EHEko Azaitz Gartzia eta Urko Aierbe

"Baldintzak badaude euskalgintzak eta instituzioek hirugarrenez akordio saiakera egiteko"

  • Gelditu eta gogoeta egiteko beharra sentitu du Euskal Herrian Euskarazek. Urtebeteko hausnarketa egin dute EHEko kideek eta elkartetik haragoko euskaltzaleek. Duela hainbat aste adostu duten idazkiak jasotzen duenaz aritu gara Azaitz Gartzia eta Urko Aierberekin.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2017ko martxoaren 19a
Ezkerrean, Urko Aierbe EHEren gogoeta-idazkia eskuan duela. Eskuinean, Azaitz Gartzia martxoaren 18an izango den Euskaraz Bizi Eguneko afixarekin. Argazkia: Dani Blanco.
Ezkerrean, Urko Aierbe EHEren gogoeta-idazkia eskuan duela. Eskuinean, Azaitz Gartzia martxoaren 18an izango den Euskaraz Bizi Eguneko afixarekin. Argazkia: Dani Blanco.

Adostu duzuen idazkian diozue EHE ahul dagoela eta horretan eragiten duten hiru arrazoi aipatu dituzue.

Azaitz Gartzia: Duela urte batzuk kezka sumatzen genuen EHEn, oro har herri mugimendua eta militatzeko ereduak aldatzen ari zirelako. Horrek EHEn eragina zuen eta ordura arte garatzen zituen dinamikak nekez ateratzen ziren aurrera. Beraz, helburuak erdiestea kosta egiten zen. Hori zen arrazoi nagusi bat, EHE beraren egoera. Talde gutxiago zeuden, militatzeko estiloa aldatu zen.

Bigarrena, euskalgintzaren egoera zen. Euskalgintza iparrik gabe irudikatzen genuen. Hirugarrena, testuinguru politikoa. Hiru arrazoi nagusi horiek eraman gintuzten hausnartzera. Gogoeta sakona egin behar genuela ondorioztatu genuen.

Zuen ikur nagusiak defentsa eta eskaera izan dira. Orain instituzioen eta euskalgintzaren arteko lankidetza bultzatu nahi duzue.

Urko Aierbe: EHEk ez du elkarlana ukatu izan. Euskararen normalizazioaren alde egiten duten instituzioekin elkarlana landu dugu, Udalbiltzarekin eta UEMArekin, adibidez. Ez dugu instituzioen aurkako jarrera izan, baizik eta instituzioek garatzen zituzten politiken aurkakoa. Aurkakotasuna, kritika edo salaketa.

Instituzioen eta euskalgintzaren arteko elkarlana beharrezkoa da, ezinbestekoa, baina bi baldintza argi jartzen ditugu. Lehenik, instituzioek euskararen berreskurapenaren alde egin behar dute, eta bigarrenik, elkarlanak zintzoa eta leiala izan beharko luke. Nola ulertzen ditugu zintzotasuna eta leialtasuna? Elkar onartzetik. Instituzioek onar dezatela euskararen aldeko jardueran badutela egitekoa, baina herri mugimenduak ere baduela berea. Askotan ez zaigu onartzen. Hortaz gain, zergatik ez ditugu hizkuntza politikak elkarrekin pentsatuko eta diseinatuko, eta  erabaki ahalmenak partekatuko?

Guretzat nahi ez dugun ereduaren adibidea iazko abenduaren 3ko Euskararen Eguna da. Agiria instituzioek osatu zuten eta eragileongana etorri ziren galdetzera ea atxikimendua emango genuen ala ez. Ezin zen koma bat ere aldatu.

Azaitz Gartzia:
“Kontseiluak, euskalgintzaren batasunean eta guk planteatzen dugun akordioa erdiesteko, tresna oso indartsua izan behar du”

Bateragarriak al dira desobedientzia eta elkarlana?

