Bilboren nortasuna(k)

  • Loraldia Festibalaren barruan, martxoaren 16an Lutxo Egia idazleak eta Mikel Inunziaga musikariak eskainitako
    Hiri hori da hiri hau emanaldiaren kronika.


2017ko martxoaren 26an

Aurtengoa hirugarren edizioa bada ere, udaberri hastapenean Bilbon sustrai sendoak bota dituen egitasmoa da Loraldia, urtetik urtera luzeago, oparoago eta zabalago. Ikuspegi garaikidetik euskal kulturari begiratzeko leihoa da Loraldia eta, Azkuna Zentroko hitzaldi-kontzertuan, hiria bera izan zen protagonista. Meatzaleak programaren eta Loraldiaren arteko lankidetzari esker, Hiri hori da hiri hau aurkeztu zuten Lutxo Egia idazleak eta Minel Inunziaga, Inun, kantautoreak.
    Lekua, ezin aproposagoa. Bilboren eraldaketaz hausnartzea izan zen hitzaldi-kontzertuaren helburua, Guggenheim Museoaren titaniozko distirak hiria nola aldatu duen aztertzea. Azkuna Zentroa, behinola ardo usain sarkorreko alondegi, diseinuzko eraikin kulturala da egun. Azalarekin batera aldatu ote da Bilboren mamia, alondegi zaharrean bezala? Lehengo eta oraingo Bilboren nortasuna bat eta bera al da? Horiexek Egiak eta Inunek plazaratutako zalantzak. Alegia, hiri hura ote da hiri hau?


    Hotsa. Portuko iskanbilak. Ondoren, Abbaren Take a chance on me, Inunen ahotsaren eta gitarraren bidez. Hala hasi zen saioa. “Paisaia begia da, baina belarria ere bai, eta sudurra”, horra Lutxo Egiaren baieztapena. 1990eko hamarkadan, itsasadarraren ertzeko fabrika ketsuek pasealekuei, parkeei eta museoei utzi zieten lekua. Bilboren itxura aldatu zuen horrek. Garai bateko zaratak eta usainak –kiratsak– desagertu ziren.
    Hurrengo ordubetean, desagertutako Bilbo haren eta errealitate bihurtutako Bilbo utopikoaren arteko talkaz gogoeta egin zuen Egiak, Inunen doinuek lagunduta. Guggenheim Museoa eraiki izana, zenbateraino izan da etena hiriaren nortasunean? Erantzunak baino, galderak bota zituen. Lehen autentikoagoa zen Bilbo, ala iragana idealizatu dugu? Itxurakerian galdu gara? “Simulakroaren munduan, kartoizkoa benetako bihurtzen da”.
    Euskal literaturak zeresana izan zuen Egiaren eta Inunen hausnarketan. Euskal idazle ugari erakarri dituen zurrunbiloa da Bilbo, baina hiria aldatzen joan den bezala, idazleen ikuspuntua ere ez da bera garai batean edo bestean. Bernardo Atxaga aipatu zuen Lutxo Egiak lehenik, asteasuar bilbotartua. Haren atzetik etorri ziren Miren Agur Meabe, Koldo Izagirre, Jon Alonso, Jon Arretxe, Irati Jimenez, Blas de Otero, Itxaro Borda eta abar. Eta, jakina, Gabriel Aresti. “Londres da Dickens, Dublin da Joyce, Donostia da Saizarbitoria. Bilbo da Aresti”, bota zuen Egiak.
    Bien bitartean, Inunek hainbat abestiren zatiak kantatu zituen, Bilbo eszenatoki edo protagonista duten piezak. Eta Donostia. Bilbo baita Donostia ez den guztia, eta Donostia Bilbo ez den guztia. Ala ez? Inunek entzule guztiak harritu zituen Donostiari eskainitako rap gisako abesti batekin. Sarriegiren Donostiako Martxa zen doinuaren oinarria.
    Ziurtasunak baino, zalantzak agertu zituzten Egiak eta Inunek, entzule bakoitzak gogoeta egin zezan. Euskal idazleak bidelagun, jauzika ibili ziren: fabriketatik museoetara, Abandoibarratik San Frantziskora, auzo herrikoietatik gentrifikaziora, abangoardiatik bazterkeriara. Bi Bilboren arteko tentsioa dago? Bilbo bakarra da, baina geruzaz osatua, Egiaren ustez. “Gezurrezko Bilbo baino egiazkoagorik ez dago”. Azken finean, hiri hori ere bada hiri hau.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bilboko Loraldia
2023-03-19 | Karmelo Landa
IRITZIA
Loratuko da Bilbo

Loratuko da Bilbo eta itzuliko da euskara zazpi edo hamazazpi kale estu zalapartatsuetan oihartzun egitera, eta zabalduko da zabalguneetara eta luzatuko da auzorik auzo, Otxarkoagaraino eta harantzago. Udaberria helduko zaio gure hizkuntzari mendeetako neguaren ondoren. Udaberri... [+]


2022-03-30 | Uriola.eus
“Handia eta emankorra” izan da zortzigarren Loraldia

Euskal kultura garaikidearen Loraldia jaialdiaren antolatzaileek “balorazio guztiz baikorra” egin dute amaitu berri den aurtengo edizioari buruz. Jarduerak mugarik gabe egin ahal izan dituzte atzera ere, eta festibalak izandako kalitate artistikoa azpimarratu dute.


2021-03-10 | Sustatu
Loraldia 2021, "Sormenari zor", kulturarako 20 egun Bilbon

Loraldia Festibalaren zazpigarren edizioa asteartean hasi da, martxoak 9, eta hilaren 28a bitartean ospatuko da. Bilboko euskarazko kulturaren jaialdiaren edizio honetako lema Sormenari zor da. 19 egunez, diziplina artistiko guztiak, produkzio berriak eta estreinaldiak... [+]


2019-03-20 | ARGIA
Verdes liburu-dendak euskal kulturari egin zion ekarpena omenduko du Bilboko Loraldiak

Loraldia Festibalak Bilboko Verdes liburudendako azken kudeatzaileei omenaldia eskainiko die martxoaren 24an Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren 5. edizioaren baitan.


2019-02-26 | ARGIA
Loraldiaren bosgarren edizioak euskal kulturaz beteko du Bilbo

Astearte goizean aurkeztu da Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa, "Sentikariz blai!" lemapean.


Eguneraketa berriak daude