Zuzen Kataluniako Errepublikarantz... edo 'prozesismoa'n barna?

  • Katalunia bete-betean sartu da erreferendumaren fasean. Espainiak dio ez dela egingo, Generalitateak baietz. 155. artikulua ere mahai gainera ekarri du Madrilek. Kataluniak Deskonexio Legea. Eta giroa epikaz janzteko: Artur Masen itzulera, oraingoan auzitegietatik barna. Prozesismoaren kapitulu bat gehiago, dio hainbatek. 

Mas ate handitik itzuli da politikaren lehen lerrora.
Mas ate handitik itzuli da politikaren lehen lerrora.ANC

Urtarrilaren 28an ireki zen Kataluniak bizi duen egoeraren ate berri hau: CUPek Generalitatearen 2017ko aurrekontuak onartu zituen eta horrekin abiarazi zuen erreferendumaren aroa. Hainbaten ustez prozesu soberanistaren hirugarren aroa litzateke. Lehena 2014ko azaroaren 9koa izan zen eta bigarrena 2015eko hauteskunde plebiszitarioak.

Erreferendumaren korridorean sartu da, beraz, independentzia prozesua, baina inork ez daki oraindik berau egingo den eta egiten bada loteslea izango den, Generalitatetik eta Kataluniako Legebiltzarretik adierazten den moduan. Ez dago behar besteko konfiantzarik soberanismoan, hori goitik behera sinesteko. Carles Puigdemont lehendakaria, dena den, Artur Mas baino askoz argiago hitz egiten ari da gaiaz eta urtarrilaren 24an Europako Legebiltzarrean emandako hitzaldian ere halaxe egin zuen: “Erreferenduma egin egingo dugu, bai ala bai, Estatuaren baimenarekin edo gabe eta %50 + 1arekin irabazten badugu, independentzia aldarrikatuko dugu”. Ozenago bai akaso, baina argiago ezin da esan.

Argazkia: ANC
Konstituzioaren 155. artikulua

Behin erreferendumerako atzerako kontaketa hasita, Espainiako Gobernuak gogor ekin dio erasoaldi politikoari, eta orain arte bezala kontsulta ez dela egingo iragarri du tinko. Rafael Catalá Espainiako justizia ministroak argi adierazi du autonomia Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez bertan behera utzi beharko balitz, hala egingo dutela. Espainiako historia ezagututa, Luis María Ansón ABC egunkariko zuzendari ohiaren berben mehatxua larriagoa da: “Beldurra ematen du pentsatzeak Espainiako Historiaren orrialdeak ostera ere odoletan eror daitezkeela”. Tankerako adierazpen eta esamoldeak aspaldi ez bezala barreiatu dira Espainiaren aktualitate politikoan.

Prozesismoa

Ateak zabalik dira bai, baina Katalunian askori kosta egiten zaio sinestea gauzatuko denik. Baita soberanismoaren barruan ere. 2014ko azaroaren 9ko adibidea hor da. Loteslea izan behar zuen, baina azkenean “partehartze prozesua” izan zen; ez zen ofiziala izango, baina “erreferendumaren balore politikoa izango zuen”, Masen esanetan; independentzia aldarrikatu beharrean, ordea, hauteskunde plebiszitarioak egin ziren.

Eta hala ere gertaera handia izan zen hura. Independentistek, oro har, urrats oso garrantzitsuak ematen ari direla sentitzen dute, baina bada ere ezkortasun maila bat esandakoak betetzen ez direlako, edo erdizka betetzen direlako.

Egoera horri, prozesismoa deitzen diote askok. Joger Palá “El Critic” webguneko koordinatzailea da esamoldearen asmatzailea eta berak bi zentzu ematen dizkio: batetik, hor dago beti Prozesua, beti aurrera, baina bere helburuetara inoiz heldu gabe, hainbat egoera estaliz eta egoera hori etengabe luzatuz; bestetik, indar metaketa garai moduan ere uler liteke, Prozesuaren garaia da hau, indar soberanistek beren helburuetara iristeko hainbat saio eta molde erabiltzen ari diren garaia.

Masen itzulera epikoa

Doinu epiko handia izan du Artur Mas lehendakari ohiaren itzulerak politikaren lehen lerrora. Egia esan, lehenbiziz gertatzen da halakorik Estatuan, ez da txantxetakoa Espainiako Justiziak autonomia bateko lehendakari ohi bat epaitzea. Eta oso nabarmentzekoa, halaber, 50.000 pertsonak laguntzea hiru auzipetuak –Artur Mas, Irene Rigau eta Joana Ortega– auzitegietako ateraino.

Lehen lerroan Joana Ortega, Artur Mas eta Irene Rigau (Arg.: ANC)

“Kalean harro, baina epailearen aurrean otzan” diote unionistek; “Herri bat du atzean”, independentistek; eta badira elkartasuna adierazi bai, baina zale ez direnak ere: “Epaimahaiaren aurrean desobedientzia ekintza hura ez onartzea ez da defentsa estrategia egokia”, azpimarratu du CUPek. Masek bere gain hartu du erreferendumaren erantzukizun politiko osoa, baina ihes egin dio erantzukizun juridikoari: Masen erranetan “Konstituzio Auzitegiak ez zien agindu zuzenik eman erreferenduma geldiarazteko” eta, beraz, ez zuten ezer desobeditu.

