"Neskak indartsu datoz, baina gizartearen begiradak boterez husten ditu"

  • Etorkizunaren hauspoa ei dira gazteak. Haiei omen dagokie belaunaldi zaharren inertziak astintzea. Eta, hala ere, sarri errazagoa eta erosoagoa zaigu haiek ere zorrotz betetzea tradizioaren mandatuak. Miriam Aleman hezitzaile eta Candela elkarteko kidearen iritziz, denok dauzkagu gure barruan hobeto bizitzeko tresnak, baina gazteak dira eraldaketa hori sortzen azkarrenak. Sexualitatearen esparruan, horretan ari dira dagoeneko.


2017ko martxoaren 12an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Miriam Aleman Calatayud 1983, Bartzelona (Katalunia)

Filosofia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta gero ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen ekoizpenari buruzko ikasketak egin zituen. 2009az geroztik, Candela elkartean ari da lanean eta hezkuntza-komunitateari begira antolatzen diren proiektuak koordinatzen ditu. Candelako jardunaz gainera, kultur ekoizpenean ere badabil.

Candela elkarteko kidea zara. Nola iritsi zinen horra?

Militantziaren ondorioz iritsi nintzen elkartera, ez ikasketen ondorioz. Kaleko feminista nintzen ni, erraietakoa, eta baneukan halako sentipen bat, eragin politiko murritza geneukala, nolabait. Candela ezagutzen nuen jada, ez zen zehazki gaur egun dena, baina bazen gizarte eraldaketa feminista lortu nahi zuen proiektu bat, hezkuntzarekin eta bortizkeriaren prebentzioarekin lotua. Hainbat adiskide zebiltzan lanean, eta haiek adituta, bertan sartzeko gogoa piztu zitzaidan. Sartu nintzen, eta nire alaba da orain.

Nola aldatu da elkartea sartu zinenetik hona?

Ni sartu nintzenean jardun militantea zen, nahiz eta auto-enplegua sortzeko asmoa ere eduki. Orain ari garen taldea osatu zenean, berriz, lehentasunezko helburu bilakatu zen elkarteko lanari esker bizi ahal izatea. Lan honi denbora eskaini behar diozu, gauzak ikasi… beraz, lanbide bihurtzea bazen jarduna duintzeko modu bat. Hasieran, dirua lortzeko zerbitzari-lanak egiten nituen elkarteko lanaz gainera, eta ezin nion nahi adina tarte eskaini Candelari. Azkenean, apustua egin genuen, eta hementxe gaude. 2017an kooperatiba bilakatu nahi dugu, zeren, egiatan, kooperatiba baikara, elkarte baten gorputzean preso [barreak].

Zer egiten duzu elkartean?

Gazteen atala koordinatzen dut, nerabeekin eta gazteekin lotutako proiektu guztiak, hala nola formazioak eta tailerrak; El blog de la Lore blogaz ere neu arduratzen naiz. Bestalde, gazteekin aritzen diren profesionalak prestatzen ditut: osasungintzako langileak, irakasleak, gazteria teknikariak, gizarte-hezitzaileak…

“Gazteei nazka ematen die arautik kanpo dagoen sexuak, hots, jende eder eta gaztearen sexutik kanpoko guztiak”

Zeintzuk dira elkartearen zutarriak?

Oinarrizko feminismoa, hots, hobeto bizitzeko balio digun feminismoa, guztiontzat. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu gazteengana iristea, izan ere, hortxe baitago eraldatzeko gaitasuna. Pedagogia zehatz bat dugu abiapuntu: pertsona guztiek gordetzen dituztela beren barruan hobeto bizitzeko tresnak eta denok ohartzen garela gizarteko zerk ez digun onik egiten. Kontua da gazteak direla eraldaketan azkarrenak, oraindik ez baitute errotu egokitasun politikoa, beraz, pentsatzen dutena esaten dute, eta errazago lantzen dira estereotipoak eta usteak.

Egokitasun politikoa oztopo da, beraz?

