Modernitate birrindua

Tranbien arteko talka Areatzan (1922). Olioa oihalean. 116 x 90 cm.
Tranbien arteko talka Areatzan (1922). Olioa oihalean. 116 x 90 cm.

Zer pentsatua ematen du Arte Ederretan lizentzia lortu duen batek, ikaslerik kaskarrena izanda ere, ez ezagutzeak, karreran inoiz entzun ez izanak izen hau: Antonio Gezala Ayrivie (Bilbo, 1889ko ekainaren 11 – Bilbo, 1956ko irailaren 13a). Zer pentsatua ematen du.

Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua nobelara ekarri du, mamira zein azalera; harrigarria da Begoña Sotari egin zion erretratua. Baina Tranbien arteko talka Areatzan hau ere ez da makala.

Zer pentsatua ematen du XX. mende hasierako euskal arteaz daukagun irudi lausoak beti jotzea klixera: mundu galduaren idealizazioa, jatorri mitikoaren purutasuna… eta dena berdina zela pentsatzea

Zer pentsatua ematen du XX. mende hasierako euskal arteaz daukagun irudi lausoak beti jotzea klixera: mundu galduaren idealizazioa, jatorri mitikoaren purutasuna… eta dena berdina zela pentsatzea eta horrekin geratzea, eta ez ikustea, printza bat izan arren, izan zela besterik, izan zela munduari beste begi batzuekin begiratu zionik, Antonio Gezala bezala.

Beste lan batzuetan egin zuen gisa berean, artistak hiriko giroa harrapatu nahi du bere mihisean, abiadura, zarata, mugimendua; abangoardien eragina nabari zaio, futurismo kutsua du. Bilbon gaude 1922an, hiriak ordurako 120.000 biztanle ditu. Hiri modernoa da Gezalak bere lanetan erakutsi nahi duena: autoak, tranbiak, argindarra, publizitatea, jendea, nor bere aterkipean. Eta bat-batean istripua.

Aita merkataria zuen, mundu horixe nahi semearentzat ere. Ikasle kaskarra zuzentzeko asmoz Bordelera bidali zuten 13 urterekin, eta gero Manchesterrera, 1904an. Ordukoa da ezagutzen zaion lehen marrazki kaiera. Merkataritza ikasketak utzi eta pintore izateko erabakia hartuta itzuli zen 1907an Bilbora.

Pinturan ez ezik, afixak egiten ere erakutsi zuen bere talentua, bai eta eszenografian ere. Berak egina da Eresoinkaren ikurra. Filatelian babestu zen gerra ostean.

Barne erbestealdi luzearen ondoren hil zen, 1956an.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude