Ikastetxe hauetan etsaminik gabe ebaluatzen dute

  • Azterketa eta noten eskema tradizionala alboratu eta ikasleen garapen osoa aintzat duen ebaluazio hezigarria lantzen dute gero eta ikastetxe gehiagotan. Euren esperientzia kontatzeko eskatu diegu horietako lauri: Langile ikastetxe publikoa, San Bizente ikastola, Arrankudiagako eskola txikia eta Geroa eskola librea.

Langilen, “lan tratuak”

Haur eta Lehen Hezkuntzako 727 ikasle ditu Hernaniko Langile ikastetxe publikoak, laster 50 urte beteko ditu eta sorreratik bertatik ikaslearen garapen prozesuan oinarritu dute ebaluazioa. “Garapena bere osotasunean hartzeak eskatzen du edukiez gain jarrera, harremanak, sormena, zailtasunei aurre egiteko gaitasuna… ere kontuan hartzea”, azaldu digute Ixabel Arin zuzendariak eta Ana Quevedo ikasketa buruak. Ebaluazioa ez da une jakin bateko neurketa, jarraitua baizik, bakoitzaren prozesua egunerokoan doaz baloratzen, ikasle bakoitzaren abiapuntua eta egoera ezberdinak direla aintzat hartuz: nola ari da ikaslea taldean eta bakarka? Zein material erabili du eta zein proposamen egin? Saiatu al da? Ze lan ohitura eta interes ditu? Nolako harremanak ditu helduekin eta berdinekin? Zein ardura? Zenbaterainoko autonomia?... Behaketaren bidez itemak betetzen eta oharrak hartzen doa irakaslea, eta ondoren irakasle taldea bilduko da, denon ikuspegia biltzeko.

Unitateka edo gaika egiten dute lan, hiru galdera abiapuntu: Zer dakigu (aurretik)? Zer jakin nahi dugu? Zer lortu dugu (gaia landu ondoren)? “Lan tratuak” egiten dituzte gai bakoitzaren hasieran: alegia, zer landuko duten eta zein helbururekin, ikasleak jakin dezan zer den amaieran lortu beharrekoa. Bukaeran beti dago produkzio bat: izan daiteke beste ikasleei landutakoa azaltzea, edo gurasoei, edo idatzizko lan bat… eta “gakoa da azken produkzio hori ikasleek ez dutela bizi kontrol gisa, landutako guztiari amaiera bat emateko modu gisa baizik”. Produkzio horrek bigarren parte inportantea dauka: ezer ez da perfektua, eta gaztearekin batera landuko du irakasleak nola hobetu eta osatu egindakoa. “Asmoa da ikasleak lorpen sentsazioa izatea eta bakoitzak bere mailan egitea aurrera. Ezinean dabiltzan ikasle batzuek nahi dute gainerako guztien pare aritu, nabarmendu gabe, eta hori ere landu beharreko prozesua da, gure laguntza beharko dutelako, baina laguntza beti da bera ondo sentitzeko eta besteen aurrean arrakastatsu agertzeko. Denek iritsi behar dute amaierara: denek egingo dute errezeta, ipuina edo dena delakoa, bakoitzak bere prozesuaren arabera”. Azpimarra ikaslearen trebezietan jartzen dute, motibagarriagoa delako, eta zailtasunak dauden arloetan, zailtasun gisa planteatu ordez, elkarrekin ikusten dute aurrera nola egin. “Dena den, frustrazioa ere landu behar da: denean ez gara onak eta konturatu behar gara, hutsune horiek lantzeko”.

I. Arin eta A. Quevedo, Langile: "Gakoa da azken produkzio hori ikasleek ez dutela bizi kontrol gisa. Asmoa da ikasleak lorpen sentsazioa izatea eta bakoitzak bere mailan egitea aurrera"

Horri guztiari gehitzen zaizkio autoebaluazioa eta koebaluazioa (ikasleak ondokoa ebaluatzen du) eta “irakasleok ere ebaluatzen dugu gure burua”. Ikasle eta familiek ez dute notarik jasotzen, edukiez gain hasieran aipaturiko arlo ugariak barne hartzen dituen ebaluazio globala baizik. Familiaren iritzia gehituta osatuko da balorazioa eta ikaslearen beharren arabera jarriko dituzte indarrak autonomia arloan, harremanetan, matematiketan...

Kanpo ebaluazioez galdetuta, ikasleek izan ditzaketen beldurrak kentzen dizkietela esan digute, “baina ez diegu garrantzirik ematen eta argi daukagu ez dutela gure jarduna baldintzatuko, azterketa hauek ez baitiote eguneroko dinamikari erantzuten”.

