argia.eus
INPRIMATU
ARGIA berriztagarria izango dugu hemendik aurrera
  • ARGIA GoiEnerreko bazkide egin da. Mundu pixka bateko irakurlea izango zara zu ziurrenik, dagoeneko ezagun izango duzu GoiEner, eta ez nator zuri sermoirik botatzera. Baina nik kuriositatez deitu egin dut webgunean eskaintzen duten telefonora, energiaren kontu hauek argitzeko. Santiago Ochoa de Eribe GoiEnerreko zuzendariak erantzun dizkit galderak.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko otsailaren 26a


Energia elektrikoa oinarrizko ondasuna da eta zuen helburua herritarrek honen kontrola berreskuratu eta kontsumo arduratsu bat izatea da. Nola lortzen da?


Alde batetik energiaren merkaturatzea dago, eta bestetik ekoizpena. Merkaturatze kooperatiba bat sortu genuen aurreneko bideari heltzeko, eta bazkideak ditugu oinarri; gaur gaurkoz 6.000 inguru. Aholkularitza ere eskaintzen diegu bazkideei, helburua kontsumo arduratsua denez, beharrezkoa dutena kontsumitzeko erregulatu dezaten potentzia. Baina kontua ez da faktura bat soilik, filosofia da jarduera ekonomiko hutsetik aldendu eta gizartearen eta ingurumenaren beharrei begira lan egitea. Energia ekoizpena herritarron eskura jartzea da bigarren bidea, eta martxan jartzen ari gara hau. Ekoizpena gure esku badago lortuko baitugu energiaren benetako kostea zein den ezagututa prezioaren negoziaketan subjektu aktibo izatea.


Nola lortzen duzue saltzeko energia?


Salerosketarako merkatu bat dago eta guk han erosten dugu gure bazkideek beharko duten energia. Guk erosten dugun guztia berriztagarria izanik ere, etxeetaraino heltzeko sarean beste energiekin nahasten da. Dena dela, merkatuaren bitartekaritzarik gabeko bideak bilatzen ari gara eta ekoizleekin zuzenean harremanak egin nahi ditugu.


Esan duzu gure etxeetara ez dela %100 energia berriztagarria iristen. Orduan zein da zuen desberdintasuna?


Kontsumitzaileak jasotzen duen produktuan ez dago desberdintasun handirik. Tira, geroz eta bazkide gehiago izan geroz eta energia berriztagarri gehiago sartuko da sarean, beraz, portzentaje altuagoa izango da, baina filosofiak eta helburuek egiten gaituzte desberdin. Enpresa ikuspegitik kontraesana badirudi ere, guk geroz eta energia gutxiago kontsumitzea dugu helburu, energia ulertzeko beste modu bat dugu jasangarriagoa dena. Eta aldi berean bazkide gehiagoren bila goaz, kontsumitzen den hori berriztagarria izan dadin.