Hobe isilik

Lagun batek horrelaxe esan zidan behin: “Nire amonak, erdaraz, isilik egoten besterik ez zekien”. Esaldia buru barruan dantzan geratu zitzaidan, luzaroan. Itxura batean, sinplea bezain argia da perpausa: lagun horren amona euskaldun hutsa zen, elebakarra, eta ez zekien erdaraz hitz egiten. Pixka batean pentsatzen jarriz gero, ordea, berez diotena baino gehiago adierazten dute hitz horiek, esangura sakonagoak topa diezazkiokegu, ageriko esanahiaren azpiko azpildurak.  

Adibidez, esaldiak, hizkuntzen ezagupenaz harago, botere-harreman bat adierazten du. Gaztelaniadun bat, inork espainolez ez dakien leku batera baldin badoa, ez da isilik eta lotsatuta geratuko; ez behintzat euskaldunen artean; errazago da ozen hitz egiten imajinatzea, bolumena igota halako batean miraria gertatu eta norbaitek ulertuko duelakoan. Euskaldun gizajo bat trantze horretan imajinatzeko, ordea, ez da irudimen handirik behar, nahikoa da memoria historiko apurra: medikuarenean, edozein leihatilaren aurrean, parean aginte-makilatxoren bat daukan edonor tokatuta: dela guardia zibila, dela Iberdrolako teknikaria, dela kazetari alkatxofaduna. Eta amona beti isilik, badaezpada ere.

Pentsatzen segituta, generoen arteko hierarkia ere salatzen du esaldiak. Hau da, amonaz ari gara, ez aitonaz. Emakumea errazago isildu dute beti. Badaki berak ez duela botererik, larderiarik, eskumenik. Isilik egotea tokatzen zaiola. Bazterrean, molestatuko ez duen lekuan. Lotsarazita, sarri.

Azken asteetako adierazpen eta gertakariek nire lagunaren amona oroitarazi didate, beste behin. Adibidez, amona horrek, bere etxe aurreko ataria zoragarri garbituta ere, ez luke balioko herriko kaleak eskobatzeko. Zeren barrendero izateko EGA eskatzea gehiegizkoa omen baita (inon inori eskatu ote diote ba halakorik?), baina, esan gabe esaten ari zaizkigu, gaztelaniaz jakitea aldiz ezinbestekoa da eta izango. Zeren gure agintari abertzale eskuzabalek euskaraz atendituko gaituen norbait jarri nahi dute leihatila gehienetan, indigena elebakar gizajorik ia geratzen ez den arren, euskaltzale fanatiko egoskorrak gehiegi ez sumintzeko, goxoki bat ematen zaion ume petralaren gisan, baina, ondorioztatu behar dugu, administrazioak erdaraz funtzionatzen jarraituko du, sekulorum sekulotan, gizarteak bezalaxe.

Nire lagunaren amonari espainolei buruzko iritzia eskatu baliote, seguru nago ez zukeela hitz txarrik esango. Azken batean, haiek dira daukatenak, dakitenak, dezaketenak. Hark, erdaraz, isilik egoten besterik ez zekien. Guri, berriz (erdaraz jakin bai baina beste hizkuntza batean egiten tematzen garenoi), argi esan zaigu: euskaraz ere, zenbait gairi buruz, hobe duzue isilik egon.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude