaje de la Lengua Lenca. Hizkuntza berreraikitzeko lanean, munduan bateko eta besteko biblioteka eta museoetan bildutako dokumentu historikoak baliatu zituen. “Ez zen material askorik, baina zerbait. Puzzle itzel bat egitea da desagertuta dagoen hizkuntza baten gramatika eraikitzea. Batzuek esaten dute hori ez dela posible, zalantzan jartzen dute –Euskaltzaindiaren gramatika batzordeko zenbait kidek, adibidez–, baina nik zer edo zer egin dut bide horretan, lehen atala, etorriko dira gehiago”, Kingek esana.

Gramatikaren lehen atala eginik –hizkuntza berreraikitzeko lehenbiziko saioa, alegia–, hurrengo urratsa da eginkizun: lenkera berreskuratzea, hau da, hitz egiten den hizkuntza. “Oso galdera zaila da. Guk, hasteko, estrategia bat proposatu dugu, nahiz eta hizkuntza berreskuratzeko garantiarik ez dagoen. Delako estrategia horren arabera, ereileak behar ditugu. Baratzarekin konparatzen ahal dut. Urte batetik bestera, hazirik edota landarerik onenak ereiten edo aldatzen ditu nekazariak. Baina, baratzean ezer ereiten hasteko hazia behar dugu, lehen hazia, eta lenkera hizkuntzak ere horixe behar du, lehen hiztun taldea. Orain ez dugu hiztunik ez irakaslerik, gramatika bat besterik ez, oker eta guzti. Nork edo nork, gramatika hartu eta lenkeraz hitz egiten ikasi behar du lehenengo, eta ondoren, beste batzuei irakatsi. Hizkuntza irakasle ere izan naiz, eta badakit hori ez dela guztiek egin dezaketen gauza, pertsona jakin batzuek baizik”, Kingek esan digunez. “Ikasi eta gero, nola irakatsiko duten pentsatu beharko dute, transmisio katea osatuz”.

Ereintza bide horretan, arestian aipatu SDGEPIAH erakundeak talde txiki bat osatu du Hondurasen, zenbait lagunek lenkera ikas dezaten eta mintzatzen treba daitezen. Hurrengo helburua izango da lenkera hitz egin den alderdian ari diren EIBko irakasleei hizkuntza irakastea, ondoren irakasleok material didaktikoa presta dezaten bertako ikasleei irakasteko. Talde hori abian da Hondurasen, eta zenbait hizkuntz baliabide ere jarri dituzte sarean tushik.org helbidean. Horrez gainera, facebook orrialdea ere ireki dute (iralapil-recuperemos el lenca), non lenkeraz ikasteko informazioa eta materialak ezarri baitituzte; besteak beste, bertan da Alan Kingek lenkera hizkuntza ikasteko lehen ikasliburua. Ereintza garaia dute iralapil hitzak esan nahi duenez: irak lapil-en kontrakzioa, “ereiten ari gara” du esanahi.

Ereintza lan guztiak gorabehera, ordea, lantegi zaila da lenkera berpiztea. Alan Kingek hebreera, kornubiera eta manxera jarri ditu berreskuratze adibidetzat. “Lenkera berreskuratzea ez da zeharo ezinezkoa. Lenka komunitateak saiatzeko besterik ez digu eskatu. Gogoaren araberakoa izango da emaitza. Hau da, zenbat balio du herri jakin batentzat bere sustraietako gakoa berreskuratzeak? Gizartean ba ote dago halako ahalegin itzelari ekiteko gogorik?”. Galdera gaitzari baikor erantzun nahi dio. “Lanean hasi dira, baina horixe, hasi besterik ez. Interesa adierazi dute, eta hobeko dute gogoa izan, bestela jai dago. Errealitatea beti da uste baino konplexuagoa… Duela ehun urte galdera hori hemen egin izan bazenu, alegia, euskaldunek beren hizkuntza berreskuratu nahi ote zuten, batzuek baietz, beste batzuek ezetz, eta beste batzuei bost axola, izango zatekeen erantzuna. Lenkeraren kasuan, interesa dutela uste dugu. Bestela, alferrik ariko ginateke”. Alabaina, gauzak ez dira zuri ala beltz Alan Kingen eskarmentuaren arabera: “Zenbat eta interes handiagoa sortu komunitatean, orduan eta jende gehiago interesatuko da lenkera hizkuntza berreskuratzen. Interesa ere erein egin behar da”…


ASTEKARIA
2017ko martxoaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: lenkera
Eguneraketa berriak daude