Halako gauzak lantzeko orduan, ezin zeharkatuzko murru bat da egokitasun politikoa: helduoi izugarri nekeza zaigu egia esatea. Adibidez, dinamika bat daukagu nork bere jarrera homofoboak identifikatzeko. Dinamika hori egitean, jendeak astakeriak azaltzen badizkizu, badakizu lanean ari direla; beste batzuek, berriz, esaten dizute: ene, ba ez zait bat bera ere okurritzen… Horrela ezin diozu arazoari aurre egin.

Eta gazteen kasuan?

Gazteekin zeharo ezberdina da. Sexu aniztasuna lantzen dugunean, nazkaren gaia jorratzen dugu asko. Homofobia emozionala deitzen diogu horri, ez baita arrazionala, ez da buruan jaiotzen, eta badago modua hori errekonozitzeko eta deseraikitzeko.
Gazte batek esaten dizu: niri ez zait axola gayak badira, baina bi gizon bibotedun elkarri musuka… Nazka errekonozitzen badute, galdetu diezaiekezu ea zerk ematen dien nazka zehazki, zeren, adibidez, 80 urteko bikote baten musuak ere sortzen die hori, nahiz eta bikote heteroa izan. Beraz, egiatan nazka ematen die arautik kanpo dagoen sexuak, hots, jende eder eta gaztearen sexutik kanpoko guztiak, horrelaxe hezi gaituzte eta.

Zer metodologia darabilzue helduekin?

Lehen pertsonan egiten dugu lan eta saiatzen gara helduen begirada hausten: gazteek ez dakitela, gazteek harreman desorekatuak dauzkatela (helduenak halakoak ez balira bezala), gazteak oso matxistak direla (matxismoa neurri batean helduengandik etorri ez balitzaie bezala), eta abar.

Pentsatzen dut bullying kasuen ostean deituko dizuetela sarri eskoletatik.

Bai, eta guk beti esaten dugu prebentzioa oinarrizkoa dela. Bullyinga gertatu aurretik deitu behar ligukete.

Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik da hain garrantzitsua prebentzioa?

Batetik, bazterketa beti dagoelako: patriarkatua hor dago, baita homofobia ere. Dagoeneko gertatu dira gauzak, kontua da zu ez zarela ohartu.

Bestetik, adibide bat ipiniko dizut. Asko gertatzen da orain, neska batek argazki sexy bat bidali diola gustuko duen mutilari edo bikotekideari edo dena delakoari eta gero tipoak Katalunia osora zabaldu duela. Zer dago horren atzean? Emakumeen sexualitatea zigortzea, argi uztea emakumeok ez daukagula eskubiderik esparru publikoan egoteko eta geure sexualitatea erakusteko. Gertatu ostean heltzen badiozu gaiari, neska horren disgustua instrumentalizatuko duzu, eta bestelako esku-hartze bat egin behar duzu. Gertatu aurretik lan eginez gero, ordea, jorratzen baduzu argazki bat baimenik gabe zabaltzea mina egitea dela, erasoa dela, bada akaso zabalduko da hala ere, baina gertatzen denean, beste modu batean hartuko da, ez da oihanean jausiko. Gazteek jada kontzientzia hartua dute horri buruz, gorputzetik pasatua izango dute.

Zer-nolako sexu-heziketa jasotzen dute gazteek?

Gure gizartean tabu bat da sexualitatea, nahiz eta, aldi berean, gizarte hiper-sexualizatu bat izan, emakumeen aurkako indarkeria oinarri. Tailerrak egitean, sexualitatearen arriskuei buruz hitz egiten zaie gazteei. Egiatan, nerabeek sekulako premia daukate sexualitateari buruz hitz egiteko, galdetzeko, ikasteko, eta behingoagatik tailer bat eskaintzen dietenean, zera, esaten diete gaitz beldurgarri batek jota hil daitezkeela ez badute ondo egiten. Inork ez die plazera aipatzen. Gure abiapuntua horixe da: plazera, nork bere sexualitatea, eta eskubide sexualak eta erreproduktiboak.

Badakit zaila dela halakoak egitea, baina aipatuko zenidake zer-nolako egoerak ikusi dituzuen ikasgeletan, oro har?

