argia.eus
INPRIMATU
Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2017ko martxoaren 08a

Ez dut gogoan esaldi hori neuk bota izana, baina maiz entzun dut eta buruaz igorleari arrazoia emango nion batzuetan ziurrena. Zenbat denbora eta euskara-ikasle potentzial galdu dugu euskaldunok era horretako esaldietan? Eta ze gutxitan aldarrikatu dugun –benetan nahi bagenuen erdaldun horrek euskara ikas zezan– harentzat euskalduntzea debalde izatea.

Batzuetan uste dugu munduko gauzarik normalena dela pertsona bat gure herri gutxitu/ukatu/asimilatu/txiki/berde/zahar/arrautzailera iristea eta 2-3 urte euskara ikasten ematea milaka euro ordainduta.

Berriki Dani Alvarezek Aizu aldizkarian zioen euskaldunok asmatu beharko genukeela erantzun on bat galdera honentzat: ingelesa adibidez bidaiatzeko, lana lortzeko eta abar, erakargarria bada, zertarako behar da euskara ikasi?

Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi” diote batzuek batere enpatiarik gabe, “horrengana” (euskarazko) jarrera abegikor batekin hurbildu gabe. Eta kontrara inoiz ez da esaten “hori bizitza guztia hemen eta ez da alfabetatu”, izan ere, beste “hori” etxekoa da eta ulertu ere ulertzen dugu bere sasoian eskola erdaraz zela, eta horregatik irakurtzen/idazten duela erdaraz. Eta honek arnasguneetara darama nire gogoa.

Arnasguneei buruz zerbait entzuten dudanean normalean ez zait gustatzen. Ematen du biosferako babesguneak direla. Izan ere, ekosistema horietan berez ez dago arazorik, arazoak kanpotik datoz, kanpo-mehatxuak jasaten dituztelako, eta babestu behar ditugu. Tamalez, inkesta soziolinguistikoek diote arnasguneetan euskarak atzera egin duela, eta orduan migrazio-arrazoiak azaltzen dira. Neuk ez dakit badiren, baina bada barne-arazorik arnasguneetan (ere). 30 bat urteko gazte euskaldun batek euskaraz ia ezer irakurtzen ez duenean, adibidez.

Euskara batuak ez duenez molatzen, ez dute euskaraz nobelak, Berria edo ARGIA irakurtzen, holakoetarako badute erdara batu moloia. Eta euskara kultur-zientzia-pentsamendu hizkuntza ez denez, ez dute beharrik sentitzen zinema/telebista/internet euskaraz izan daitezen aldarrikatzeko. Nik nire itogunean eta beraiek beren arnasgunean berdin kontsumitzen ditugu pantaila handiko filmak edo gustatzen zaizkigun serieak. Erdaraz noski.

Euskotarrismoak badu asko itxurakeriatik eta gurasokeriatik, haserretzen eta kezkatzen gara gure umeak erdaraz entzuten ditugunean, telefono mugikorra eskutik askatzen ez duen gurasoak bere umeei hori egin ez dezaten eskatzen dienean bezala

Baina euskotarrismoak baduenez asko itxurakeriatik eta gurasokeriatik, haserretzen eta kezkatzen gara gure umeak erdaraz entzuten ditugunean, telefono mugikorra eskutik askatzen ez duen gurasoak bere umeei hori egin ez dezaten eskatzen dienean bezala.

Euskalgintza ere euskotarrismo horrek kutsatu/elikatu/subenzionatu/politizatu/despolitizatu zuenez, gaur egun jakitun gara duela 35 bat urteko euskara-politika instituzional zein “herrikoiek” eman dutena baino askoz gehiago ez dutela emango, baina ez dakigu zer egin. Baditugu aisialdirako mila elkarte, ehunka euskaltegi, itzulpen zerbitzu, euskara-teknikari, etab. guztiz beharrezko bai, baina ez nahikoak.

Euskara –gaztelania eta frantsesa bezala– heldu guztientzat debalde izan gabe ezin da normalizatu. Halaber, ume guztiei euskara ikasteko eskubidea bermatu behar zaie. Instituzioek lagundu behar dute euskaraz bizitzea errazago izan dadin zerbitzu eta hedabide publiko zein pribatuetan, liburu, aldizkari eta filmen sorkuntzan eta itzulpenean. Hori dena, ordea, alferrik izango da euskaldunek Egia eredutik jo eta euskara kultur-zientzia-pentsamendu hizkuntzatzat hartu ezean.

Orduan euskara ikasi eta erabiltzeko motibo erakargarriagoak izango dira.