argia.eus
INPRIMATU
Sustraiak Habitat Design
Permakultura oinarri, lurra biziberritzen
Garazi Zabaleta 2017ko martxoaren 02a
Permakulturaren bidez lurra emankorrago egiten dute eta habitatak berreskuratzen dituzte Habitat Design kooperatibako kideek.
Permakulturaren bidez lurra emankorrago egiten dute eta habitatak berreskuratzen dituzte Habitat Design kooperatibako kideek.

“Pertsona ‘birziklatuak’ gara Sustraiak Habitat Design kooperatibako kideak: lan industrialagoetatik gentozen, baina krisia eta beste arrazoi batzuk medio, bestelako bideak jorratzeari ekin diogu”. Eber Egino kooperatibako kidearen hitzak dira. Lorezaintza eta nekazaritza ekologikoa ikasi zuen berak, eta duela urtebete inguru jarri zuen martxan kooperatiba beste bi kiderekin batera: kimikaria lehena eta paisaia-pintore eta aparejadorea bigarrena.


Biziberritzea helburu


Habitatak biziberritzea da Sustraiak Habitat Design taldearen helburu nagusietako bat. Lurraldearen ikerketa lana egiten dute lehenik, lur horren beharrak zeintzuk diren jakiteko. Ateratako infor-mazioarekin, kooperatibak lurraldearentzako planteamendu oso bat egiten du. Orain, adibidez, Arabako Añanako kuadrillan dute martxan proiektua. “Permakulturatik lurralde horren kudeaketan egon daitezkeen aukerak aztertuko ditugu, eta batez ere, bertako errekurtsoak balioan jarri”, azaldu digu Eginok.

Administrazioarentzat ez ezik, nekazari txikientzat ere jarduten du kooperatibak. Lur-zati txikien kasuan, hidrologia aldetik sistema eraginkortzen saiatzen dira, baita mikrobiologia bidez eta oinarri ekologikoak erabiliz alorren emankortasuna berreskuratzen ere. “Egungo nekazaritza eta abeltzaintza oso erasokorra da lurrarekin eta pertsonekin. Kimiko guztiak kentzea eta aipatutako beste bide horiekin emankortasuna bilatzea da gure lana”.


Baso jangarrien ikastaroa


Kooperatibak antolatutako azken ekimenen artean, otsailean Suakin elkartearekin batera Etxalarren egin berri duten baso jangarrien ikastaroa dago. “Berez ez da baso bat, baizik basoa eredutzat hartzen duen nekazaritza mota bat”, dio kooperatibako kideak. Basoko sistema “kopiatzen” dute emankortasuna handitzeko. Geruza ezberdinetako zuhaitz, zuhaixka eta fruta-arbolak landatzen dituzte, eta animaliak sartzen (ardiak, behiak, oiloak...) ongarri sistemaren zikloa ixteko. Dibertsitate –eta aldi berean emankortasun– handiko sistema izan ohi da baso jangarria.