Batzuetan izugarri baikorra naiz eta iruditzen zait bihar bertan amaituko dela patriarkatua, eta beste batzuetan, berriz, iruditzen zait zulo madarikatu batean gaudela eta ez garela sekula aterako.

Hala ere, esango nuke neskak, oro har, indartsu datozela, eta gizartearen begiradak boterez husten dituela batik bat. Neska batek ile luze-luzea badauka eta asko zaintzen badu bere itxura, gaizki iruditzen zaigu, eta akaso neska hori oso potentea da eta oso argi ditu gauzak. Eta dena delako neskak sexu-harremanak baldin baditu, gizarte-zerbitzuetako langile batengana bidaltzen dugu zuzenean. Sexu-aniztasuna dela-eta, nerabe lgtb-ak [lesbiana, gay, transexual, bisexualak] sekulako indarrarekin datoz; sekulako oinazea pairatzen dute isilpean, baina badoaz aurrera, armairutik ateratzen dira, eta ez da gutxi. Ni neu nerabea nintzenean, inor ez zen armairutik ateratzen institutuan, handik alde egin arte itxaroten genuen. Mutilak… tira. Jarrera aldatu beharko dute noizbait.

Oro har, egonezin handia ikusten dugu ikasgeletan.

“Nerabeek sekulako premia daukate sexualitateari buruz hitz egiteko. Tailer bat eskaintzen dietenean, zera, esaten diete gaitz beldurgarri batek jota hil daitezkeela ez badute ondo egiten”

El blog de la Lore izeneko blogaz arduratzen zarela esan didazu lehen. Azalduko zenidake proiektu hori zer den?

Gure ametsa da gazteentzako harrera-gune bat sortzea, aurrez aurrekoa; aspalditik daukagu amets hori buruan, eta gero eta hurbilago dagoen arren, oraingoz ezinezkoa da eta hori ordezkatzeko-edo jarri genuen martxan bloga orain dela lau urte. Laguntza emateko balio du: tailerrak amaitzean, txartelak eskaintzen dizkiegu gazteei, zalantzarik edo galderarik badaukate oraindik, bada horiek bidal ditzaten, modu anonimoan. Gero, neska lesbianei eskainitako atal bat ere badaukagu, hor hutsune handia dago-eta.

Zer-nolako gauzak galdetzen dituzte?

Batez ere, sexu-orientazioari buruzko galderak egiten dituzte, eta “kondoia hautsi zait” modukoak. Neska askok idazten digute esanez ez dutela plazerik sentitzen beren mutil-lagunekin dauzkaten sexu-harremanetan. Frustrazio handia agertzen dute. Mutilek ez dakite zer den klitoria, eta beraz, sarketa da jaun eta jabe, eta neskek ez dute ondo pasatzen. Horregatik ere kritikatzen dugu sexu-heziketa tradizionala, kondoiak nola ipini erakusten dute, eta kito. Aski da. Sarketa ez da sexu-praktika bakarra, ezta garrantzitsuena ere, eta kondoia ipintzea ez da hain zaila, ikasiko dute, ez dira leloak. Kezkagarria da hainbeste galdera egitea horri buruz, baina badu alde onik, zeren neskak jakitun dira eta adierazi egiten dute, ez dute onartu nahi orgasmorik gabeko harremanik.

Orain bi urte, Oasis izeneko udalekua jarri zenuten martxan, lgtb gazteei zuzendua. Nolatan sortu zen ideia hori?

Egia esan, aspalditik generabilen ideia buruan, eta ez soilik Candelako kideok. Proiektua bera Candelak kudeatzen du, baina kanpoko kolaborazio asko ditu. Ikasgeletan, beti topatzen dugu genero-adierazpen diferentea daukan nerabe bat, gaia gertutik bizi duena eta bakarrik sentitzen dena, eta geure artean esan genuen: ez al litzateke itzela izango denak elkartzea, han eta hemen bakarrik sentitzen diren horiek guztiak batzea?

Argazkia: Dani Blanco.

Halako proiekturik ezagutzen al zenuten?

