"Ura urtegietan bilduz gero, haren kontrola galtzen duzu"

  • Urak dakarrena, urak daroa… baldin eta ur hori urtegi erraldoi batean ez badute biltzen hamaika negozio egiteko.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Fito Jimenez (1950, Cintruénigo)

Ingeniari kimikoa. Erdialdeko Amerikan hamar urtez ibili zen errefuxiatuekin eta ingurumen proiektuetan lanean. Nueva Cultura del Agua fundazioko eta Nafarroako Urbizi plataformako kidea da. Ura eta baliabide naturalen kudeaketan eskarmentu handiko aditua. Itoizko urtegiaren aurkako txostenaren egilea da. Itoitz eta Esako urtegiaren handitzearen aurka eginiko lanagatik Coagret saria eman zioten 2014an.

Gabriel Arestiren “Bartzelonako unibertsidade mutil” horietako bat izan zinen?

Oraindik gogoan daukat poema hori, erdaraz. Sarriáko Kimika Institutuan ikasi nuen, Bartzelonan, Frankismoaren azken urteetan. Oso garai interesgarria izan zen. Politikara hurbildu nintzen bi bidetatik: alde batetik anarko-kristauak ezagutu nituen eta bestaldetik abertzaleak, Joxemi Zumalaberen bidez. Oso lagunak ginen. Bera izan zen nire lehen euskara irakaslea. Arestiren olerkiak ekartzen zizkigun eta buruz ikasten genituen. Bartzelonako euskal giroan eta ikasle batzordeetan mugitzen ginen. Ikasketak bukatutakoan Iruñera etorri eta bide komunista hartuta EMKn sartu nintzen. Garai hartan, frankismoaren azken urteetan, lehen mugimendu ekologistetan hartu nuen parte. Lanean ere alor honetan hasi nintzen berehala, energiari buruzko ikerketetan eta hondakinen kudeaketa plangintzak egiten.

Laster Erdialdeko Amerikara joan zinen. Zer dela eta?

80ko hamarkadaren bukaeran Nikaraguara joan nintzen Espainiako Agentziak kontrataturik hango gobernuarekin hondakinen plana egiteko eta uraren inguruko programa batzuk abiarazteko. Hango jendearekin oso lantalde ona egin genuen, baina 1990ean sandinistek hauteskundeak galdu zituztenean alde egitea nahiago izan nuen eta Guatemalara joan nintzen.

Zertara?

Hiru urte aritu nintzen nire kasa Chiapasen egondako Guatemalako errefuxiatuekin lanean, haien itzulera prestatzen. Han Rigoberta Mentxurekin aritu nintzen, Nobel saria hartu baino lehen. Oso harreman ona genuen. Diru aurrezkiak amaituta Iruñera itzuli nintzen 1993an eta Itoizko urtegiaren inguruko txosten bat egin nuen.

“Batzuek uste dute zenbat eta urtegi gehiago izan orduan eta ur gehiago dugula, eta hori ez da egia. Bizitzeko behar dena baino gehiago bilduz gero, berehala agertzen dira ur horren jabe egin nahi dutenak eta kontzesioak. Ondare publikoa pribatizatzen da, eta kontzesio horiek ezin dira gero kendu”

Eta gero berriz Amerikara?

Egia esan ikaragarri aspertzen nintzen, baina suertea izan nuen eta Munduko Medikuengandik jaso nuen deia, errefuxiatuen itzuleran berriz lan egiteko Amerikan. Erdialdeko Amerika osoan ibili nintzen, Chiapas, Nikaragua eta Salvadorren, batik bat.

Noiz itzuli zinen Euskal Herrira?

1998an. Bikotekideak, Pili Yoldi kazetariak, garapenaren inguruko lan bat egitera etorri behar zuen EHUra eta itzultzea erabaki genuen. Plentzian jaio zen gure alaba nagusia, baina berehala joan ginen Portugalera Munduko Medikuek han abiarazi nahi zutelako erakundea eta laguntza beharrean zeuden. Bi urte izan ginen han, hango mediku eta erizainekin lanean, oso jende jatorra, eta diru emaile sare sendoa eratu genuen. Programak abian jarri ondoren Iruñera itzultzea erabaki genuen. Gure haurra desgaitasun batekin sortu zen eta pentsatu genuen hobe izanen zela etxera itzultzea.

Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa enpresa publikoan hasi nintzen lanean eta hor izan naiz iaz erretiroa hartu arte.

 Ura-Nueva Cultura del Agua taldeko kidea zara. Zer da talde hori?

Penintsulan diharduen oso erakunde interesgarria da, bereziki akademiako adituek osatua. Uraren kudeaketa jasangarria ideiatik abiatuta, herri mugimenduei sostengu teknikoa emateko asmoarekin sortu zen. Guk Itoizko urtegiaren inguruko txostena egin genuenean haien laguntza izan genuen. Amerikatik itzulitakoan sartu nintzen eta orain zuzendaritza taldean nago, baina denbora gutxirako, gazteei bide eman behar zaielako. Haiekin harremanetan hemen Ura izeneko plataforma sortu genuen, baina orain aldaketa eginen dugu eta Urbizi izena izanen dugu hemendik aurrera.

Izenaz gain izaera ere aldatuko da?

Garai berri honetan sare bat antolatu nahi dugu. Asmoa da eskualdeetan uraren inguruan lanean ari diren kolektiboek batzordean protagonismoa hartzea: Esako urtegiaren aurka dagoen Zangozako jendea, Antzin eta Egaibarrekoak, Garesko historikoak, ubidearen aurka lan egin zuten Lerin, Carcar eta Miranda Argako aktibistak, Erriberri, Mendigorria eta beste herri askotako nekazariak eta Erribera, Baztan eta Sakanako taldeak ere hor egotea nahi dugu.

Uraren inguruko aldarrikapen nagusiak Itoitz eta Esako urtegi handien aurkakoak dira?

Urtegi horiekin astakeria ikaragarriak egin dira eta egiten ari dira. Nueva Cultura del Agua fundazioko bi kidek, Jose Manuel Naredo ekonomistak eta Federico Aguilera Klink La Lagunako katedratikoak, megaproiektuei buruzko oso liburu interesgarria argitaratu zuten. “Esne saltzailearen ipuina” bezala definitzen dituzte. Edozein megaproiektu aurkeztean beti argudio berdinak erabiltzen dituzte, berdin AHT, autobideak, urtegiak edo aireportuak izan. Itoitzen 8.000 lanpostu sortu, bi edo hiru mila nekazari finkatu, Agoitz eta Artzibarrera turismoa erakarri, industria garatu eta gainera ur emari ekologikoa ziurtatuko zuela esan zuten, beste gauza askoren artean. Neurriz kanpoko zenbakiak erakusten dituzte beti, eta gero errealitatea horren erdiaren erdia dela ikusten da.

Argazkia: Dani Blanco.

Proiektu horien beharra azpimarratzen dutela ere esaten duzu.

Eskaerak hanpatu egiten dituzte edo asmatu: Itoitz oso beharrezkoa dela esaten zuten Iruñean, adibidez, 2000. urtean 50 hm3 ur kontsumituko genuelako. Eta ez da horrela: 2015ean 30,2 hm3 gastatu ditugu, duela 30 urte bezala, nahiz eta orain 350.000 biztanle inguru izan, orduan baino 50.000 gehiago. Estrategia horrekin segituz, eskaera handitzen duten bitartean, oso kostu apalak aurkezten dituzte, eta bukaeran beti izaten da esandakoa baino askoz ere garestiagoa. Egiazko beharra bada erdiaren erdia, prezioa da bikoitzaren bikoitza.

Kasu guztietan “ezinbesteko” eta “eztabaidatik kanpoko” zerbait bezala aurkezten dute proiektua. “Estrategikoa” eta “interes orokorrekoa” dela diote beti eta hori esanda erabakitzeko demokrazia ukatzen dute. Ezin da askatasunez eztabaidatu.

Iruñerriak ez du Itoizko ura behar?

Iruñerriak Itoiztik urtean 20 hm3 kontsumituko zuela esan zuten eta bi kontsumitzen ditu. Gainera, milioi bateko kanon izugarria ari da ordaintzen, ia urik kontsumitu gabe. Arteta eta Eugiko urarekin aski dugu. Itoizko urik gabe, gehienez jota abuztu gorrian noizbait geldi gintezke zenbait egunez lorategiak ureztatu gabe. Hori litzateke larriena. Beste aukerarik bilatu gabe Itoizko ura hartzea erabaki da.

Nekazariak ez al zeuden uraren zain irrikan?

Jende asko sartu zen ubidearen lehen fasean, bi aukera zeudelako: sartzea edo desjabetzea. Horietako batzuek oraindik ez dute ezta hoditeria sistema jarri ere lursailetan eta beste askotxok ez dute ubideko ura erabili, beharrik ez dutelako izan. 

Bigarren fasean ikusiko dugu zenbatek nahi duten ubidetik ura hartu. Hasieran 20.000 hektareaz hitz egiten zuten, orain 15.000 edo 10.000, baina guk uste dugu 5.000 edo 6.000 hektarea baino ez direla sartuko. INTIA (Nafarroako Teknologia Institutua eta Nekazaritza Elikagaien Azpiegitura) lanean ari da eta txosten bat aurkeztuko die nekazariei dauden aukera eta prezio guztiak azalduz. Ubideaz gain dauden beste aukerak ere azalduko dizkiete eta haiek erabakiko dute. Oso txosten ona da eta informazio guztia ematea oso ongi dago.

Orduan, nork eta zertarako behar ditu urtegiak?

Garai batean interes orokorreko azpiegiturak ziren, populazioaren zati handi bat laborantzatik bizi zelako, baina gaur egun urtegi handiek eraikuntza enpresei eta etorkizunean urarekin negozioa egin nahi dutenei egiten diete mesede. Uraren merkatuak oso garrantzitsuak izanen dira etorkizunean.

Ura bildu, gero beste erkidegoei saltzeko?

Bai. Estatu mailan PSOEk Borrelekin ibai batzuetatik besteetara ura eramateko sare ikaragarria prestatu zuen, gero Zapaterok hankaz gora jarri zuena. Hala ere, aurrera doaz eta Acciona, Caixa, Agbar OHL… enpresa handiak dira negozioa egiteko prest daudenak. Honen aurrean guk uste dugu ura ibaian dagoela inon baino hobeki. Batzuek uste dute zenbat eta urtegi gehiago izan orduan eta ur gehiago dugula, eta hori ez da egia. Bizitzeko behar dena baino gehiago bilduz gero, berehala agertzen dira ur horren jabe egin nahi dutenak eta kontzesioak. Ondare publikoa pribatizatzen da, eta kontzesio horiek ezin dira gero kendu. Adibide bat: Ingurumen kontseilaria zenean Yolanda Barcinak Huarte familiari Argan, Garesen, elektrizitatea sortzeko hiru presa egiteko baimena eman zion, Nafarroako Unibertsitateak eginiko txosten bat oinarri hartuta. Lotsagarria eta adibide garbia ikusteko nola erosten diren txostenak. Argak bazuen berez garbitzeko aukera Etxauri eta Gares artean dauden ur jauzietan, baina zentralek eragozten dute. Ibaia ari dira izorratzen. Ura doan eman zaie, baina gero eskubidea berreskuratu nahi baduzu dirutza ikaragarria ordaindu behar diezu enpresa horiei.

Baina guk ez badugu hartzen, beherago norbaitek hartzen ahal du negozioa egiteko.

Ura ez da alferrik galtzen ibaian uzteagatik. Ura Mediterraneoraino iritsiko ez balitz, adibidez, hango hondartza guztiak desagertuko lirateke eta arrainak berdin. Ura ez da gurea, ibaiarena baizik, ekosistemarena. Guk ibaiaren funtzionamendu egokia ziurtatu behar dugu. Hori da etorkizunerako berme bakarra.

Urrezko arrautzen oiloaren ipuinaren antzekoa da. Nafarroa iparraldean euri asko egiten du eta hegoaldean gutxiago, baina izugarrizko ibai onak pasatzen dira: Aragón, Ega, Arga, Ebro… Erriberan ez dira inoiz ur eskasian izan. XII. mendetik ubideak egin dira eta beti egon da ur pila lursailak ureztatzeko. Gainera, badira akuifero ikaragarri handiak, denera 500 hm3-ko edukiera dutenak, Esako urtegiak bezainbeste, baina batzuk kutsatuta daude. CHEren arabera, Arga oso egoera txarrean dago eta Aragón ibaiarekin bat egitean hura ere kutsatzen du. Arakil eta Ultzama ibaiak ere oso kutsatuta datoz lantegietako eta ganadutegietako isurketengatik.

Akuiferoetako ura ezin da erabili?

Akuiferoetan oso ur ona zegoen edateko eta ureztatzeko, baina batzuk oso kutsatuta daude nekazaritzan erabiltzen diren nitrato eta herbizidekin. Ezin da inola ere edan. Urrezko arrautzen oiloa akabatu dugu eta orain kexu gara ezin dugulako edan eta eskatzen dugu Itoiztik bidaltzeko ura. Ura Europa osoan kutsatu da. Horregatik, 2000. urtean Uraren Arau Markoa onartu zuten uraren kalitatea ziurtatzeko asmoz. Legea ez zuten ekologistek egin, politikari eta ekonomistek baizik. Ibaiak eta akuiferoak suntsitzea ez da errentagarria. Gu “zero kilometro”ren filosofiaren aldekoak gara. Gertu dagoen ura erabili eta egoera onean mantendu.

“Iruñerriak Itoiztik urtean 20 hm3 kontsumituko zuela esan zuten eta bi kontsumitzen ditu”. Argazkia: Dani Blanco.

Nola dago Nafarroako Ubidearen bigarren fasea abian jarriko duen proiektua?

Lur-azpiko tutua UPNk pentsatua zuen ubide erraldoia baino merkeagoa eta azkarragoa da, zalantzarik gabe, baina ikusi beharko da zer eskatzen duen jendeak. Gezurra da esatea Erriberan urik ez dagoela. Han aldarrikapen nagusia da edateko kalitatezko ura behar dutela, baina Erriberako lursailak oso ongi ureztatuta daude oro har Ebrotik hartzen den urarekin, Moncayotik datorrenarekin, Lodosako, Tausteko eta Ubide Inperialetik hartutako urarekin.

Cascante, Ablitas, Cintruénigo, Corella eta Monteagudo dira arazo gehien dutenak, baina nekazariak oso gutxi dira eta soluziobideak asko izan daitezke, ez soilik Itoiztik ura ekartzea. Azpiegiturak berrituta, gertuko ura baliatuta eta akuifero garbiak bilatuta ur asko lor liteke. Ubide berri bat egitea ez da soluziobide bakarra.

Canasa sozietate publikoa urak arrastoan ezin sartu dabil?

Gargantua eta Pantagruel ipuinean bezala, Canasa munstro ase ezin bat da eta bizirik irauteko bezero berriak lortzeko beharra du. Orain arte 1.700-1.800 milioi euro gastatu dira Itoizko urtegian eta ubidearen lehen fasean. Zati bat Estatuak ordaindu du eta bestea Nafarroak. Horri gehitu behar zaio itzalpeko bidesariarena: 1.000 milioi euro hemendik 30 urtera.

Canasa elkartea da hori dena kudeatzen duena. %60 Estatuarena da eta %40 Nafarroarena. Esan zuten elkarteak ubidearen erdia ordainduko zuela eta beste erdia erabiltzaileek, alegia, zentral hidroelektrikoek, edateko eta ureztatzeko ura hartzen dutenek. Baina hiru hankek huts egin dute: Rajoyk energia berriztagarriei pizgarria kendu die, beraz zentraletatik espero zenaren erdia iritsi da; edateko ur kontsumoa jaitsi egin da Iruñerrian; eta nekazaritzarako uraren kontsumoa ez zen espero bezain bestekoa. Canasak pitzadura ikaragarriak ditu. Horregatik, Nafarroako Gobernuak 77 milioiko kreditua eman zion eta Madrili eskatu berri dio beste bat 115 milioikoa. Orain bezero berriak arrantzatu behar ditu Erriberan.

Azken hitza: Azkoiengo alpapa xekeen zaldientzat

“Ubidearen lehen fasea amaituta, ikusi da lanpostuak galdu direla. Nekazari txiki askok lurra saldu behar izan dute edo kooperatiben esku utzi, errentadun bihurtuta. Jendea labore soroetatik ateratzen ari gara. Enpresa handiak hasi dira lurrak alokatzen. Azkoienen, adibidez, bada enpresa bat lursailak lau-bost urtetarako alokatzen dituena alpapa jartzeko. Bezero nagusiak xeke arabiarren zaldiak dira. Negozio hori lege barruan dago, noski, baina egokia da diru publikoa erabiltzea horretarako? Desberdindu beharko litzateke zer den interes orokorrekoa eta zer ez”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Uraren kudeaketa
2024-02-01 | Jon Torner Zabala
Larrialdi egoera ezarri dute Katalunian bere historiako lehorterik okerrenagatik

Ter eta Llobregat ibaietako ura heltzen den zonaldeetan ezarri du Generalitateak larrialdi-egoera. Lehortea bereziki gogorra da Bartzelonako eskualdean, Gironako eremu zabaletan eta Costa Bravan: urtegietako ur-maila edukieraren %15,8an dago, alerta gorena ezartzen den mailatik... [+]


2024-01-28 | Daniel Hofnung
Klimaren narratiban uraren kudeaketa sartu beharraz

Urarena da Lurra planetak bizi dituen krisi nagusietakoa. Zehatzago esateko, ur gezaren krisia. Batean alarma pizten du lehorteak eta biharamunean uholdeak, eta bata bestearen gainean pilatuz doaz gizateriaren biziraupena arriskuan jartzen duten ondorioak. Landa eremuak gaur... [+]


2024-01-28 | Daniel Hofnung
Klimaren berotzetik harago: Uraren zikloak eta karbonoarenak nola osatzen duten elkar

Klimaren arazoa gero eta kezkagarriagoa ari da bihurtzen: uda gero eta beroagoak, lehorteak eskualde askotan, kalte materialak eta giza galerak eragiten dituzten fenomeno meteorologiko bortitzak… Arazoaz eman ohi den azalpen bakarra izaten da "klimaren... [+]


Eguneraketa berriak daude