argia.eus
INPRIMATU
Luzaroan aritzeko gogoarekin
Joxi Ubeda Goikoetxea 2017ko martxoaren 08a
Passepartout. Passepartout. Autoekoizpena, 2016

Passepartout Azkoitiko taldeak bost kanta grabatu ditu eta Interneteko Bandcamp plataforman jarri ditu (passepartout.bandcamp.com) doan deskargatzeko moduan. Ez da denbora asko taldea sortu zela, urtebete inguru, eta bost kantu hauek grabatu dituzten lehenak dira. Azpeitiko 2Noisy estudioan aritu dira.

Itzi Beitia (teklatuak), Jontxu Ape (baxua), Ruben Lizarralde (gitarra), Tomas Lizarazu (gitarra eta ahotsa) eta Xabi Arrieta (bateria) taldekideek entseatzeko lokalean ordu asko egin dituztela nabari da, kantuak arretaz lantzen, moldaketak egiten eta erritmoak, doinuak eta leloak fintzen.

Kantuetan melodia politak entzun daitezke. Erritmo aldaketak egiten dituzte eta ongi uztartzen dituzte lasaiak diren giroak eta indartsuagoak diren beste batzuk, baina intentsitatea mantendu egiten dute.

Beren kezken eta sentipenen berri jakinarazten dute kantuen bidez: “Atzetik aurrera irakurtzen ditut liburuak, eragozpenak utzirik dauzkat lurperatuta” (Atzetik aurrera), “Planeta txiki honetan oinutsik geratu gara sabel-zulo bakoitzean” (Belatz), “Guk eraikitzen jarraitu nahi dugu sekula norantza ahaztu gabe” (Halley 62), “Ezinaren besoetan aurkitzen garen hontan ezinaren besoetan izenik ez da behar” (Oskarbi); “Bukatu hasi duzun mundua, ez utzi margoak besteen esku, erakutsi didazun guztia nirea balitz maiteko ninduzun” (Bazterretan zehar).

Heldu berriak dira, baina luzaroan aritzeko gogoarekin. Taldekideek ongi ulertzen dute elkar, eta argi daukate zer egin nahi duten eta nola. Hori suma daiteke bost kantu hauek entzuterakoan eta beren jendaurreko emanaldi batean egonez gero. Jendaurrean jotzen dutenean grina eta kemen handiarekin aritzen dira, beren kantuak jotzen ederki pasatzen dutela argi ikus daiteke, barruan duten guztia ematen, eta hori guztia transmititu egiten dute.