Zor publiko bidegabeak Europako udalak eta jendeak ere itotzen ditu

  • Bruselan zortzi orduko eztabaida-maratoia burutu dute argitzeko nola estatuek beren gain hartutako zor ez-legitimoek murriztarazten dituzten zerbitzu sozialak eta herritarrak menpekoago egiten. Hirugarren Munduaren zorpetzea ikertzeko sortutako CADTM elkarteak salatu du orain korporazio handiek goi mailako politikariekin elkar hartuta finantza bonba bera darabiltela lehen munduko gizarteetan.

CADTMk interneten jarritako bideotik hartu irudian, ezkerretik hasita Silvia Federici hizketan, Noëmie Cravatte eta elkartearen fundatzaile Eric Toussaint, Bruselan abenduaren 6an burututako 8 orduko eztabaida maratoian. Mahaian idatzirik: “Ez dugu ezer z
CADTMk interneten jarritako bideotik hartu irudian, ezkerretik hasita Silvia Federici hizketan, Noëmie Cravatte eta elkartearen fundatzaile Eric Toussaint, Bruselan abenduaren 6an burututako 8 orduko eztabaida maratoian. Mahaian idatzirik: “Ez dugu ezer zor. Ez dugu ezer pagatuko. Ezabatu dezagun zor ez-legitimoa”. Batzarrean hitz itxaropentsuz aipatu ziren Espainian zor bidegabeak auditatzeko sortu diren plataformak, menturaz Europan Podemoseko jendeak pizten dituen espektatibak direla eta.

Martxoan joatekoak dira Europako Legebiltzarrera Espainian sortu berri den zor publiko bidegabearen aurkako udal elkarteko ordezkariak. Hori jakinarazi dute urtarrilean Iruñean burutu diren MAK2 Munizipalismoa, Autogobernua eta Kontraboterea jardunaldietan. Podemos alderdiak –erkidego autonomoetan dauzkan marka ezberdinak barne– Espainiako udaletan dituen kargu politikoak ari dira bultzatzen zor bidegabeari buruzko eztabaida, azterketa eta behatokiak. Lan horietan aitzindariak izan dira PACD Zorraren Herri Auditoria Plataforma espainiarra eta CADTM Zor Bidegabeak Ezeztatzeko Komitea, mundu osoan zabaldua dagoena.

Liderrik ezagunena Alain Toussaint belgikarra duen CADTM 1990ean sortu zen lehen mundu aberatsak herrialde txiroei historian zehar ezarritako zor bidegabea salatzeko; bere siglen azken bi hizkiek Tiers Monde esan nahi dute, Hirugarren Mundua. Geroztik, eta nabarmenago 2008an krisi handia lehertu zenetik, ikusi da munduko eliteek tresna berdintsuak erabiltzen dituztela herrialde aberatsetako finantza publikoak zurrupatzeko. Grezia itotzear daukan zorpetze erraldoia deslegitimatzen lan handia egina du CADTMk: agintea hartu berritan Alexis Tsiprasek eskatu zien laguntza greziarren zorraren auditoria egiteko, nahiz eta azkenean Syrizaren gobernuak Troikak ezarritako memoranduma irentsi behar izan.

CADTMk abenduan antolatu zuen “8h contre la dette“ zortzi orduko maratoi luzea gaiaz eztabaidatzeko militante, Europa osotik iritsitako elkarteen ordezkari eta herritar interesatuen artean. 300dik gora jenderen bilkurari hasiera eman zion Silvia Federici militante feminista ezkertiar munduan ezagunak, ondoren berak gidatzeko atelierretako bat: “La dette, arme fatale du capitalisme“.

Historiari erreparatuz, Federicik azaldu zuen nola aldatu den azken mendean zorpetzea. XX. mende hasieran kreditua soilik lortu zezaketen hura ordaintzeko ahalmena demostratzen zutenek, diru iturri finkoak zituzten jende urriek alegia, baina gero kontsumo gizartea indartu ahala zabaldu ziren zorrak ere jende arrunten artean. Zor publikoari dagokionez, 60 eta 70eko hamarkadetan langileentzako enpleguak sustatzeko erabiltzen bazen, azken 30 urteetan langabezia zabaltzeko usatu da.

Zorra tresna politikoa da ekonomikoa adina. Ekonomiaren norabidea nahasi du, eredu produktibista eta estraktibista sustatu, ekonomia pribatizatzeko erabili, herritarren txirotze masiboa ekarri. Nazioartean asko erabilia da, herritarren erreakzio gutxiago sortu eta desmobilizatzailea delako.

“Zorrak –esan zuen Federicik– zanpaketa ezkutatu eta jendeak isolatzen ditu. Soldataren aldeko borrokan sartuta dagoen langilea ohartzen da nozitzen duen injustiziaz eta kolektibitate baten parte sentitzen da. Aldiz, zorretan sartuta dagoena agertzen da diru bat bere probetxurako xahutu duen norbait bezala. (...) Zor publikoaren eta pribatuaren arteko lotura garbia dago, azkenean jendeak zorretan sartu behar baitu Estatuak eman beharko lizkiokeen zerbitzuak bere kasa eskuratu ahal izateko. Baina ez dira ohartzen bankuek egiten dieten zanpaketaz, errudun sentitzen dira gehienetan, pentsatuz zorrak egin dituztela kudeaketa txar baten ondorioz”.

Lapurreta ondo mozorrotuak

Genero osagaia ere badu zorrak, Federicik argudiatzen duenez. Kalterik handienak egiten dizkie obreroei, munduko Hegoaldeko jendeei, beltzei –Federici AEBetakoa da– baina denen aurretik zorrak kolpatzen ditu emakumeak: independentzia ekonomikoa lortzeko borrokan atzera eragin die eta menpekotasuna handitu, batik bat etxeko lanetan.

Zorpetze publikoaren aitzakiatan estatuek zerbitzu sozialak murrizten dituztenean, lehen eskueran zeuden zerbitzuak kaltetzen dituzte: haurren zaintza, gaixoen artatzea, zaharrei lagundu beharra... Emakumeei, batetik, etxeko lan bihurtzen zaizkie horiek denak eta bestetik, justu lan horiek besteren etxeetan egiten ere emakumeek hasi behar izan dute miseriazko soldaten truke, txirotze orokorraren barruan beren familiak aurrera ateratzeko.

Populazio kontrolerako ere balio du  zorpetzeak, mundu aberatsean bezala txiroan. Federicik dioenez, karrera ordaintzeko prostituziora jo behar duten ikasle gazteak, gainera, zorrak antzututa ere sentitzen dira, ezin dute amestu ama izatea hil arteraino zorrari lotuta bizitzekotan. Beste askok beren uteroa alokatu behar diote ume subrogatuen industriari, horra emakumeen gorputzaren komertzializazio berri bat.

Eric Toussaintek aspalditik aldarrikatzen du uko egin behar zaiola zor publiko ez-legitimoak pagatzeari, dirua txiroei kendu eta kapitalistei oparitzeko ponpa baizik ez direlako. Lapurreta doblea. Bat, zor publikoak administrazioek langileei kendutako zergen diruz ordaintzen dizkiete banku handiei, onurak batik bat kapital handiari ekartzen dizkieten proiektuak pagatzeko. Bi, estatuek bankuei barkatzen dizkiete gastu horiekin irabazitako etekinen zergak, opari fiskalen bidez, eta kapitalista handiek zergetatik aurreztutako dirutzak inbertitzen dituzte zor publiko haboro erosten, langileek berriro pagatu beharko dituztenak beren sakeletatik.

Zor publiko bidegabearen gakoetako bat da, Toussainten aburuz, langileari ikusezin egiten zaiola lapurreta: “Soldataren gaineko zerga berri bat berehala ikusten da, nagusiak egindako gehiegikeria bat ere bai, baina zor publikoaren ordainketaz askoz nekezago ohartzen gara, ez baitugu pagatzen zerga berezi bat zor publikoaren pagakizunetarako. Eta hala ere, pagatzen ditugun zergen parte handi bat zor publikoa ordaintzeko dira”. CADTM bezalako elkarteen lehentasunetako bat, hain zuzen, lapurretari mozorroa kentzean datza.

Zorraren herri auditoria erabiltzen dute nagusiki, ahalik eta herritar gehienei azaltzeko zorpetze publikoaren jatorria eta auzitan jartzeko horren parte ilegal, ez-legitimo, gorrotagarri edo ez-iraunkorra. Baina herri mugimenduak lan konplexu hori burutu ostean, zorpetzetik askatzeko nahitaezko baldintza da agintariak prest egotea urrats ausartak emateko.

Toussaintek bi esperientzia justu kontrako aipatu zituen hitzaldian. CADTMk 2007an lagundu zion Ekuadorreko Rafael Correari zorraren auditoria egiten, eta honek finantz erakundeei gogor eginez lortu zuen herrialde haren zor erraldoia negoziatuz txikiagotzea. Kontrakoa gertatu zaio Grezian. Gobernuari lagundu zion 2015ean Troikari aurre egiteko argumentazioa antolatzen, baina Alexis Tsipras ez zen ausartu enbidoari eusten eta Greziari zorraren zama handitu baizik ez zaio egin geroztik.


ASTEKARIA
2017ko otsailaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zor bidegabea
Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


2020-04-15 | ARGIA
Kanpo-zorraren ordainketa urtebetez atzeratuko diete 76 herrialde txiroenei

G7ak adostu du neurria, eta G-20ak berretsi behar du orain. Atzeratutako ordainketen diruarekin pandemiari aurre egiteko neurriak garatzea da asmoa. Atzeratzea baino, zorra barkatzea da hainbat eragilek eskatzen dutena.


66.577 milioi euro: Espainiako bankuei emandako diru publikoa "erreskaterako"

Espainiako Estatuko Kontuen Auzitegiak 66.577 milioi eurotan kalkulatu du bankuak erreskatatzeko kostea. Hau da, bankuei emandako diru publikoa eta oraindik, haren zatirik handiena, bankuek itzuli ez dutena.


Herritarren 1,2 milioi euro egunero bankuen eskuetara doaz Nafarroan

Mundu mailako hurrengo krisi ekonomiko handia herrialdeetan metatzen ari den zor erraldoiaren magalean jaioko dela entzuten da gero eta ozenago. Krisia krisiaren gainean. Adituen esanetan,  zorpetzea bultzatzea izan da krisiari aurre egiteko erabili den errezeta nagusia,... [+]


Eguneraketa berriak daude