AEBetako beltz zurienari buruzko maisulana

  • Azkenaldian telebistarako egin diren ekoizpenen artean zeresan handia eman dute O.J. Simpsonen kasua ardatz duten bi telesailek. Kasu ezaguna AEBetako gizartearen erretratu gordina egiteko baliatu dute.

Gertakari garrantzitsu ugari ematen ari ziren telebistan, baina jendeari bost axola, begirada guztiak AEBetako errepideak zeharkatzen ari zen Ford Bronco zuri batean jarriak baitzeuden. 95 milioi estatubatuar bilakatu ziren ihesaldi etsigarriaren lekuko. Auto horren barruan zihoan tipoa hain zen ezaguna, poliziak borondatez entregatzeko eskatu zion eta nazioarteko telebista kate gehienek ehunka ordu inbertitu zituzten kasuari jarraipena egiteko. Bai, O.J. Simpsonen kasuaz ari naiz eta konkretuki ESPN kateak ekoizturiko O.J.: Made in America telesail dokumental bikainaz.

AEBetako gizartearen azken 50 urteetako kezka ia guztiak biltzen dituen azterketa ikaragarria da O.J.: Made in America

Hasiera batean, O.J.: Made in Americak izan behar zuen telesail dokumental bat, zeinak aztertzen zuen azken urteetan AEBetako pertsonaia ezagun eta mediatikoaren ibilbidea, Making a Murderer ekoizpen harrigarriaren uharra jarraituz eta sekulako material mordoa erabiliz. “Hasiera batean” diot, garai hartako amerikar futbol jokalari onenaren bizitzaren errepasoa izan behar zuenak amaitu duelako izaten analisi argigarri eta sakon bat Ipar Amerikan arrazismoaren gai lazgarriari buruz. Eta batez ere, ikerketa ikaragarria, O.J. pertsonaiaren inguruan ziren arazo horiena guztiena.

Bost ataletan, O.J.-ren gorakada ikusteko aukera izango duzue, izar bihurtu zen arte; eta batez ere, izan zuen erorialdi ikaragarriari buruzko errepaso sakona ikustekoa. Nola ikasi zuen gazte afroamerikarrak bere mitoa eraikitzen futbol unibertsitarioan eta profesionalean; irudi hori mugaraino promozionatzen ikasi ere, AEBetako “beltz zuriena” bilakatu zen arte. Eta nola, bere emazte ohiaren hilketaren gauetik aurrera, amets hori betiko suntsitu z(u)en. Hain erreala eta gordina, Hollywooden gidoilari onenaren burutik irtendako istorio baten aurrean zaudetela sentituko duzuen. Dokumentala ez baita epaiketan eta adibide zehatz horretan soilik zentratzen, garai hartako testuinguruan kokatzen gaitu, Ipar Amerikak bizi izan zituen une latzak mahai gainean jartzen ditu, adibide zehatz honekin talkan: aipaturiko arrazismoa, basakeria poliziala, aberastasuna eta pribilegioak, etxeko indarkeria, komunikabideen eboluzioa, erlijioa... Azken finean, O.J.: Made in America bilakatu da gizarte estatubatuarra azken 50 urteetan kezkatu duen ia guztiaren 8 orduko azterketa ikaragarria.

“Mendeko epaiketa” deitu zioten, baina gehiegizkoa zirudien. 20 urte geroago, eta lan hau ikusi ostean, eufemismoa dirudi

Teknikoki aparta, ezin hobea, “gutxirekin asko” filosofia ardatz duena. Handikeriarik gabe eta birsortze konplikaturik txertatu gabe, narrazio nagusia batik bat artxibo irudiek eramaten dute aurrera, baita elkarrizketatuen testigantzek ere –70etik gora jaso dituzte, gertakariak ahalik eta detaile handienarekin dokumentatze aldera–. Irudien bilketa, sailkapena eta egindako muntaia lana ahozabalik geratzeko modukoa da. Lehen bi atalak geldoagoak diren arren, ezinbestekoak iruditu zaizkit, gu ikusle bezala istorioan patxadaz kokatzeko, gure garuna informazio garrantzitsuz bete eta hirugarren ataletik aurrera –epaiketa prozesua hasten den unea–, datu horiekin xehetasun guztiak azken zirrikituraino ulertzeko. 1995 urtean “mendeko epaiketa” zela esaten zutenean gehiegizkoa zirudien. 20 urte geroago eta lan hau ikusi ostean, eufemismoa dirudi.

Gertakari berak ardatz hartuta, American Crime Story telesail bikaina ere estreinatu zuten iaz. Pentsa dezakezue bi ekoizpenak egiazko gertaeratik denboran hain gertu izateak haien aurka jo dezakeela eta ez gaituztela harrituko sorpresa eragin beharko luketen hainbat gertaerak edo datuk. Utikan aurreiritziok. Bietan, O.J. Simpson ia gutxienekoa dela esango nuke, gizakiari eta krimenari buruzko erradiografia apartak baitira, sakontasunean aztertuta gainera. 2017an gertatzen ari dena ikusita, badirudi AEBetako gizarteak oraindik ez duela lezioa ikasi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude