Landare usaintsuen eta sendagarrien hazkuntzan lan egiten du Josenea elkarte soziolaboralak. Irati ibaiaren ertzean, Irunberriko (Nafarroa) Bordablanca parajean dituen lurretatik gure katiluetara egiten dute salto Joseneako landareek, infusio moduan gehienak, baina baita bestelako produktuen formarekin ere: ongailuak, txokolatea, olio esentzialak edota kosmetikako produktuak, esaterako.
2002an sortu zuten Josenea elkarte soziolaborala. Hasieratik egin zuen ekoizpen ekologikorako hautua, eta bere lurretako landare, zuhaixka nahiz arbola barietate guztiak era horretan ekoizten dituzte. NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren zigilua du Joseneak.
Ingurumenarekiko errespetua elkartearen oinarrietako bat izanik, azpiegiturak modu berezian daude diseinatuta eta eraikita Irunberriko gunean: landareen hazkuntza lanetarako energia berriztagarria soilik darabilte (eolikoa eta fotoboltaikoa). Lehortegiak berotzeko, adibidez, eguzki-beroaz baliatzen dira egunez, eta biomasa galdara bidez gauez.
Gizarte-bazterketari aurre egitea izan da Joseneako proiektuaren ezaugarri nagusia, bere sorreratik. Horretarako, lanpostua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonak laguntzen ditu elkarteak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta Ongizate Sozialaren Nafarroako Institutuarekin batera. Enplegua aurkitzeko arazoak dituzten gizataldeei erremintak eskaintzea da ideia, langileentzat zubi edo tranpolin moduan jokatzea. Gizarteratze prozesuan dauden hogei pertsona inguru dituzte kontratatuta, eta Joseneako teknikarien laguntzarekin eta jasotzen duten formazioarekin, bertatik pasatzen diren gehienek lan mundurako sarbidea topatzen dute (2015ean %90 inguruk, elkartearen arabera).
“Ekologikoaren eta sozialaren arteko elkartzea ezin hobea da, naturarekiko eta pertsonekiko errespetuak bat egiten dutelako”, dio elkarteak.