AEBetan badaude halako proiektu batzuk, beraz bagenekien ez zela hain gauza arraroa, baina ez gaude haiekin harremanetan. Gu geu ari gara proiektua eraikitzen etengabe. Hala ere, argi dago bazegoela premiarik. Espainiako Estatua basamortua da zentzu horretan, eta oasi horietan estatu osoko jendeak eman zuen izena, nahiz eta guk, hasiera batean, Kataluniara begira antolatu.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Itzela. Candelan egin dudan proiektu ederrenetako bat da. Parte hartu dutenentzat ere halaxe izan da; batzuk bi txandetara etorri dira eta sinestezina da zenbat aldatu diren urtebeteko epean, batez ere mutil transak: nola hitz egin duten, nola dauden, zer-nolako itxura duten… Askoz gusturago daude beren buruarekin.

Familiako kideek ere asko eskertu dute erreferente positiboak ezagutzea. Proiektuaren oinarrietako bat da hori, izan ere, halako mito batzuk daude, adibidez, emakume trans guztiak sexu-langileak direla eta lgtb jendea ez dela zoriontsu. Orduan, gu ikusten gaituzte, ikusten dute gustura ari garela gure lanean, pozik bizi garela… Lasaitu egiten dira.

Homofobiari buruzko lege berria onartu zuten Katalunian 2014an. Zer deritzozu?

Ez dut legea sakonean ezagutzen, hala ere, legeen harira, zerbait esan nahi nuke. Orain dela zenbait urte, legeen guztiz kontrakoa nintzen, eta egia esan, ikuspegia aldatu dut, ikusitakoaren ondorioz. Kaleko borrokan ari zarenean, ez zara konturatzen borroka ez dela iristen emakume mordo baten premietara, bortizkeria pairatu eta sarerik ez daukatenengana. Legea lagungarria da, nahiz eta ez den nahikoa, lege paternalista da, estatuak ez du sekula egingo ezer bere buruaren aurka, eta abar, eta abar. Tresna bat da, azken batean, eta horrelaxe hartu behar dugu. Ez da panazea, baina ez da hutsaren hurrengoa.

Candelako lanaren ondorio al da ikuspegi-aldaketa hori?

Dudarik gabe. Errealitate zabalago bat ezagutu dut elkarteko lanari esker. Malguagoa naiz. Adibidez, sexualitatearen harira, prebentzioa da kalteak murriztea. Ez dago erabateko prebentziorik, edo bai, baina horretarako zure burua zelofanean bildu beharko zenuke eta orduan jo larrua nahi duzunarekin, eta tira, ez nizuke hori gomendatuko. Beraz, kalteak murriztu. Egoerarik idealena ez da 15 urteko neska batek pilula hartzea, baina dena delako arrazoia dela medio ez badu kondoia erabiliko, bada, orduan, har dezala pilula. Testuingurua ezagutu behar dugu, eta horren arabera ekin, eta ez bota super epai moralik, horixe egiten baitu gaur egun hezkuntzak eta gizarteak. Neska batek bereak eta bi aditu behar ditu pilula hartu badu. Begirada horrek suntsitu egiten ditu, boterez hustu, eta ez da batere lagungarria. Hori bai, gero neskentzako autoestimu tailerrak antolatzen dituzte etengabe. Neskak behin eta berriro ergeltzat hartu ostean zer autoestimu sustatu nahi dute?

Azken hitza: Poza eta beldur bat

Miriam Aleman orain dela zazpi urte hasi zen Candelan lanean. Ibilbidea baloratzeko eskatu diogu: “Maite dut nire lana, izugarri gozatzen dut. Iruditzen zait gehiago eragiten dudala orain, hala ere, bestelako politika jorratzeko energia kentzen dit, eta horrek apur bat beldurtzen nau. Baina tira”.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexualitatea
Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Bi eraso homofobo salatu dituzte Gipuzkoan

Soraluzen Señora Bertso egunean eta Tolosako Inauterietako Zaldunita gauean bi eraso homofobo izan direla salatu dute.


Eguneraketa berriak daude