Azken egunotan, Baionako afixa-guneetan, hizki gorriz eta bi hizkuntzatan agertzen da botoa emateko deia. Aurten dauden hitzorduak ahantziko bagenitu bezala! Agian, askatasun indibidualaz gozatzen garen hondar hilabeteak ditugu eta maiatzaren 5etik hara bizitza erabat aldatuko zaigu: bistan dena, jauna/anderea, bozkatuko dugula…
Egunsenti batez, lasterka nenbilela, aldarri bitxia hurbilagotik miatzeko zortea ukan nuen. Harritua nintzen, sosegatua ere, ez bide zen egoera hain larria, jendetasunak bazuen egoera benetan latzei ihardukitzeko kemena eta indarra: lasai, potxola, irabaziko dinagu Dolores: “No pasarán!”.
Halatan, 2017ko Baionako Bestetako afixa botoz hautatzera deitzen gintuzten. Urte oroz bezala funtsean. Horrek lehendakaria aukeratzea baino garrantzi handiago bailuen. Etxera eta hiriaren webgunean sartu nintzen bost obrak aztertzeko: irudietako pertsonaia gehienak gizonezkoak ziren, salbu artista emakumezkoek aurkezturiko bi lanetan. Hain zaila al da paritatea margotzea?
Eroen Uhartea, snipperrik gabe ordea, laburbiltzen zuen obraren alde egin nuen klik bat. Udako beroa, jendetza, jotak Gaztelu Zahar aldean eta ikastolak apailatu taloak amestu nituen berehala.
Ordura arte iraun beharra zegoen.