San Bizenten, 1, 2 eta 3 aldagaiak

Oiongo San Bizente ikastolan, duela bost urte hasi ziren Lehen Hezkuntzan ebaluazio hezigarria aplikatzen, Gema Berzal zuzendariak azaldu digunez: “Bi hutsune nagusi antzeman genituen: batetik, ikasleek ez zuten ongi ulertzen ariketekin zehazki zer egin behar zuten eta zertarako, eta komunikazioa hobetzen lagundu digu eredu berriak, irizpideak finkatzen, ikasleek jakin dezaten momenturo zertan ari diren eta guk jakiteko zein unetan dauden. Bestetik, hezkuntza ildo estrategiko bat falta zitzaigun eta orain argi daukagu zer eta zertarako ari garen”. Hilero diseinatzen dute irakasleek hilabete horretan egingo duten dinamika kooperatiboa, proiektua edota ekintza, eta protokolo bat jarraituz behatuko dituzte hilabete horretako ekintza, irakaslea bera, taldea eta ikasleak. Egunerokoan, dena da proba, ahoz, idatziz edo bestela, probak ez daudelako lotuta hiruhileko epe artifizialetara edo nota jartzeko beharretara, erritmoak eskatzen duenera baizik: “Ebidentziak jasotzen goaz, ikaslea non zegoen, zer bide egiten ari den eta orain non dagoen. Galdera eraginkorrak egitea da gakoa: Ados al zaude ondokoak esandakoarekin? Zer proposamen berri egingo zenizkioke? Zertarako balio dizu egiten ari zarenak? Nola dakizu ondo egiten ari zarela?... Eta erantzunetan trabatzen bada, korapiloa askatzen lagunduko diogu: Pauso hau eta hau eman al dituzu? Modu horretan, ikasleak metakognizioa barneratzen du, bere ikas-prozesuaren eta ezagutzaren kontzientzia hartzen du, momenturo daki nora begiratu”. Protokoloaren azken galderak berak ere ikasteko gogoeta lagungarria izan nahi du: Berriz egin beharko bazenu, zer aldatuko zenuke?

G. Berzal, San Bizente: "Ikasleak metakognizioa barneratzen du, alegia bere ikas-prozesuaren eta ezagutzaren kontzientzia hartzen du, uneoro daki nora begiratu"

San Bizenten bi dira zutabe nagusiak: autonomia eta iritzi kritikoa. Oro har, gaitasunak ebaluatzen dituzte, baina nola bermatu eduki kontzeptualak ere barneratu dituztela? “Landu ahala: adibidez, energia motez ariko bagara, ‘irteera txartela’ atera eta lehenengo galdetuko dugu zer den energia, azalduko dugu eta denek ulertu dutela ziurtatuko dugu, oinarria edo kontzeptua ongi finkatu gabe ezingo dugulako aurrera egin. Nolabait, ebaluazio iraunkorra da, momentuan bertan egindakoa; ez da aurrerago aparteko probarik egiten eduki horretaz galdetzeko”.

Notei balioa kendu diete eta ondorioz ikasleek ez dute arreta horretan jartzen, baina hiru aldagai dituzte:
- 1, ebidentziak ikusita, ez du helburua lortu eta berarekin finkatuko da norabidea.
- 2, lortu du.
- 3, oso ondo lortu du.

“Ez da azken emaitza, prozesua da: 1etik 2ra joan behar dugu, 2tik 3ra, eta 3koari ere erronka gehigarria jarriko diogu, zenbakia ez delako helburu, aurrera segitzeko tresna baizik”.

Hernaniko Langile (ezkerrean) eta Oiongo San Bizente. Ebaluazio on batek etiketak apurtzeko ere balio behar du.

Arrankudiagan, norbere garapenaren kontzientzia

Arrankudiagako eskola txikian, 2-12 urte bitarteko 114 ikasle ari dira eta eskola hauetako filosofiari jarraiki, talde guztietan adin ezberdineko haurrak daude nahastuta. Hamar-hamabost urte dira proiektuka egiten dutela lan, testu-libururik gabe eta aniztasunari erantzutea oinarri hartuta. Metodologia horren isla da ebaluazioa ere: “Baliabidea da, ikaslearekin zein planifikazio egingo dugun eta zertan lagundu dezakegun erakusten diguna: informazio horrek esango digu umea jakintzaren zein momentutan dagoen, zein interes dituen, erabiltzen dituen estrategiak zeintzuk diren, gaiari buruz zer dakien, zelan kudeatzen dituen aurrean dituen egoerak…”, dio Nekane Otsoa zuzendariak. Arlo akademikoa eta konpetentziak behatzeaz gain, “jakin nahi dugu ikaslea gustura ari al den eta horretarako testuingurua ezagutu behar dugu. Ezinbestekoa da, esaterako, ebaluatzea ikasleak zein jarrera eta egoera animiko duen, horrek asko baldintzatuko duelako bere ikas-prozesua”.

