Urkullu, bere gobernua eta bere alderdia egunero ari dira erakusten zer den beraientzat hazkunde ekonomikoa, enplegu sorrera eta ongizate estatua mantentzea. Hortik pentsa dezakegu euren politika ekonomiko eta sozialen filosofia ez dela Rajoyk ezarritakoaren ezberdina. Prekarietatea, behin-behinekotasuna eta desoreka dira haien ezaugarriak.
Joan den astean zutabe honetan azaldu genuen “euskal ongizate estatua”. Orain, datu lotsagarri batzuk nabarmenduko ditugu, EAEko enplegu publikoa zein eskasa den erakusteko. Sindikatu baten salaketaren ondorioz, jakin berri dugu Gipuzkoan 53 eta 60 urteko Osakidetzako erizaintzako bi laguntzailek, hurrenez hurren, behin-behineko 215 eta 197 kontratu sinatu dituztela azken lau urteetan. ELAren ustez Osakidetza Euskal Herriko aldi baterako lanerako enpresa handiena da (ETT, gaztelaniazko hizkiz), 14.000 bitarteko langile baititu eta %40ko behin-behinekotasuna. Zenbat behin-behineko kontratu daude Eusko Jaurlaritzako eta foru erakundeetako beste sailetan? Bi langile horiek hainbeste kontratu pilatu badituzte, ez al dira euren lanpostuak beharrezkoak osasun publikoak ongi funtzionatu dezan?
Enpresa pribatuen mesederako ehunka milioi euro bideratzen dituztenek AHT edo estadio publikoen proiektu anti-ekonomiko eta anti-sozialetara, zerga-erreforma justua aurrera eramaten ausartzen ez direnek, ezin dute baliabide ekonomikorik ezaren aitzakia jarri enplegu prekarioa mantentzeko. Esan dezatela garbi: hazkunde ekonomikoa eta zerga-erreforma enplegu prekarioaren bizkar eta patronalaren zerbitzura? Ez Osakidetza eta ez Jaurlaritza ezin litezke ETT bihurtu, baina gaur egun Euskal Herriko handienak dirudite.