argia.eus
INPRIMATU
Amazigh herriaren ahotsa
  • Amazigh herriaren musika eta poesia errezitaldia eskaini zuten Bilboko Hika Ateneoan otsailaren 10ean, Rifeko gizarteari elkartasuna adierazteko

Dabi Piedra 2017ko otsailaren 27a
Argazkia: Dabi Piedra

Euskal Herrian bizi diren amazighen topaleku bihurtu zen Bilboko Hika Ateneoa. Maroko iparraldeko Rif eskualdetik egin dute gure arterainoko bidea haietako askok, edo haien gurasoek. Musikaren eta poesiaren inguruan, jai ederra antolatu zuten riftarrek. Baina beste asmo bat ere izan zuen ekitaldiak: Gobernuak ematen dien tratua dela eta, protestan ari dira Rifen, eta hango jendeari elkartasuna adierazi zioten Bilbotik.
    Rifeko jatorririk ez dugun entzuleontzat, berriz, beste kultura bateko hizkuntza eta adierazpide artistikoak ezagutzeko aukera aproposa izan zen gaualdi hura. Amazigh asko bizi dira gure artean, eta ia ezer ez dakigu haien inguruan! Hika Ateneoko ekitaldiak haien ospakizunetan zein borroketan murgildu gintuen.
    “Gure kultura erresistentziaren kultura da”, azaldu digu Hafid-ek, saioaren antolatzaileetako batek: “Rifen borroka politiko, sozial eta kulturala dago, oinarrizko eskubideak ere ez dizkigute onartzen”. Segurtasun indarrek arrain-saltzaile gazte bat hil zuten zaborra txikitzeko makinan eta egoerak gainez egin zuen. Herritarrek protesta ugari egiten dituzte astero eta militarrek eskualdea era itogarrian hartua dute. “Altxamendu antolatu baina baketsua da”, dio Hafidek, “oinarrizko gauzak baino ez dituzte eskatzen, Rif Marokoko lekurik baztertuena eta pobretuena baita”.
    Rifeko Errepublika laburreko bultzatzaile izan zen Abd-el-Krim ezagunaren heriotzaren urteurrena gogoratzeko ekitaldia ere bazen Hika Ateneokoa. Horregatik, frantziar eta espainiar botereei aurre egin zien liderraren erretratua zegoen oholtzaren alboan. Behean, Rifeko Errepublikako eta Euskal Herriko banderak elkarren ondoan. Eta amazigh herriaren ikur hori-berde-urdina ere nonahi: horman zintzilik, entzuleen txanoetan…
    Artistak oholtzara igo ziren. Lehenik, Ahmed Akean kantautorearen txanda izan zen. Al-Hoceima hirian jaio zen Akean, baina Europan bizi da egun. Haren doinu alai eta letra konprometituak atsegin handiz hartu zituen publikoak. Amazighera ulertzen ez dugun arren, jendearen oihuak eta txaloak kontuan izanda, badirudi artista estimatua dela Akean Rif aldean.
    Ondoren, Fikri Tizakrine igo zen eszenatokira, poesia errezitatzera. Apal-apal, olerkiak koaderno arrunt batean idatzita zituela ekin zion lanari. Ahapaldiek aurrera egin ahala, giroa berotzen joan zen. Hor ere, hitzak ez genituen ulertu, baina azpian zeuden sentipenak bai.
    Hurrengo protagonistak lau gazte izan ziren. Rifekoak ez dira, baina bai amazigh herriaren beste adar batekoak. Orain Barakaldon bizi dira eta talde bat antolatzea erabaki dute. Tresna tradizionalak erabilita, batez ere perkusioa, beren herritik ekarritako doinuak lantzen dituzte. Hauek ere amazigheraz abestu zuten.
    Luze jo zuen gauak, musika eta aldarrikapen artean. Hizkuntza debekatu diete Rifeko amazighei, beren neurriko hezkuntzarik ez dute eta hedabiderik ere ez. Hortaz, musika dute beren sentipenak, kezkak eta aldarrikapenak transmititzeko bidea. “Gure ondare kultural eta soziala zabaltzen laguntzen digu musikak”.