U. Aierbe: Guretzat normala da. Tresna bat edo beste erabiliko dugu instituzioek aurrera eramango duten hizkuntza politikaren arabera. Ez ditugu kritikatzen alderdiak halako alderdi izateagatik edo instituzioak kolore bateko edo besteko izateagatik, baizik eta aurrera eramaten dituzten politikengatik. Instituzioek borondatea adierazi behar dute, zubiak eraikitzeko bidea.
A. Gartzia: Zubien eraikuntzan egiten dugu azpimarra momentu honetan. Orri zuri bat izan behar dugu elkarlanerako, guztion artean, adostasunak bilatzeko. Herri honek marko juridiko propiorik ez du, bi estaturen menpe dago, eta instituzioek beraiek ere, egunen batean jarrera desobedientea hartzea nahiko genuke. Bide horretan kokatu nahi ditugu euskalgintza, eragiletza politikoa eta instituzioak.
U. Aierbe: Ez gara EHEz bakarrik ari, euskalgintzaz ari gara. 1998an eta 2004an akordio bana sinatu zen eragile politiko eta sozialen artean, euskalgintza hor zegoen. Paper zuriaren aurrean eseri ziren. Bi esperientziak bidean geratu ziren. Aurrera atera ez izanak ez du esan nahi tresna desegokia zenik. Gure ustez, gaur egun, badaude baldintzak Euskal Herrian hirugarrenez saiatzeko. Eser gaitezen alderdi, instituzio eta  eragile sozialekin batera, jar ditzagun helburuak, adostu ditzagun neurriak, eman diezaiogun bultzada berri bat.

Kontseiluak zein egiteko du testuinguru horretan?

A. Gartzia: Lehen izan duen moduan, pisu handia du orain ere. Egia da euskalgintza, bere osotasunean, norabidea galduta dabilela, baina uste dugu Kontseiluak gidaritza politiko baten baitan euskalgintza batu duela. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloaren bidetik, lan asko daukagu egiteko eta tresna oso interesgarria iruditzen zaigu. Kontseiluak lan handia egin du protokoloa osatzen. Kontseiluak, euskalgintzaren batasunean eta guk planteatzen dugun akordioa erdiesteko, tresna oso indartsua izan behar du.

Urko Aierbe:
“Zergatik ez ditugu hizkuntza politikak euskalgintzak eta instituzioek elkarrekin pentsatuko eta diseinatuko, eta erabaki ahalmenak partekatuko?”

Aldaketa handia da EHEk egin duena?

U. Aierbe: Gure ustez ez dugu horrenbesteko aldaketa egin. Gure irakurketak ekintzetara ekartzen genituenez, salaketak eta aldarrikapenak egin ditugunean, jendeak, kanpotik begiratuta, honako irakurketa egiten zuen: EHEk instituzioen hizkuntza politiken aurkako politika darama. Baina gure irakurketa ondokoa zen: euskararen egoera arautzen duen marko juridiko-politikoa zein da? Egokia da? Gure ustez ez, bada salatuko dugu. Azken hamarkadatako bide beretik jarraituko dugu ala elkarlanean bestelako bideak urratuko ditugu? Desiratzen gaude instituzioek hizkuntza politika egokiak aurrera eramateko. Txalotuko genituzke.
A. Gartzia: Berrikuntzak baino, gaurkotzeak izan dira, formari eta edukiari dagokionean. Formari dagokionean, pozik gaude autokritikatik abiatu garelako. Dokumentua osatzen jende askok hartu du parte, eta horrez gain, EHEz kanpoko euskaltzale orok parte hartzeko aukera izan du bai batzarretan baita galdetegi bidez ere. Edukietan, berrikuntza da dokumentu batera ekarri dugula. EHEk historia luzea du, gauza asko esan ditu, idatzi ditu, baina azkeneko urteetan izan dugun krisiak eta egoerak seguruenik isiltasunera eraman gaitu, kalean ez egotera, dinamikak apalagoak izan dira. Orain hori guztia dokumentuan dago idatzita, eta ahalik eta jende gehienarengana irits dadin saiatu gara. Bada gaurkotzea, baina ez da iraultza berritzailea mahai gainean jarri duguna. Egungo aukera politiko-juridikoen baitan idatzita dago.

Martxoaren 18an Euskaraz Bizi Eguna egingo duzue Arrasaten. Duela urte batzuk Hizkuntza Eskubideen Eguna zen.

