argia.eus
INPRIMATU
Gaztaroan erditu rock heldua
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2017ko otsailaren 22a
Nevadah. NEVADAH. Autoekoizpena

Pasa den Durangoko Azokan izan nuen talde honen berri lehenengoz. Landako kanpoan argiztatu gabeko mahai txiki bat zuten jarrita eta hantxe CD beraren sorta. Lauzpabost gazte mahaiaren bueltan eta han egoteko arrazoi bakarra: durangarrak izanda ere, Gerediagak ukatu ziela diskoa Azoka barruan saltzea. Elkartasunagatik, taldea ezagutu gabe, diskoa erosi nien eta eskertuta agertu ziren. Broma artean aipatu nien han kanpoan egoteak ikusgarritasuna gehituko ziela. Gero, etxera heltzerakoan, diskoa prezintua-kendu-gabekoen multzoan utzi nuen. Eta, hara non, duela gutxi lagun batek zuzenean ikusi zituela aipatu zidanean, entzutera jo nuen. Hala, profezia bete da.

Gaztea da taldea eta gazteak partaideak, baina dagoeneko Bizkaia aldean makina bat emanaldi egindakoa da boskotea. Estreinako lan honetan kantu berriak aurkezteaz gain, taldearen hastapenetako bi pieza, amorratuagoak, ere batu dituzte. Taldeak izan duen eboluzioaren erakusle, eta uzten badiogu, eboluzionatuko duenaren atari.

Durangoko harrobian esanguratsuak izan dira punk-rock eta antzeko koordenada rock-eroetan aritutako taldeak. Nevadah ere eskola horren hurbilekoa (izan) da, baina kasu honetan finagoa da emaitza eta bestelako tempo eta ñabardurak batu ditu, bluesarenak adibidez, eta, esaterako, distortsioari uko egiten diote neurri handian. Seguruenik grabazioari berari kantuei distira handiagoa atera ahal dakiokeen arren, emaitza aberatsa lortu du taldeak. Gustatu zait!

Mantis punk-rock rock-and-rolleroa da, erritmo eta melodiatan Pleasure Fuckers, NCC, AEBetako punk-rocka eta Tequila gogora ekartzen dituena. By my own-en hitzek Neil Young hezur-haragian berpizten badute ere, pisu malenkoniatsua duen rocka da, erritmo faltan ez dagoena eta gitarra indartsu zein Stiv Bators-en legatua duena. Harribitxia! Following the lights ere aparta iruditu zait: tempo oso lasai eta melodia bereizgarritik abiatuta erabat borobildutako punk-rock-and-roll argigarria da. I’m a man piezak, berriz, badu rock-and-rolletik, hard rocketik –Rose Tattoo– eta soularen esentziatik. Don’t close the door blueseroa da erabat, arimaz eta hezurrez, garatu ahala garraztu eta gaiztotzen dena.

Kantu berri horiei batu dizkiete taldearen hastapenetatik berreskuratutako  bi opari anfetaminikoago hauek: The Raunch Hands edo Crypt familian erditu ahal zezaketen Sad city blues eta high-energytik zein TSOOLen dotoretasunetik jantzitako Iggy dog bortitza. Gaztetasunean bada ere, maila ederra taldearena eta erregistro eskaintza zabal eta egiazkoa abeslariarena.