N. Otsoa, Arrankudiaga: "Ikasleak izan duen ibilbidearen narrazioa bakarrik egiten badiezu gurasoei, oker interpreta dezakete, helburu orokorrekiko non dagoen islatzen ez badu"

Ez dute azterketarik, produkzioak egiten dituzte ikasleek eta ibilbidea erregistratzen doa irakaslea. Aldaketarik ikusi badu, idatzita geratuko da, baita zein testuingurutan eman den, zein arrazoi egon daitezkeen horretarako; “eta arrazoia izan daiteke adibidez goiz ona/txarra izan duela eskolara etorri aurretik”. Ikuspegia osatzeko, gelako hezitzaile taldeak bilera du astero. Horrekin guztiarekin, ikaslearen ibilbidea zehazten duen txostena egingo du irakasleak hiruhilero. “Eta txostenaren bukaeran, nota ere jartzen dugu: lehen ez genuen egiten, baina konturatu ginen gaizkiulertuak suertatzen zirela etxe batzuetan. Ikasleak egindako ibilbidearen eta aurrerapenen narrazioa bakarrik egiten badiezu gurasoei, oker interpreta dezakete, ibilbide propioa erreferente hartuta ongi ari delako agian ikaslea, baina horrek ez du zertan islatu helburu orokorrekiko non dagoen”. Dena den, eurek indarra ikaslearen ibilbide propioari ematen diotela nabarmendu du Otsoak. “Sarri, haurrei ere erakusten diegu jasotzen goazen informazioa, txikiak direnetik jasotzen dugulako eta eboluzioaz jabetu daitezen, prozesuan hain sartuta gaudenean maiz ez garelako ibilbidea ikusteko kapaz, badirudi beti izan garela eta izango garela oso onak edo oso traketsak, eta etiketak apurtzeko balio du: ‘Begira zer lortu duzun’, edo ‘zer hobetu dezakezula uste duzu?’ galdetuko diogu”.

Ikasleek elkar ebaluatzea ere onuragarria da: “Demagun, ikaskide batek baino gehiagok eta behin baino gehiagotan esan dizutela ezin dutela zure idatzia irakurri, ez dutelako letra ulertzen; irakasleak letra hobetu behar duzula esatea baino eraginkorragoa da, zure testuak ikaskideek leitzea nahi baduzu idazkera lantzeko beharra sentituko duzulako, zentzua ikusiko diozu helburu horrekin Hobetzeko Tailerretan parte hartzeari. Tailer hauetan ikasleak berak ematen du izena nahi duen ekintzan, sumatzen dituen zailtasunen arabera”.

Arrankudiagako eskola txikia (ezkerrean) eta Trokonizko Geroa. Irakaslearen jarrera, jarduna eta klasea baloratzea ere behaketaren parte da.

Geroan, errespetua oinarri

Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntza bukatu arte, 2-16 urte arteko 100 ikasletik gora ditu Trokonizko Geroa eskola libreak, Waldorf pedagogia abiapuntu. “Ebaluatzeko, lehenengo urratsa da haurra ongi ezagutzea, jakitea une eta etapa bakoitzean non dagoen eta zer behar duen, gogoa eta ikasteko grina mantendu ditzan, eskolan eta eskolaz kanpo”, kontatu digu Ainitze Balenziaga irakasleak. Haurra ezagutzeko, abantaila handia da irakasle berarekin aritzen direla 6 urteetatik 12 bete arte.

“Eskolara iristen direnean eskua ematen diegu eta hor jada bada zer irakurri, zein aldarterekin etorri den jakiteko: gogor estutu ote didan eskua, edo ihes egin dion diosalari, begiratu al nauen… Klasea hasi eta gorpuzkera behatuko dut, eta galdera botako dut, aurreko klasean landutakoaz; eskua altxatu dutenen arabera ikusten noa zeinek duen erantzuteko grina, zeinek ez duen hitz egiteko gogorik edo ez duen landutakoa gogoratzen… eta ondoriozta dezaket nork barneratu duen jorratutakoa, nortzuk katramilatu diren bidean, edota nik neuk nolako klasea eman nuen. Landutakoa denon parte-hartzearen bidez ekarriko dugu berriz klasera, eta barneratzea lortu dugunean, ikaslea bera da koadernoa sortzen eta osatzen doana: hor ere bada zer behatu, ea ilusioz ari den, ekinean…”. Irakaslearen jarrera, jarduna eta klasea baloratzea ere behaketaren parte da.

