argia.eus
INPRIMATU
Ez dituzue erraz lumatuko
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2017ko martxoaren 15
Airwalk. LUMA. Autoekoizpena, 2017

Adinak eta esperientziak zeresan handia dute bizitzako arlo askotan, eta seguruenik horregatik askotan atzera begiratzen dugu, jakitun izanda gure garai bateko erreferenteak ez direla errepikatuko, atsekabe puntuarekin. Bai, ia ezinezkoa da bizitzako beste garai jakinetan kantu batzuekin lortutako atxikimendua errepikatzea eta hankaz gora jartzen zaituzten proposamen berriak aurkitzea oso zaila da. Baina, onartu dezagun, niri behintzat aspaldian sorpresa handiena sorrarazi didaten taldeak musikari oso gazteek osatutakoak izan dira. Eta horien artean sorpresa oso atsegina izan da Luma bikotea ezagutzea. Lagun pare baten aholkua, interneten bideo batzuk ikusi izana, zuzenean beraiekin gozatzea eta, orain, diskoa entzutea. Izan ere, jauzi handia dute zuzenekotik diskora, eta alderantziz: plano desberdinak dira.

Luma Xabi eta Adrianek osatzen dute, Donostiako 24 eta 22 urteko bi gaztek. Skate egitera eta kontzertuak ikustera batera joaten ziren eta halako batean musika talde bat sortzea erabaki zuten. Aurretik blues proiekturen baten murgilduta egon baziren ere, orain dela bi urte jarri ziren martxan. Gitarra eta bateria, ez dute besterik erabiltzen eta, egia esanda, oso ondo moldatzen dira. Xabik irudimena dauka gitarra jotzen eta nerbioa, eta erregistro ziurreko ahotsa, ingelesezko dikzio oso sinesgarriarekin. Adrianek, berriz, estilo handiko astindua du, oso aberatsa.

Iazko maiatzean Club lana kaleratu zuten, lau kantuz osatutakoa. Cueva kanta zuzena da, gordin samarra eta rockeroa, pausatuagoa bada ere punkaren trinitatetik –Stooges, Ramones, Damned...– edaten duena. Clubek badu labeleko stoner-rocketik baina nonbait Jim Morrisonen kadentzia ere jaso du. Messman zikinagoa (distortsionatua) eta era berean dantzagarria, post-punk-arekin inoiz dantzatu duenaren seinale. Eta, azkenik, Maniac-ek New Yorken erditutakoa dela dirudi, Ramonesen ahaidea da, baina paradoxikoki RIPen Mundo muerto nabari daiteke atzealdean.

Orain otsailean kaleratutako Airwalk aurkezten dihardute, nahiz eta zuzenean ikusi eta entzun daitekeenak kutsu grungeagoa eta rockeroagoa, indartsuagoa, duen. Borne psikodeliaren eta 90eko hamarkadako noise-aren arteko entsalada da, erritmo dantzagarriak ere batzen dituena. Trampantage labeleko noise-popa da, Sebadöh iparrean izan dezakeena: Denboraren (hauxe ere ingelesez) rock malenkoniatsua da, landua erabat. Sparkie sparkie-n, berriz, Pixies melodikoenak Ingalaterrako power-popa lagun; eta, azkenik, Players post-rock (analogiko) baina ia elektronikoa, dantzagarria.