argia.eus
INPRIMATU
Don Giovanni balekoa
Montserrat Auzmendi del Solar 2017ko otsailaren 28a
Mozarten “Don Giovanni” Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Keri-Lynn Wilson. Bilboko Operaren Abesbatza Zuzendaria: Boris Dujin. Eszena zuzendaritza eta eszenografia: Jonathan Miller. Bakarlariak: Simon Keenlyside, Simón Orfila, Davinia Rodríguez, Serena Farnocchia, José Luis Sola, Miren Urbieta Vega, Giovanni Romeo, Gianluca Buratto. Euskalduna Jauregia. Otsailaren 18a.

Zalantzarik gabe, Mozarten operak errepertorioaren ederrenetakoak dira. Eta hauen artean, Don Giovanni faboritoenetako bat. Baina Mozarten musikak badu berezitasun bat: ederra eta melodiatsua, erraza eta arina dirudi, eta aldi berean oso-oso zaila interpretatzeko. Bai operetan, bai sinfonietan, bai pianorako egindako musikan, interpreteek ezabatu egin behar dute zailtasun hori, eta arintasun eta nolabaiteko etereotasunez bete behar dute giroa. Bestalde, Mozarten musikak badu beste ezaugarri arriskugarri bat: ez bada arimaz interpretatzen, aspergarria izan daiteke.

Esandakoarekin lotuta, aitortu behar da OLBEk antolatutako Don Giovanni ez zela espero genuen mailara iritsi. Interpretazioa, orokorrean, pisua izan zen, ez arina eta zertxobait aspergarria,  ondoren aipatuko ditudan arrazoiengatik.

Lehenengo eta behin: eszenografia eta argiztapena. Aldi honetan, benetan pobrea. Eszenario bakarra izan genuen saio osoan. Bai, oso soila, edozertarako balio zuena, baina hiru ordutan hainbeste gauza gertatuta taula gainean, bada, ez zen nahikoa, eta bisualki erabat aspergarria. Posible zen, noski, argiztapen dotore batekin hori hobetzea, baina ez zen halakorik izan, guztiz planoa bazik.

Eszena zuzendaritza berriz, soila baita ere. Opera bukatzerakoan sentsazio arraro batekin geratu nintzen: ia-ia hobe kontzertu bertsioa eskaintzea, hain zuzendaritza eskasa egitea baino.

Baina, tira, egiari zor, alde musikala izan zen saioaren onena, nahiz eta primerakoa ez izan. Bakarlarien artean, bi emanaldi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, José Luis Sola tenore nafarrak Don Ottavio konbentzigarria egin zuen. Ondo interpretatua eta oso egokia ahots aldetik. Bestetik, Gianluca Buratto (lehenengo aldiz OLBEn) baxuak txunditu egin zituen entzuleak, bere ahots biribil eta sendoarekin. Horrez gain, interpretazio intentzioduna egin zuen, zirraragarria. Emakumezkoen artean, Miren Urbieta Vega sopranoaren aktuazioa azpimarratu behar da. Bere Zerlina ez zen guztiz txispaduna, baina ahotsez primeran sumatu genuen, distiratsua. Gehiago espero zen, berriz, Davinia Rodríguez eta Serena Farnocchia sopranoengandik, Donna Anna eta Donna Elvira paperetan, nahiko planoak aritu baitziren. Nire zalantzak ditut Simon Keenlyside baritonoarekin, Don Giovanni egin zuena. Momentu batzuetan adorez aritu zen, beste batzuetan ez zirudien protagonista. Simón Orfilak Leporello rolean eta Giovanni Romeo baritono baxuak Masetto paperean, graziaz egin zituzten beren lanak, eta publikoak eskertu zuen.

Euskadiko Orkestraren lana, Kery-Lynn Wilson-en batutapean, diskretua.