Inhabilitazioa ez litzateke txantxetakoa Mas eta PDECat bere alderdiarentzat, eta aukera horrek hainbat mugimendu azkartu ditzake xake jokoan. Baina independentismoak dioenez, Katalunian Masen inhabilitazioa baino garrantzitsuagoa izango litzateke Carme Forcadell kargugabetzea, azkenean Masek orain ez duelako kargurik eta Forcadell Legebiltzarreko lehendakaria delako.

Denetarik entzun eta irakur daiteke Kataluniako egoeraz eta kontu askorekin ibili behar da bata ala bestea xurgatzerakoan, baina badira joera nagusi batzuk aurrera begira; bestelakoa izango da betetzen diren ala ez. Joera horietan Forcadellen inhabilitazioa gauzatutzat ematen da, eta erantzun gisa independentismoak erreferenduma uda aurrera ekar dezake. Generalitateak ere publiko esan du hori aukera bat litzatekeela.

Instituzioak behar dira erreferenduma antolatzeko eta irailera arte itxaronez gero, independentistak instituzio barik gera litezke erreferenduma egiteko; eta ondoren independentzia aldarrikatzeko, hori baita baiezkoak aise irabazi ondoren egin beharreko hurrengo urratsa.

Deskonexiorako Legea

Abenduaren amaieran iragarri zuten Junts Pel Sí eta CuPek Deskonexiorako Legean akordioa erdietsi zutela. Erreferenduma bezain giltzarri da atal hau eta haren segidan jarri beharko da indarrean. Nahiko aurreratua ei dago eta uztailaren 1erako guztiz prest egongo da. Bere helburua da hutsune juridikorik ez uztea autonomiatik Kataluniako Errepublikaren bidean. Funtsean, lege hau indarrean sartzea independentzia aldarrikatzea da. Hala dio bere lehen artikuluak: “Kataluniak Errepublika demokratiko eta sozial gisa eratu du bere burua”.

Akordioa iragarri zenean legearen hezurduraren bederatzi titulu nagusiak ere eman zituzten: “xedapen  orokorrak; nazionalitatea eta lurraldea; ordenamendu eta administrazioen segida; eskubideak eta betebeharrak; sistema instituzionala; botere judiziala eta justizia administrazioa; finantzak; independentzia erreferenduma; prozesu konstituziogilea; eta amaierako xedapenak eta aplikaezinak”.

Eta debekatzen delako erreferenduma egiten ez bada? Orduan independentismoak horretan oinarrituko luke Deskonexio Legea indarrean jartzeko bere legitimitatea. Beraz, datorren udan edo udazkenean lege hori indarrean sartuko litzateke bai ala bai, autonomiak indarrean irauten badu bederen.

Funtsean, soberanismoak pentsatzen du errepresioaren bideak jende asko ekarriko duela bere esparrura, batez ere udaberri honetan politikoki eratuko den En Comú esparrukoak. Erreferendumari begira, espazio hori edo haren zati handi bat bereganatzea da independentisten egungo erronkarik handiena kontsultaren arrakastari begira.

Erreferenduma eta Deskonexio Legearen artean hauteskunde aurreratuak egitea ere ezin da baztertu, batez ere erreferenduma egiteko aukerarik ez badago. Horra begira legoke Masen oraingo irudi metaketa, Puigdemontek iragarria baitu bere ez dela izango berriz lehendakari. Egungo inkestek, ordea, bosgarren lekuan jartzen dute PDECat. Jordi Pujol lehendakari ohiak, esate baterako, Oriol Junqueras ikusten du lehendakari, batez ere Mas inhabilitatzen badute: “Orduan bereak egin du”, dio hainbat gazterekin egindako solasaldian.

Lehendakari gabeko zerrenda

Enric Juliana moduko analistek argi ikusten dute ez dela erreferendumik egingo eta hauteskundeak aurreratuko direla berriz ere. Baina oraingoan oso gaitza litzateke Junts Pel Sí-ren jokaldia errepikatzea eta bakoitza bere siglekin joango litzateke hautetsontzietara. Azken bala gisa, ordea, independentismoari beti geratuko zaio “lehendakaririk gabeko zerrenda”, dagoeneko hainbat erakundek 2015eko iraileko hauteskundeetarako proposatu zutena, baina indar aski izan ez zuena: independentismo osoa aurkeztuko litzateke zerrenda bakarrean, baina hau pertsona ezagunez osatua legoke eta ez politikariez.

Gehiengo osoa lortuz gero, ordea, lehendakaria izendatu beharrean, Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deituko lirateke berriz; eta orain bai, alderdi bakoitza bere proiektuarekin aurkeztuko litzateke. Erreferendumaren gisakoa litzateke lehena eta hauteskunde konstituziogileak bigarrenak. Eta guztia Espainiarekiko izan daitekeen enfrentamendu gogorra saihestuta.

Legitimitate talka agerian da zeruertzean, baina ezin jakin nola lehertuko den: Espainiak estatu indartsu baten tresneria osoa du, bere zuzenbide estatuaren indarra; Kataluniak herritarren legitimitate demokratikoa. Independentistak legitimitate hori handitzen dela erakusteko gai diren neurrian, Errepublika berria gertuago izango da. Egungo egoera asko luzatzen bada, independentismoa higatu egingo da.


ASTEKARIA
2017ko otsailaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude