Cristina Uriarteren asmo oneko hitzak irakurri prentsa digitalean eta hurrengo egunean EAEko hezkuntza arloko sindikatu nagusiek grebarako deia entzun duzu irratian. Ezin xehero jakin, kronologiak iradokitzen duenaren ildotik, lehenbizikoaren adierazpenek zuzenean bigarrenen erabakia ekarri ote duten: hezkuntza sistema hobetzeaz ari zen sailburua, eta horretarako hainbat neurri aipatu ditu; Jaurlaritzak “oraindik” onartu ez dituen murrizketak salatu dituzte sindikatuek, eta horretarako huelgara deitu dute.
Afera akzio-erreakzio lege zaharraren barrenean kokatu edo ez kokatu ari zara pentsatzen sukaldean, goizeroko ogi xigortuari marmelada eman bitartean. Nolanahi ere den, administrazioari dagokio hezkuntza politika egitea eta, beraz, besteak beste, hezkuntza arloko sindikatuekin harreman onak izatea. Horrainoko iritzia behinik behin baduzu.
Bigarren kontu bat ere argi duzu: PISA txostenaren emaitza kaskarrek eragin dute sailburuaren agerraldia, komunikabideek emaitza horiek plazaratu eta ondoan; hau da, ranking batean lortutakoaren arrastotik mugitzen dira (batez ere) gure agintariak, eta ez, esate baterako, hezkuntza komunitatea osatzen duten eragileek hala eskatuta.