A.Balenziaga, Geroa: "Ikasleari esango diogunak pisua du; gaizki helaraziz gero, beldurrak sor ditzakegu, norbere buruari jarriko dizkion mugak. Mezuak balio behar du aurrera egiteko; asmatuz gero, erronkari eutsiko dio ikasleak"

Ebaluaketa indibiduala, jarraitua, egonkorra eta errespetuzkoa dute helburu. “Ez notarik, ez azterketarik, ez baita ebaluazio kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Urte bukaeran egiten dugun txostenean idatziko dugu hasieran nola zegoen, zein dohain garatu dituen eta zein oztopo eta erronka izan dituen, zer lantzera animatzen dugun… Errealitatean oinarrituta, baina ikuspegi baikorrarekin, haurrari beti eman behar diogulako ate bat aurrera jarraitzeko”. Eta zailtasunak? “Haurrak matematiketan arazoak baldin baditu ezin gara horretan geratu, beste arlo batzuetan dituen dohainak eta argiak ere goraipatu behar dira. Aldi berean, matematiketan zein ahalegin egin ditzakegun adierazi diezaiokegu, baina ardura eta errespetu handiz, harentzat erreferente inportantea garelako eta esaten diogunak pisua duelako; gaizki helaraziz gero, beldurrak sor ditzakegu, norbere buruari jarriko dizkion mugak, jasotako juzguen arabera. Mezuak balio behar du aurrera egiteko, eta asmatuz gero, inor etiketatu gabe, ongi hartuko du ikasleak, erronkari eutsi nahiko dio. Gainera, zailtasunak baditu, tresnak emanda iritsiko da, edo puntu jakin bateraino iritsiko da eta primeran, eman dezakeena hori baldin bada. Jakinda norberaren abiapuntua, prozesua eta noraino eman dezakeen, aurrera bakoitza norbere erronkekin!”.

Ebaluazioa erlatibizatzeaz ere aritu gara. Azken finean, gaitasun jakin batzuk ebaluatzen ari zaizkie ikasleei, ez pertsona bezala duten balioa, eta norbere esku ere egongo da indarrak zertan jarri. “Gure egitekoa da garapen prozesu horretan bidelagun izatea, zubi-lana egitea, eta gure begirada eta argibideak baliagarri bazaizkio, zoragarri”.

“Kalifikatzen dugun momentutik, gutxienekoa da gero zein ebaluazio egingo dugun”

Hezkuntza eragileek ebaluazio eredu berri baterako irizpideen dekalogoa adostea gustatuko litzaioke LAB sindikatuari eta horretarako bidea jorratzen hasia da dagoeneko. Egungo eredua irauliz, ebaluazio hezitzailea iruten jardunaldiak antolatu zituen eta bertako mahai-inguruan eztabaidatutako guztitik lau gako hautatu ditugu. Ane Ablanedo (NUP, UPPA, UEU), Alexander Barandiaran (HUHEZI) eta Lore Erriondo (EHU) aritu ziren hizlari.

Ezker-eskuin: Alexander Barandiaran, Lore Erriondo eta Ane Ablanedo.

Kalifikazioak baldintzatuta

“Iruditzen zaigu ebaluaketa gauza natural bat dela eta gehienez pentsa dezakegula nola eta zeren arabera ebaluatu –dio Ane Ablanedok–, eta haurrak barneratzen du kalifikatua izan behar duela. Horrek sozialki zein inplikazio dituen ez dago esan beharrik, kalifikatzea ikasleak sailkatzea dela aintzat harturik. Hutsune nagusia hori dela uste dut, ez dela ebaluazioa egiten, kalifikazioa baizik, eta honek baldintzatzen duela ebaluazio osoa. Izan ere, kalifikatzen duzun momentutik, gutxienekoa da gero zein ebaluazio egingo duzun, zeren nota jarri eta ikasturtea pasako al duen esan behar duzu, eta hori zalantzan jarri gabe, alferrik da. Dena da ebaluagarria? Bai, baina ezin da dena kalifikatu. Batzuetan obsesionatzen gara ea ebaluazio objektiboa posible den, ohartu gabe objektibotasuna bilatzen dugula kalifikatu behar dugulako: kalifikatu behar badugu, izan dadila ahalik eta objektiboen. Kalifikatzen ez dugunean, behaketa ez da objektiboa, nola izango da objektiboa! Nik behatuko dut egoera bat naizen horretatik, eta hortik ari naizela jakitun”.

