Fukushima + 6: fini dira kalteordainak, itzuli zure herrira, dena OK dago

  • Apirilaren 1etik aurrera Fukushima inguruko herri gehienetako biztanleei kenduko zaie derrigorrez ebakuatzeko agindua. Esan nahi ote du arriskua amaitu zaiela? Ez: galduko dituzte ebakuatzeagatiko diru-laguntzak eta Estatuak lagatako etxoletan bizitzeko eskubideak, kutsatutako auzoetara itzuli nahi ez badute beraien borondatez izango da. Horrela normalizatzen da istripu nuklear baten biharamuna.

‘Fukushima Monitoring Project’ taldeak Facebooken daukan orritik hartutako argazkian, taldeko aktibista zaharrak Minamisomako kale batean erradioaktibitatea kontrolatzen. Ezkerrekoak lurzorutik metro batera irradiazioek ematen duten kopurua neurtzen ari d
‘Fukushima Monitoring Project’ taldeak Facebooken daukan orritik hartutako argazkian, taldeko aktibista zaharrak Minamisomako kale batean erradioaktibitatea kontrolatzen. Ezkerrekoak lurzorutik metro batera irradiazioek ematen duten kopurua neurtzen ari dira, eta eskuineko biek kopuruak dokumentatzen dituzte. Orain artean erakutsi dute agintariek aitortutakoa baino askoz kutsadura handiagoa dagoela eremuotan.

Sei urte geroago, Tokioko agintariek erabaki dute Fukushima Daiichiko zentralaren istripuak hurbilen harrapatutako jendeek nahikoa laguntza jaso dutela. Estatua ez dago dirua alferrik galtzeko: lau erreaktoreek oraindik isurtzen duten erradioaktibitatea ezin kontrolatuz jarraitzen dute, TEPCO konpainia kiebra zorian, istripuaren faktura gero eta astunago... Martxoa amaitutakoan, nola bizi behar dute 2011n Fukushima inguruetatik ebakuatzera derrigortutako jendeek?

Japoniako agintariek erabaki dute urtean 20 miliSiervert (mS/u) arteko kutsadura gauza eramangarria dela. Bide batez esanda, Europar Batasuna Euratom arautegiarekin basakeria bera onartzear da, baina apenas entzuten den inoren kexarik Europan. Fukushima inguruak berriro bizitzeko moduko eremu izendaturik, herritarrek ez daukate aitzakiarik etxera ez itzultzeko. Horien dramari jarraipena egiten dio Nos Voisins Lointains 3.11 [Urrutiko gure bizilagunak] blogak, Kurumi Sugitak frantsesera itzultzen dituela Fukushima inguruetako herritarrek japonieraz sarean argitaratutako lekukotasunak.

Esaterako, Saki Okawara andreak urtarrilaren 16an Facebookeko bere orrian kontatu du nolaz eraman dituen Kawauchi herrira 200 puntuzko arropa eskuz eginak Tokiotik boluntario batzuek bidali dizkiotenak hondamendiak kolpatutako jendeen elkartasunez. Kontatzen du ere Kawauchin ebakuazio agindua 2012an ezabatu zuela bertako alkateak. Ondorioz, abuztu hartan bukatu ziren derrigorrezko ebakuazioagatiko kalte-ordainetako batzuk. Baina legez arazorik ez egoteak ez zuen esan nahi benetan ez zegoenik: hilabete gutxiren buruan Kawauchitik ihesi Koriyaman aterpetutako herritarren elkarteko buruak internetez laguntza eske larria zabaldu zuen, 2013ko negua gainditzeko jendeak falta zituela arroza eta janzkiak bezalako oinarrizko gauzak. Horrela ezagutu zituen Okawara andreak Kawauchiko jendeak.

“Ebakuatzeko agindua indargabetzen denean, etxola probisionaletan bizi den jendeak galtzen ditu horiek pagatzeko dirulaguntzak, legearen arabera derrigortuta ez baina nahi dutelako bizi baitira herritik urrun. Benetan ebakuatuak izan arren, legez bilakatzen dira jishu hinansha, ‘auto-ebakuatuak’”. Orain horiek ere harrapatuko ditu Fukushima departamenduko agintariek etxola probisionalentzako diru-laguntzak eteteak.

Etxola probisionaletan bizi diren kawauchitarren lehendakari Atsushi Shidak Facebooken kontatu duena ere itzuli dute Nos Voisins Lointains 3.11en. Dio Shidak auzo probisionalotan bizi diren jendeen %90ek bertan segitu nahi duela. Zertarako itzuli sorterrira han ez bada inor eta ezer gelditu?

