Antsiolitikoen abusua

Lasaitzeko pilulak, kezkatzeko arrazoiak

  • Aste batzuetarako aurreikusita dagoen tratamendua hogei urtez luzatzea, horixe da sendagai antsiolitikoak kontsumitzen dituzten milaka pertsonaren egoera. Bentzodiazepinen multzoko botikak gaixoei eragiten dien menpekotasuna kezka bihurtu da sendagile eta osasun arloko profesional ugarirentzat, botika psikotropikoaren albo-ondorioak betikotzen baititu. Luzaz hartzen badira, erroko gaitza ez sendatzeaz gain, asko baldintzatu dezakete gaixoaren eguneroko bizitza. Informazioa eta sendagileen balorazio egokia nahikoa dira maiz, menpekotasuna saihesteko. 

Hegoi Belategi @BelategiH
2017ko otsailaren 26a

Gaur egungoa berehalakotasunaren gizartea da, gauzak bizkor egin behar dira eta etekinak are eta bizkorrago lortu behar dira. Gaixotasunekin eredu bera jarraitzen da, gaizki sentitzen garenean sendagilera joan eta hark emandako pilula miragarri batzuei esker ahalik eta azkarren osatzea espero dugu. Eredu horrek logika izan dezake gripea sendatzeko, baina nolaz senda dezake pilula batek buruko gaixotasun bat bestelako terapiarik egin gabe? Sinplea da, ezin du. 

Bentzodiazepinak hipnotiko edota antsiolitiko gisa erabiltzen diren substantzia psikotropiko talde oso bat dira. Hau da, insomnioa eta antsietate arazoak tratatzeko balio duten farmakoak dira; hartzen dituenak lasaitasun sakona sentituko du, pilulek nerbio sistema inhibitzen baitute. Farmako hauek menpekotasun eragin handia dute, hori dela eta tratamenduaren iraupena zehatza da: insomniorako preskribatuak badira bi eta lau aste bitartekoa, antsietatea murrizteko zortzi eta hamabi aste bitarte. Epe horietatik aurrera ezinbestekoa da gaixoak dosia gutxitzea, menpekotasunik ez garatzeko eta “errebote efektua” saihesteko. 2014ko Nafarroako Informazio Farmakoteraupetiko Buletinean argitaratutakoaren arabera, lurralde horretako populazioaren %8k bentzodiazepinak kontsumitzen ditu, eta horietako askok gutxienez hamabost urtez hartu dituzte pilulak. Lorazepam eta diazepam, hau da, Orfidal eta Valium dira farmako erabilienak.  

Menpekotasun bat bestearen ordez

EHUko Medikuntza Fakultateko Farmakologia sailean irakasle den Koldo Calladok dioenez, funtsezkoa da sendagileek eta gaixoek argi izatea bentzodiazepinak ez direla betiko: “Hainbat aste igaro ostean, sintomek ez badute hobera egin, posible da gaitza beste bat izatea. Depresioak adibidez terapia behar du, eta ez pilulak soilik”. Ezin da arazo bat beste batez ordezkatu, arazoa konpontzen saiatu behar da. Zenbait droga uztearen ondorioetako bat antsietatea izan daiteke, eta sendagileek sarritan bentzodiazepinak erabiltzen dituzte gaixoa lasaitzeko. Gaixo horrek menpekotasuna garatzen badu, droga bat beste batez ordezkatuko litzateke, besterik ez. Balorazioa gakoa dela uste du Calladok, “sendagileek, bentzodiazepinak agintzean, tratamenduaren jarraipena egiteko ardura hartu behar dute. Denok ditugu ezinegona eta urduritasuna eragiten dizkiguten arazoak, pilulek unean-unean gaixoa lasaitzeko balio dezakete, baina ez dute sendatuko”.

Nolabaiteko kezka piztu da sendagileen artean, baina oraindik ez da sistema alternatiborik proposatu eta erabakia osasun zentroen esku dago. Hala ere, egungo gizarte ereduak jendea botikak hartzera bultzatzen du Calladoren iritziz. Medikuak ez du erru guztia. 

Ana Azparren Osasunbideko teknikariaren ustez, kasu askotan informazioa aski izan daiteke gaixoek botikak pixkanaka utzi ditzaten. Bentzodiazepinak depreskribatzeko estrategiak txostenaren egileetako bat da Azparren. Hor azaltzen dutenez, esku hartze minimo batzuek menpekotasuna murriztu dezakete. Gaixoari gutun bat bidaliz, edota bilera batean tratamendua murriztu behar duela jakinaraziz, botiken uzte tasak nabarmen handitzen dira.