Kanpo-ebaluazioak eta tranparen aldarrikapena

Argi du Lore Erriondok: “PISA eta horrelako azterketak sortu dira sortu direnerako, eta hor kokatu behar ditugu. Ezin ditugu kontuan hartu ikastetxean gure barne-ebaluaziorako tresna gisa”. Alexander Barandiaranek ere ez ditu aintzat hartzen, “baina kanpo-ebaluazioa kontrasterako denean, beharrezkoa iruditzen zait. Barruan zaudenean, hainbat kontu ez dituzu ikusten, eta interesgarria da sistematik kanpo dagoen norbaiten begirada, kontrasterako”. Ablanedok azpimarratu du PISAn emaitza onak ateratzen dituzten herrialdeen hezkuntza ereduak gehiago duela hemen alternatibotzat jotzen dugunetik: “Alegia, kalitatezko hezkuntza eskaintzen denean, arautua izan edo ez, haurrek ez dute besteek baino gutxiago ikasten”. Ziria sartzearen eta zirrikituak topatzearen alde ere egin du Ablanedok, estatuak eskaintzen digunari ahal den neurrian iskin egiteko: “Haurraren eta ikaslearen mesedetan, aurre egin behar diogu sistemari”. Iritzi berekoa da Barandiaran, eta tranpak egitera animatu ditu hezitzaileak: “Sisteman kontraesanak sartu behar dira, eta sistemak behartzen bagaitu kalifikatzera, ba denei kalifikazio on bat jar diezaiekegu eta ondoren nahi duguna egin. Eta zer da nahi duguna? Mundu guztiak nahi duena: zoriontsu izan. Izan gaitezen zoriontsu eskoletan, gustura dagoen taldean garapena emango delako”.

Zein punturaino da ona haurraren parte-hartzea?

Ikasleen parte-hartzea defendatu du Ablanedok, baina haurrak bere burua irakasleak jarritako parametroen arabera ebaluatzeko arriskua nabarmendu du: “Ados nago irakasle eta ikasleen arteko asanbladekin, ikastetxeko bizitzaz edo ikasitakoaz eztabaidatu dezaten, baina ebaluazioari lotuta, azkenaldian bada joera bat haurrari bere prozesuan parte hartuarazteko, eta teorian ongi dago, baldin eta ulertzen badu haurrak nondik egiten den ebaluazio hori, zeren berak badaki zer egiten duen ongi eta zer gaizki, baina ez du modu txarrean bizi, harik eta helduarentzat gaizki dagoen hori hobetu behar duela esaten zaion arte. Ebaluazioa ikaslearekin adostearen arriskua da ikaslea bera bihurtzea bere buruaren polizia; irakasleak kalifikatu behar badu, irakasleak egin dezala, irakasleak jarri diezaiola 5 bat, ez diezaiola ikasleak bere buruari jarri 5 hori”. Erriondoren ustez, sarri gainbabestu eta gutxietsi egiten ditugu haur eta gazteak, eta eurak badira kapaz euren ibilbidea ebaluatzeko. Barandiaranek gaineratu duenez, ikasleari hitza ematen diogunean ebaluatzeko, “ez dakit esaten al diogun ebaluatu dezala baita ere irakasleak berarekin izan duen jarrera, bere nahiak eta erritmoak errespetatuak izan al diren, zerbaitetarako balio izan al dion ikasitakoak… Bestela betikora goaz, beste modu batean betikoa errepikatzera, fokua bakarrik ikasleetan jarriz, eta ez inguruan”.

Amarauna osatzea helburu

Ikastetxeen arteko sareak osatzera animatu ditu Erriondok hezitzaileak: “Amarauna sortu beharko genuke, batzuen eta besteen esperientziak eta tresnak partekatu, ondokoak egiten duena ezagutu, adostu, definitu, bakoitzari balio diona erakutsi eta ikusi… Euskal Herriko ikastetxeetan erabiltzen diren ebaluaketa sistemei buruzko azterketa falta zaigu, eta oso inportantea iruditzen zait, elkar sustatzeko eta eragiteko, gure hezkuntza propioa antolatzen joateko, baita egiten ari garen horren guztiaren kontzientzia izateko ere”.


ASTEKARIA
2017ko martxoaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude