Polizia grabatzeko deia egin ez digute ba oraingoan... Bulegoren batean imajinatzen dut dagoeneko norbait: “ARGIAko hauek konfliktibo xamarrak dira, eta noski, gero laguntzak jasotzean kexatu egingo dira”. Tira, oraingoan ez dira ARGIAkoak bakarrik, tartean dira Topatu, Ahotsa.info, Hala Bedi eta Ekinklik hedabideak eta Eleak/Libre mugimenduarekin elkarlanean. ‘Grabatzea ez da delitua’ bideo erreportaje sorta hasiak dira publikatzen.
Bidea estutzen ari dira nazioartean bezala gure bazterretan gune publikoetan gertatzen dena eta funtzionario publikoen jarduera libreki kontatzerako orduan. Mozal Legea tamalez ezagunegi zaigu dagoeneko, eta zalantzan jarri da herritarrok bezala kazetariok jarduera horiek grabatu edo horien berri emateko dugun eskubidea. Oinarri horretatik abiatutako bideo erreportajeak dira hilabete honetan Grabatzea ez da delitua izenaren azpian ikusi ahal izango ditugunak.
Donostiako Bulebarreko “kazetaria naizela! Kazetaria naizela!” oihuak ditut gogoan, Gazte Topaguneko ekitaldi publiko bateko irudiak argitaratzeagatik Audientzia Nazionalera bisitan joan behar izan zuen laguna ere bai, polizia gehiago grabatzekotan Mozal Legea aplikatuko zietenaren abisua jaso zuten kazetarien kasua ezin ahaztu, edo zenbait txiotan polizia operazio bateko irudiak plazaratzeagatik epaituko duten kidea ere badatorkit burura. Kolpeak. Isunak. Zergatik eta kalean gertatzen denaren edo poliziak egiten duenaren berri emateagatik. Beldurraren estrategia funtsean.
Ikus-entzunezko bildumatxoa beldurrari aurre egiteko elkarlanean oinarritzen da, eta helburu garbia du: gaiaz hitz egitea, eta herritar edo kazetari bezala ditugun eskubideak bezala legeak honen aurrean jartzen dizkigun mugak ezagutzea; inork zalantzarik izan ez dezan kamera pizteko eta kazetariok gure lana askatasunez egiteko. Lau erreportajeetatik bi argitaratu dira, eta datozen bi astelehenetan publikatuko dira besteak, gaiaren ertz ezberdinak landuz.