Loaren giltza

OCU Kontsumitzaile Elkartearen arabera, antsiolitiko kontsumoak %57 egin zuen gora 2000 eta 2012. urteen artean Espainiako Estatuan. Ordutik kontsumoa berdintsu mantendu da. Osasunbideak argitaratutako txostenak bentzodiazepinak uzteko irizpideen berri ematen du, baina asmo nagusia bestelakoa da Azperrenek adierazi duenez, “sendagileei kritika egitea baino, gure gizarteak edozein arazoren aurrean botikak hartzeko duen ohitura zalantzan jarri nahi dugu”. Botikak mesedegarriak izan daitezke, baina azken aukera izan beharko lukete. Insomnioa duen jendeak bentzodiazepinak garaiz uzten ez baditu, pilulen menpeko izango da beti lo hartu ahal izateko. Haatik, badira farmakorik gabeko alternatibak. Hainbat osasun zentrotan antolatzen diren “loaren tailerrak” eta psikoterapia oso lagungarriak izan daitezke antsietatea duen jendearentzat. Helburua ez luke izan beharko pilulen bidez lasaitzea edo lokartzea, naturaltasunez lortzea baizik. 

Bentzodiazepinek arazoak eragiten dituzte, baina asko errezetatzen dira, eragin bereko beste farmakoak arriskutsuagoak baitira. Hausnarketa egin behar da farmakoaren alde on eta txarrez, argi izanda zeintzuk izan daitezkeen kalteak epe luzean. 

Sistema kognitiboari eragindako kalteak dira ohikoenak: memoria galerak eta arreta mantentzeko zailtasunak bereziki, baina oinaze fisikoak ere bai, kontsumitzaileek ahulezia sentsazioa izaten dute eta. Albo ondorio zuzena ez bada ere, depresioak maiz ematen dira. Hori jakinik, esanguratsua da plan sistematikorik egin ez izana urte askoan menpeko izan den jendeak bentzodiazepinak utz ditzan. 

Kanal hauetan artxibatua: Osasuna  |  Psikologia

Osasuna kanaletik interesatuko zaizu...
Kanadak marihuana legeztatu du, baina askorentzat berandutxo

Kanadako Senatuak ekainaren 7an bedeinkazioa emanda, hiru hilabete barru marihuanaren kontsumoa bezala salerosketa libre izanen dira han. AEBetan legezkoa den estatuetan ikusi denez, kalamuaren trafikoan aritzeak ez du gehiago gaiztagin bihurtuko inor, osasun arazoentzako eskuratu ezinean zebiltzanei eguna argituko zaie eta estatuak diru asko bilduko du zerga berritan. Baina drogen kontrako gerran buru ibili direnetako batzuk izango dira orain negozio berrien onuradunak ere.


2018-06-20 | ARGIA
Iruzur zantzuak arloz arlo aztertuta, gutxienez 16 kategoriatan

Osakidetzako oposizioetan parte hartu dutenek arloz arlo atera dituzten emaitzak aztertu eta datuez lagundutako ondorio kezkagarriak bildu ditu SME Euskadiko Medikuen Sindikatuak, iruzur froga gisa.


2018-06-20 | ARGIA
Sutea itzaltzen saiatu da Darpon: "Azterketaren bat errepikatu behar bada, errepikatuko da"

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzko Osasun sailburua elkarrizketatu dute asteazken goizean Radio Euskadin. Osakidetzako oposizioetako filtrazioen kasua lehertu zenetik lehenbiziko aldiz, sailburuak onartu du “beharrezkoa baldin bada” azterketa batzuk errepikatu egingo direla.


2018-06-18 | Nahia Ibarzabal
I˝aki Urdangarin espetxeratua izan da berak aukeratutako Brieva espetxean

Bost urte eta hamar hilabeterako kondena du, diruaren bidegabeko erabilera, prebarikazioa eta iruzurragatik.


Duela 13.000 urteko odontologia

Irudian ikusten direnak, duela 13.000 urteko gizaki baten ebakortzak dira, eta Goi Paleolitoaren amaieran praktika odontologikoak egiten zirela erakusten dute.


2018-06-17 | Jon Torner Zabala
Diabetesa
Intsulina, azukrea odoletik ateratzeko

Jon Cano donostiarrak diabetesa du. 12 urterekin diagnostikatu zioten eta gaur, hamar urte beranduago, hauxe da bere mezua: “Jendea asko larritzen da gaixotasunarekin, baina zaindu eta kontrolatuz gero, bizitza ez da hainbeste aldatzen. Gauza okerragoak badaude munduan”.


2018-06-14 | ARGIA
Osakidetzako oposizioetako beste lau espezialitatetan zantzu susmagarriak aurkitu ditu Euskadiko Sendagileen Sindikatuak

Euskadiko Sendagileen Sindikatuak jakinarazi duenez, Osakidetzako oposizioetako beste lau espezialitatetan filtrazio-zantzuak aurkitu ditu: Traumatologia, Kirurgia Orokorra, Kirurgia Torazikoa eta Neurokirurgiako azterketak dira susmo berriak eragin dituztenak.


Eduki homofobo eta matxistak Osakidetzako oposizioetan

Gehitu elkarteak salatu du eduki LGTBIfobiko eta matxistak dituen liburu bat dagoela Osakidetzak bere Enplegu Publikorako Eskaintzan proposatu duen bibliografian. Bertan adierazten da, adibidez, homosexualitatea ez dela zerbait aldaezina, erasoak jasan ditzakeen emakumeak jakin behar duela “bere gorputzaren bidez zein mezu helarazten dion bikotekideari”, edota “itxura fisikoarekiko kezka” dela “emakumeen ahulguneetako bat”.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude