Ezagutu Steve Bannon, Trumpen estrategia eraiki duen gerrazalea

  • Donald Trump lehendakari berriak AEBak autokrazia bihurtu nahi ote ditu? Itxura hori eman du agintean daramatzan aste gutxietan. Orain arteko haren hitz eta erabakiak oso hurbiletik segitzen dituztenek garrantzia berezia eman diete Trumpek estrategia buru duen Steve Bannonek urteetan predikatutakoei. “Amerikako gizonik arriskutsuena” bataiatu dute.

Jonathan Ernstek sinatutako argazkian, Donald Trump agintea hartu osteko lehenbiziko egunetan Errusiako Vladimir Putinekin mintzatzen. Aurrean dituen aholkularien artean, Steve Bannon  da urrunen ageri dena, zutik esku artean paperak dituela. Eskuinean es
Jonathan Ernstek sinatutako argazkian, Donald Trump agintea hartu osteko lehenbiziko egunetan Errusiako Vladimir Putinekin mintzatzen. Aurrean dituen aholkularien artean, Steve Bannon da urrunen ageri dena, zutik esku artean paperak dituela. Eskuinean eserita ikusten da Mike Flynn jenerala, Trumpek agintea hartu eta aste gutxira dimititu duena Errusiaren ordezkariekin sobera hitz egin omen zuela eta. Honek kargua utzirik, Bannon geratu da Trumpen aholkulari eta estratega nagusi Etxe Zurian.

2017ko martxoaren 05an

2013ko azaroan Ronald Radosh historialariak bisitatu zuen Steve Bannon milioiduna Capiton Hilleko bere etxean. Garai hartan Bannon zen Beitbart webgune eskuin muturrekoaren burua, eta hasi zitzaion bisitariari: “Ni leninista naiz”. Historialaria, harrituta. “Leninek –jarraitu zuen– estatua suntsitu nahi zuen eta horixe da nire helburua ere, dena suntsitu, gaur eguneko establishment osoa”. Esan nahi zuen, Alderdi Demokrata, hedabideak eta baita Alderdi Errepublikarra bera ere.

Radoshek elkarrizketa hura The Daily Beast hedabidean kontatu zuenean, Bannon oso hurbiletik ezagutzen zuten zenbait jendek xehetasun gehiago eman zituzten gizonaz. Luzaz Bannonen inguruan ibilitako Julia Jones zinema gidoilariak esaterako: “Steve oso militarista da, gerraz maiteminduta dago, kasik poesia balitz bezala (...) Grezia eta Erromaren garaietatik hasita ondorengo gerra eta guduak oro aztertu ditu. Ez du sekula amore ematen, sekula ez barkamenik eskatzen, inoiz ez erakusten ahulgunerik”.

Anekdota esanguratsu horrekin zabaldu du Der Spiegel astekari alemaniarrak Donald Trumpen estrategaz bost kazetariren artean egindako potreta: “Trump and Bannon Pursue a Vision of Autocracy“. Trumpek hauteskundeak irabazirik, bere hurbileneko aholkulari izendatu zuen eta gero Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren kide ipini.

Bannonekin batera Trumpen hurbileneko aholkularitza Mike Flynn jeneralak egin zuen agintealdiaren lehen asteetan. Baina otsail hasieran Flynnek dimisioa aurkeztu behar izan duenean Errusiaren ordezkariekin izandako elkarrizketa batzuk prentsara iritsita, Bannon geratu da lehendakari berriaren hurbileneko estratega nagusi. “Trump lehendakaria –idatzi dute Der Spiegelen– jokatzen ari da justu Bannonek desio zuen moduan. Agintera iritsi delarik, destroyer [suntsitzaile] baten lana ari da egiten. Lehendakariaren karguaren duintasunak bost axola dio eta hura higatzeari ekin dio lehen egunetik, bere tweet zital eta joera lotsagabeekin”.

Steve Bannon, 62 urte, gizon handikotea, Irlandatik iritsitako etorkin familia batean sortua da. Aita telefono konpainia batean aritu zen lanean. Stevek, Itsas Armadan ofizial aritu ostean, Goldman Sachs bankuan aurkitu zuen bidea aberastu eta hierarkian eskalatzeko: milioiak irabazi finantzetako bankari moduan, elitearen kide izatea lortu, eta ondoren... elitearen (ustez) kontrako kanpainari ekin.

Eskuin muturraren propaganda tresna den Breitbart.com erosi zuen 2012an, bilakatuz Tea Party eta Alt-Righ mugimenduen bozeramaile. Gero, Trumpekin batera boterera iristeko abagunea ikusi zuen: “Bannonek behar zuen Trump bezalako norbait, eta Trumpek  hura bezalako bat, hedabide berriak erabiltzen eta jendeak manipulatzen aditua den norbait”, idatzi dute Der Spiegelen. Amerikar asko –eta mundu osotik inperio nagusikoak arretaz jarraitzen dituzten beste asko– Bannonek hartutako indarrarekin ohartu dira zein urrun iritsi den AEBetako eskuin muturra hamarkada hauetan pazientziaz eraikitzen joan den pentsamendu nazionalista, gerrazale eta supremazista.