Jende gazteak alde egin zuen istripuaren ondotik, nork nahiko du familia eremu kutsatu batean haztea? Zaharretatik ere, ahal zutenak urrutiko hirietara joan dira seme-alaben ondoan bizitzera. Behin-behineko etxolotan geratu dira 80 eta 90 urtez gorako jendeak, bakarrak bezala bikoteak, asko larriki gaixotu edo ahulduak, soinez ez bada burutik. “Etxola probisionalotan bizitzea –dio Shidak– gero eta gogorragoa zaigu hemen gaudenoi baina are zailagoa litzateke hemendik kanpo bizimodua berriro antolatu beharra. Ziurrenik apiriletik aurrera are gehiago murriztuko dizkigute zerbitzuak. Hemen bizitzea zahar etxe batean bizitzea da baina laguntzaile profesionalik gabe”.

Boluntarioak atomoen bila

Oraindik 100.000tik gora dira Fukushimako hondamendi nuklearragatik urrundutako herritarrak. Horietako askok galduko dituzte laguntzak martxoa bukatzearekin. “Guk –idatzi du Kawauchitik ebakuatuen buruzagiak– sei urteotan ikasi dugu ebakuazioa oraindik asko luza daitekeela eta ingurumenaren kutsadura urte askoz luzatuko dela, mendeetan iraungo duela”.

Txanponaren beste aurpegian daude derrigor etxeratutako jendeak, erradioaktibitatez kutsatutako inguruan bizitzera behartuak. Txernobyl inguruetako biztanleek 30 urteotan bizi duten tragedia dastatzen dute orain Fukushimakoek: nolaz biziraun duela urte gutxi arte ezin onartuzkoak ziruditen erradioaktibitate kopuruen artean?

Auzolanean, berriro. Pierre Fetet zientzialari eta lider antinuklear zaharrak bere Fukushima blogean kontatu du nola bolondres talde bat bildu den Minamisoma herrian eta inguruetan lurzoruan bezala airean dagoen erradioaktibitatea neurtzeko. Taldean gazteagoak ere badiren arren, gehienak erretretan sartutako jendez osatuta dago Fukushima Monitoring Project. Zaharrek beren gain hartu dute lana gazteak bezain sentiberak ez direlako erradioaktibitatearekiko.

Yoichi Ozawa ingeniaria buru dutela, kale, etxe, eraikuntza, baratze eta ahal duten guztietako irradiazio kopuruak neurtuz doaz, hark erakutsirik nola egin eta dokumentatu neurketak, eskuetan hartuta laborategietan usatzen diren neurgailuak: Hitachi Aloka TCS172B, Hitachi Aloka TGS146B eta Canberra NaI Scintillation Detector. Airea kontrolatzeko 75x100 metroko eremuetan sailkatzen dute ingurua eta lurzorukoa dokumentatzeko 375x500 metroko  guneetan. Lurretik 1,50 eta 100 zentimetrotara egiten dituzte neurketak.

Independentzia osoa dute, inolako lobbyk ez die aldarazten emaitza eta metodo oso zorrotzez ari dira, publikoki erakusten duten protokolo zientifikoa jarraituz. Erradiazio kontuetan mundu mailako erreferentzia den Pierre Fetetek dionez “erakunde ofizialek eredutzat hartu beharko lukete talde honen lan egiteko modua”.

Ozawa eta bere erretretadun boluntario jendeak alerta jotzaileak dira osorik, hedabide nagusiek eta agintariek ezkutatuak gizarteari jakinarazten dizkieten jendeak, mundu osoko herritarrok babestu beharko genituzkeenak. Fetetek dioen moduan, “beren mapekin ohartarazten dituzte bertako jendeak: ‘Erne ibili! Lege kontraesankorrak daude Japonian eta agintariek esandakoa, alegia 20 mSv/u hartzeak ez dakarrela ondoriorik osasunean, ez da derrigor egia. Etxera baldin bazatozte, irradiazioak eta kutsadurak jasan beharko dituzue’. Frantzia erremedio bera ari da prestatzen, 2013/59/Euratom zuzentaraua nazioko lege ere bihurtuz; horrela hemen ere 100 mSv/u izango da muga larrialdi une batean eta 20 mSv/u ondorengo 12 hilabeteetan (eta ondoko urteetan, ezerk ez baitu bermatzen maila hori gero jaitsiko dutenik). Eta dosi horiek denei aplikatzen zaizkie, izan bularreko haur, ume edo emakume haurdun!”.

Diruak neurtzen espezialista den Nikkei konpainiak argitaratu du orain arte Fukushima 167.000 milioi euro kostatu dela. Ez ditu denak kontabilizatu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude