5.657 aztnugal

Torturaren errealitate beltzak badu zenbakia Euskal Herrian: 5.657. Badu zenbakia, nahiz eta inoiz ez dugun praktika lazgarri eta sistematiko horren benetako dimentsioa ezagutuko, beranduegi da jada horretarako. Beranduegi da urteak eta urteak igaro direlako inpunitate osoz. Urteak eta urteak non bizipen gogor hori jasan duen jende asko erabat babesgabe eta inolako helduleku barik egon den. Non justiziaren zaintzaile omen diren epaitegi eta erakunde publikoetan topatu duten salaketarako traba eta etsai handiena. Egoera traumatikoa indibidualki eta isilpean kudeatu beste aukerarik ez du izan milaka biktimak, jendartearen babes ofizialik gabe.

Euskal gizartearen erantzukizunari begira jartzen gaitu horrek. Halaxe azaldu du Sandra Barrenetxeak Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan. 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Barrenetxea, Ekineko kidea zelakoan. Inkomunikazio garaian jasandako tortura bortitzak salatu zituen eta egunotan lau guardia zibil epaitu dituzte salaketa horien harira (epai-bidetik asko itxaron ezin daitekeen arren). Haren kontakizunak pasarte latz asko eta asko ditu, besteak beste, emakumeek jasandako tortura bereiziak, genero eraikuntzari oso lotuak eta uneoro bortxaketaren mehatxupean. Hala ere, elkarrizketan kontatutakotik barrenak gehien mugitu dizkidana gizartearen jarrerari buruz dioena da: “Mina areagotzea” ekarri diola, alegia. Aitortza faltak “frustrazioa eta erru sentimendu handia” eragiten dituela azaltzen du, biktima ahultasun egoerara eramaten duela; halaber, azpimarratzen du ondorio latzak dituela gizartean biktimaren bizitzarekiko arduragabekeria sumatzeak.

Min eman ziguten Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Ertzaintzaren torturak ukatzeko sententzia judizial eza argudiatu zutenean. Zigorgabetasuna ontzat eman eta tortura denuntziei sinesgarritasuna kentzea izan baitzen

Horregatik ematen dute hainbeste min torturari ezikusiarena egiten dioten adierazpenek. Eta min eman ziguten Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Ertzaintzaren torturak ukatzeko sententzia judizial eza argudiatu zutenean. Zigorgabetasuna ontzat eman eta tortura denuntziei sinesgarritasuna kentzea izan baitzen. Sortu alderdiak torturak salatzeko elkarretaratze performatiboak egin zituen, ertzain-etxeak atzamarrarekin adierazita haren ardura irudikatzeko asmoz. Horren erantzunean etorri ziren bi ordezkari publikoen adierazpenok, Ertzaintzak torturatu izana ukatuta. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Paco Etxeberria auzi medikuak zuzendutako ikerketak 4.009 tortura kasu identifikatu ditu, Nazio Batuen Istanbulgo protokoloari jarraiki. Horietatik 310 kasu dagozkio Ertzaintzari. Euskal Memoria erakundeak, berriz, 5.657 tortura kasu egiaztatu ditu, 407 Ertzaintzaren esku.

“Gertatutakoaren berrikusketa kritikoa” bezalako terminoak hainbestetan entzuten ditugun honetan, badirudi guztia ondo doala atzamar guztiek norabide bakarrean seinalatzen dutenean, hau da, begirada guztiak ezker abertzalearengan jarrita daudenean. Besterik gertatzen da, ostera, komisarietako kontakizun ilunak astintzen hasi eta gatazka mingarri honetan batekoen eta bestekoen ardura aldarrikatzen denean. Giza eskubideak komuneko paperaren pare geratzen dira orduan, errelatoa eta atzera begirako gatazkaren argazkian eragile bakoitza nola agertuko den dagoenean jokoan.

Tortura zigorgabetasunaren iluntasunetik argitara ateratzea gizarte gisa egiteke dugun zerbait da. Horregatik, premia bizikoak dira lekukotzak bildu eta frogatuko dituzten aipatu ikerketak, baita salaketa eta kontzientziaziorako ekimen eta dinamika guztiak ere. Bilboko kaleak gurutzatu zituen manifestazioak aldarrikatzen zuen bezala: aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea zor diegu torturatu guztiei. Eta gauza bera zor diogu gure buruari, gure jendarteari.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2017ko martxoaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude