Multinazionalen interesak zaletuen gainetik

  • Kaleratze behartu baten istorioa da Italiako AC Reggiana futbol taldeak bizitakoa. Europan herritar eta zaletuen autogestiotik eraikitako futbol zelai bakanetakoa 2013an Mapei multinazionalaren esku geratu zen. Eraikuntzaren burbuilaren leherketa eta kudeaketa txarra baliatu zituen Giorgio Squinzi enpresariak herriarena zena bereganatzeko.

Mapei multinazionalak Reggianaren sinbolo eta koloreak harmailetatik ezabatzeko asmoari erantzunez kalera atera dira zaletuak
Mapei multinazionalak Reggianaren sinbolo eta koloreak harmailetatik ezabatzeko asmoari erantzunez kalera atera dira zaletuak

Futbol zelai erosi berrian Mapeik ezarri nahi dituen aldaketen aurka kalera atera dira Italia Iparraldeko Reggio Emilia herriko biztanleak. US Sassuolo futbol taldea ere multinazionalarena da eta Reggiora eramatea erabaki zuten. Hartara, egun zelai berean jokatzen dute bi taldeek. Azken asteetan giroa nabarmen okertu da multinazionalak Reggianaren sinbolo eta kolore granatea harmailetatik ezabatzeko asmoa adierazi ostean.

Reggio Emiliako Udalaren eskaerei entzungor eginez, estadioaren kanpoaldeko paretetako kolore granatea eta sinbologia kendu ostean, futbol zelaiaren barnealdeko adierazpen granaterik txikienak ere ezabatu egingo dituela adierazi du Giorgio Squinzi jabeak eta leku horietan multinazionalaren publizitatea ezartzeko eskubide osoa duela nabarmendu du. US Sassuolo hauspotu eta AC Reggiana zokoratu beste asmorik ez duen erabaki baten aurrean daudela salatu dute Reggianaren zaletuek.

AC Reggiana autogestiotik desjabetzara
1993. urtean AC Reggiana-k lehen mailara igotzeko promozioa irabazi zuen. Garaipen hark hauspotu zuen futbol zelai berri bat eraikitzeko nahia. Elkartearen helburua zen futbol zelaia, erakunde edo kapital handien eskuetatik at, modu autonomoan eraikitzea. Autogestioa oinarri, eskualdeko enpresa txiki, abonatu eta zaletuen diru ekarpenekin, 1995. urtean eraiki zuten Stadio Giglio futbol zelaia.

Krisi ekonomikoak eta zuzendaritzak kluba eta futbol zelaia kudeatzeko hartutako erabakiek AC Reggianaren bideragarritasun ekonomikoa kinka larrian jarri zuten. Taldearen egoera iraultzeko saiakerek porrot egin zuten eta futbol taldea desagertu egin zen. Auzolanean eraikitako futbol zelaia hiriko epaitegiaren esku geratu zen.

Urte batzuk geroago epaitegiek festadioa enkante publikora eraman zuten. Enkante publikoak hartu zuen dimentsioaren jakitun Reggianak uko egin zion parte hartzeari eta Italiako enpresa handi eta multinazionalek hartu zuten parte. Taldearen identitatea errespetatzearen truke eta futbol zelaia goitik behera aldatuko zuen inbertsio plan bat aurkeztu ostean, 2013an Giorgio Squinzik zuzentzen duen Mapei multinazionalak irabazi zuen enkantea. 15 urteren buruan autogestioren oinarrietan eraikitako futbol zelaia Italiako enpresa indartsuenetako batek erosi zuen.

Cittá del Tricolore estadioaren (epaitegiak izena aldatu zion) erosketa, Squinzik futbolaren munduan eginiko bigarren transakzio handia izan zen. Urte batzuk lehenago Modena probintziako Sassuolo hiriko US Sassuolo klub xumea erosi zuen enpresariak. Sassuoloko taldearekin egin duen moduan, Reggianako futbol zelaiaren aktibitatea goitik behera aldatu nahi du Mapeik izaerari edo identitateri erreparatu gabe.

Reggianako zelatuen protesta: “Oggi giochiamo anche noi” (gaur geuk ere jokatzen dugu).

US Sassuolo Reggio Emiliara
Reggioko zelaia 2013an Sassuoloren etxe bihurtu zenetik, han herriko taldeak ere jokatzen duela ezkutatzen saiatu da multinazional italiarra. Inork espero ez zuenean eta Reggianari zein Udalari emandako hitza jan ostean, ekarri zuen Squinzik Sassuolo Reggiora. Enpresak hitz emandako irabazien izenean Modenako taldeak bere hiria eta zelaia utzi behar izan zituen Reggio Emiliara emigratzeko. Erabaki horren inguruan jarraitzaileek zer esaten duten jakitea interesgarria litzateke.

“Mapei-k bere jabetzak elkartu nahi ditu, horrela irabazi ekonomikoak handituko dituelakoan”, zioen “Sassuolo via da Reggio” (Sassuolo Reggiotik kanpora) iniziatibaren antolatzaileetako batek pasaden igandean Gazetta di Reggio egunkarian. Mapeik bere jarduna promozionatzeko leku aproposa bilatu du futbolean. Halere, bere asmoak kolokan jarri nahi dituen zalegoarekin egin du topo Mapeik Reggio Emilian. Mobilizazioak antolatzeaz gain, zaletuek Reggio Emiliako udalari esku har dezan exijitu diote.

Gaur gaurkoz Mapei Stadium izena hartu duen futbol zelaian talde bakarrak jokatzen duela dirudi. 1990ean kapital handietatik urrun eraiki zen futbol zelaia kapitalak berak du azpiratzen. Sassuolok lehen mailan jokatzen du eta Reggianak 2.B mailan. Reggiana eta inplikazioa ala Sassuolo eta irabazi ekonomikoak. Eta erdian desjabetuta dagoen sentimendua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Futbola
Lesio larriak, talde kriminala izatea eta gorrotozko delituengatik ikertzen dituzte Indar Gorriko kideak

Asteazkenean atxilotutako Indar Gorriko 61 kideak libre utzi ditu Iruñeko Instrukzioko 4. epaitegiak, behin-behineko askatasunean eta kautelazko inongo neurririk gabe.


Indar Gorriko 61 kide atxilotu dituzte Iruñean

Espainiako Polizia Iruñean, Sevilla eta Madrilen egiten ari den operazio baten barnean atxilotu dituzte. Iazko urrian Betis-Osasuna partidaren aurretik egondako istiluak ikertzen ari dira.


Eguneraketa berriak daude