Ditxosozko ‘Laugarren Bihurgunea’

Bannonen ideien jatorri eta iturri intelektualak The Huffington Post hedabidean azaldu berri dituzte Paul Blumenthal eta JM Rieger kazetariek: “Steve Bannonek sinesten du Apokalipsia badatorrela eta gerra saihestezina dela” . Ongi dokumentatutako kronika aberastu dute Bannonek urteotan batean eta bestean emandako elkarrizketa eta hitzaldien pasarteen bideoarekin.

William Strauss eta Neil Howe historialari integristen jarraitzaile sutsua da. Biek elkarrekin plazaratu zuten Generations 1991n, defendituz historia errepikatzen dela lau ziklotan, ziklo bakoitza 80-100 urtekoa, eta AEBak sartuta daudela laugarren zikloaren azken akaberan.

1997an argitaratu zuten The Fourth Turning [Laugarren bihurgunea] luzeago azalduz  ziklo amaieraren ezaugarri apokaliptikoak. Belaunaldi zaharretik atera behar omen zuen –idatzi zuten orduan– belaunaldi gazte heroikoaren buruzagitza hartuko zuen liderra, The Grey Champion, agintea berdin hauteskundez edo krisi bidez lortu ostean ordena berri bat eraikiko omen zuena.

Bannonen ikuskeran, AEBak gerra existentzial batean daude sartuta, gatazka horrek bilduz gainerako osagai guztiak. “Datozen 10-20 urteko epean, une jakin batean aurre egin beharko diogu krisi horri, zeinetan erabakiko den edo geu izaten jarraitu ala AEBak bilakatu zerbait arras diferente”. Hil ala bizitzea dagoenez jokoan, ez da izan behar beldurrik itunak hausteko, etsaiak beren izenez salatzeko, kultura aldatzeko. Laugarren Bihurgunean sartuta gaude eta lider mesianikoa, The Grey Champion, agertu da. Apokalipsia orain da, omen beti ere.

The Huffington Posteko kazetariek ezaugarri horixe azpimarratu dute Bannonengan: Apocalipstic, Apokalipsizalea. Behin eta berriro mintzatu da Lau Bihurguneez bere hitzaldietan. Aurreko hirurak lirateke Ipar Amerikako Iraultza [independentzia gerra], Gerra Zibila eta 1929ko krisia gehi II. Mundu Gerra. Gerra bat beti aurrekoa baino handiagoa. Orain sartuta gauden Laugarren Bihurgune handiaren amaierako krisian, iradokitzen duenez Bannonek, espero behar dugu gutxienez aurrekoa bezain gerra bortitza.

Strauss eta Howek idatzi zuten duela 20 urte: “Erregimen berriak agintea hartuko du krisiaren lidergoan. Ez dio axola liderraren ideologiak, garrantzitsuena da Estatuaren agintea indartzeko jendeei sakrifizioa eskatuko diela. Lehen liderrek joera baldin bazuten gizartearen barne tira-birak baretzeko, orain barne tirabirak larriagotzen saiatuko dira horrela nazioa ernarazteko”. Disidentziaren eta gutxiengoen kontrako zanpaketa iragartzeko modu garbiagorik ba ote?

Erraza da aurkitzea Strauss eta Howen ideiak historia ez baina sasi-zientzia dela demostratuko duten historiagileak. Bannonenak aurreikuspenak baino manipulazioak direla. Zer axola dio, ordea, eskrupulurik gabeko demagogoak prest badaude deiok saltzeko eta krisiak pobretu eta larritutako milioika jende baldin badago horiek erosteko irrikaz? Bannoni funtzionatzen dio.

Mendebalde judeo-kristaua hondoratzen ari omen da. Gaina hartzen ari omen zaizkio Islama batetik eta Txina bestetik. “Harro datoz, indarrean datoz. Islamaren kontra 100 urteko gerran sartuta gaude. Txinaren kontra gerra izango dugu bost edo 10 urte barru”. 2011n esana: “Garai ilunak nozituko ditugu AEBetan berriro eguna argitu aurretik. Mingarria izango da, besterik dioena gezurretan ari zaizue”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Militarismoa
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Gerra danbor hotsak Europako Batasunean

Urtebete pasa da Mendebaldeari Ukrainako gerra okertu zitzaionetik. Xakean esaten da jokalari bat zugzwang posizioan dagoela egin dezakeen edozein mugimenduk kaltetuko badu. Mugimendurik egin beharko ez balu berdinketa lortuko luke, baina bere txanda bada, bereak egin... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Eguneraketa berriak daude