A. Gartzia: Oraindik hizkuntza eskubideen urraketak salatzen ibili beharra daukagu, ezin dugu ahaztu. Egia da, bilakaera bat izan dugu eta duela urte batzuk esan genuen euskaraz bizitzeko garaia zela. Euskaraz bizitzeko hautua praktikara eraman behar genuela. Zortzi urte egin ditugu Euskaraz Bizi Egunak antolatzen. Aurten bi berezitasun ditugu: batetik, gogoetaren ondorioak zabalduko ditugu, eta bestetik, euskara irabazpidean jarri nahi dugula aldarrikatuko dugu, egiaz euskaraz bizitzera goazela, herri hau euskalduntzera goazela.

Kanal honetan artxibatua: EHE

EHE kanaletik interesatuko zaizu...
"Euskararekiko tentsioa jaitsi egin da, normaltasunean gaudelakoan"

Iragan abenduaren 14an Nafarroako Vascuencearen legeak babesten duen hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko ekintza egin zuten EHE Euskal Herrian Euskarazeko hiru lagunek Nafarroako parlamentuan. Horretaz eta EHEk azken hilabeteotan egin duen hausnarketa prozesuaz hitz egin du Azaitz Gartziarekin Hala Bedi irratiko Igor Goikoleak.


Euskararen ofizialtasunaren defentsan itxialdia egiten ari dira EHEko hiru kide Euskarabidean

Abenduan, Nafarroako Parlamentuan kateatu ziren Euskal Herrian Euskarazeko hiru kide, euskararen ofizialtasuna exijitzeko eta, Mozal Legea aplikatuta, guztira, 900 euroko isuna ezarri zieten.


2017-02-23 | Goiena
"Euskaraz Bizi Eguna" egingo dute martxoaren 18an Arrasaten

Euskal Herrian Euskaraz elkartearen egun handirako egun osoko egitaraua prestatu dute. Martxoaren 18a "Euskaraz bizitzeko hautuari bultzada emateko eguna" izan dadila gura dute.


Arrasateko EHEk euskaldunak aktibatzeko kanpaina hasi du San Joanetan

Arrasateko Gaztiok Euskeraz Bizitzera Goiaz du izena kanpainak. Herritarrak egunerokoan euskara hautatu dezaten animatu nahi dituzte.


Baionan egingo dute Euskaraz Bizi Eguna apirilaren 16an

“Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” lelopean egingo dute Euskaraz Bizi Eguna apirilaren 16an Baionan. Euskal Herrian Euskarazek azaldu du “euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna” dela.


Nestor Esteban: “Iruņean euskaraz bizitzea posible dela demostratu diot nire buruari”

Nestor Esteban Euskal Herrian Euskarazeko kideak Iruñean 24 orduz euskara hutsez bizitzeko erronkari heldu zion abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Info7 irratian kontatu du bere esperientzia.


2015-09-11 | ARGIA
Arrasateko EHEk antolatuko du irailaren 12ko Argia Egun Txikia

Argia Eguna irailaren 20an izango da Oñatin, baina 12an Argia Egun Txikia Arrasaten. Herriko Euskal Herrian Euskaraz taldea indartsu dabil, eta oraingoan Argia Egun Txikia antolatzeari lotu zaio.


2015-04-20 | Igor Agirre
"Hizkuntza asko izan ditzake gutako bakoitzak; euskarak gu baino ez"

"Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera!" aldarri eginez ospatu dute Euskaraz Bizi Eguna larunbatean Otxandion. Festa eta aldarrikapena uztartuz, jende asko elkartu da eta egun osoko egitarauaz gozatu ahal izan dute.


2015-04-17 | ARGIA
EHEren deia Euskaraz Bizi Egunerako: Euskararen alde egotetik euskaraz egitera

Euskal Herrian Euskaraz taldeak Otxandio aukeratu du aurtengo Euskaraz Bizi Egunerako. Apirilaren 18rako egun osoko egitaraua prestatu du. Taldeak euskaldun guztiei dei egin die euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude