Dibortzioa 1204. urtean

  • Kairo, 1204. Emakume batek atzerrian lanean ari zen senar merkatariaren gutuna jaso zuen, lehenago emazteak bidalitako dibortzio eskaerari erantzunez. Gutuna Kairoko genizahko 300.000tik gora dokumentuetako bat da, Fustateko Ben Ezra sinagogan aurkitutakoa. Historialarientzat idatzi horiek  funtsezkoak izan dira Erdi Aroko Ekialde Ertaineko juduen bizimoduaren berri izateko.

“Kairoko tapiz merkatariak”, Jean-Léon Gérôme (1824–1904). Hizpide dugun eskutitzaren egilea ere merkataria eta Kairokoa zen, baina lanak Indiara eraman zuen. Etxetik kanpo luze egon ondoren, emazteak dibortzioa eskatu zion eta senarraren erantzuna gugana
“Kairoko tapiz merkatariak”, Jean-Léon Gérôme (1824–1904). Hizpide dugun eskutitzaren egilea ere merkataria eta Kairokoa zen, baina lanak Indiara eraman zuen. Etxetik kanpo luze egon ondoren, emazteak dibortzioa eskatu zion eta senarraren erantzuna guganaino iritsi da.

Gutunaren egilea merkatari judua zen, eta Erdi Aroan ez zen hura lanbide samurra familiarteko harremanekin uztartzeko. Merkatariaren eta emaztearen izenik ez dakigu, baina bai senarrak denbora luzea eman zuela etxetik urrun, Aden hirian (India) eta inguruetan negozioak egiteko, horrek senar-emazteen arteko harremana gaiztotu zuela, eta, azkenean, emazteak dibortzioa eskatu ziola.

“Zure nahia hori baldin bada, ez dizut leporatuko. Itxaronaldia luzea izan baita. Eta ez dakit Sortzaileak berehala laguntza emango didan eta etxera joateko aukera izango dudan, ala luze joko duen, ezin baitut etxera esku hutsik itzuli. Horregatik, aske uzten zaituen zedula igortzea erabaki dut. Orain erabakia zure esku dago. Niregandik banandu nahi baduzu, onar ezazu arbuiatze-agiria eta aske izango zara. Baina zure erabakia eta nahia ez bada, ez ditzagun alferrik galdu zain eman dituzun urte hauek guztiak: agian ordaina gertu dugu eta, bestela, damuak zentzurik ez duen garaian damutuko zara beharbada”.

“Eta, mesedez, ez egotzi errua niri, ez zaitut sekula deskuidatu, eta beti egin dut ahalegina biok nire ohorea kaltetzen duten zurrumurruetatik babesteko. Zuk ukatu nauzu, ez alderantziz. Ez dakit erabakia zurea edo beste norbaitena den, baina, honen guztiaren ondoren, arren ez esan, ez zuk ez beste inork: hau da harengandik jasoko dugun saria eta ordaina. Egun guztia bihotz bakartia minez dut bananduta gaudelako. Min hori sentitzen dut lerro hauek idazten ari naizela. Baina erabakia zeurea da. Banandu nahi baduzu, aurrera; gauzak dauden bezala utzi nahi badituzu, berdin. Baina ez jarraitu lehen bihozkadari. Eskatu aholkua pertsona zintzoei eta pentsatu zuretzat hoberena zer den. Jainkoak lagun zaitzala erabaki egokia hartzen”.

Ez dakigu zurrumurruek zer zioten edo oinarri sendorik ote zuten, eta, batez ere, ez dakigu emazteak azkenean zer erabaki hartu zuen. Gutun hori eta beste asko Shelomo Dov Goitien (1900-1985) etnografo eta historialariak bildu eta itzuli zituen Letters of Medieval Jewish Traders (Erdi Aroko merkatari juduen gutunak) liburuan. Haren ustez, salerosle judua Egiptora itzuli zen, eta, emazteak arbuiatze-agiria onartu izan balu, senarra ziurrenik Adenen geratuko zen. Hala, Goitienek dionez, “urte luze gogor haiek ez ziren alferrikakoak izan. Azkenean, bidaiariarekin elkartu zen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erdi Aroa
Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Harakin eta zirujau

Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa... [+]


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Marco Poloren mundu sinesgaitza

Venezia, 1324ko urtarrilaren 8a. Marco Polo bidaiari eta merkatari ezaguna hil zen, 70 urte inguru zituela. Hilzorian zela, inguruan bildutakoek Munduaren deskribapena liburuan kontatutakoak fikzioa zirela onartzeko eskatu omen zioten, baina hauek izan omen ziren bidaiariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude