Izaro Andres, musikaria

"Beti dago etekina atera nahi duen norbait, baina ni ez naiz produktu bat"

  • Hiru laguneko taldearekin oholtzara igota, IZARO da. Behean, aldiz, Izaro Andres Zelaieta (1993) abeslari eta musikari mallabiarra. Bi urte baino gehiago dira konposatutako lehen abestia (Paradise) sarera igo eta hautsak harrotu zituela. Geroztik Om diskoa kaleratu eta Euskal Herriko eszenatoki txiki, ertain zein handi mordoa zapaldu du. Distantziak ematen duen zorroztasunetik jarri gara ibilitako bideari begira. Zer geratzen da berria denak berria izateari uzten dionean?

Lander Arretxea @larretxea
2017ko otsailak 19
"Sentitu dut erreferente sozial txiki bat bihurtzearen pisu hori", esan digu Izaro Andresek (argazkia: Dani Blanco).

Denbora pixka bat igaro da lehenengo abestitik, lehenengo kontzertutik, diskoa kaleratu zenuenetik. Gauza asko gertatu dira bi urte hauetan…

Egia esan, poz handiz hartu dut, sorpresa erabatekoa izan delako. Baina sorpresa horretan bizi naiz dagoeneko, errutina bat eraiki dut sorpresa horretan, eta ohitu naiz egoera berrira. Badago beldur hori ere, eferbeszentziarena. Ezin jakin hau guztia noiz arte izango den. Nik apustua egin dut astiro astiro joatekoa, baina hasitako hau luzatuz.

“Ezpainak margotu eta eszenatokira gona batekin igotzea aholkatu zidaten behin. Hor garbi ikusi nuen horrelako gauzek gazte harrapatzen bazaituzte eta babestuko zaituen ingururik gabe, suntsitu egin zaitzaketela”

Berria zena, jada ez da horren berria. Aldatu da ezer?

Gauza asko aldatu zait, baina funtsezkoenak ez. Orain beste begi batzuekin begiratzen diot bi urte hauetan gertatu den guztiari. Gozo dena pasa dut, eta musikaren mundu honek dituen alde txarrei ere begiratu nahi diet, posible den neurrian aurre egiteko. Nire buru-jan handienak orain bestelakoak dira: nola duindu eta profesionalizatu bide hau.

Lehen ez nuen uste musika lan eta bizimodu izan nezakeenik. Orain konturatu naiz baietz, benetan disfrutatzen dudala hau eginez; ordu asko eskatzen didala; formatzen jarraitu nahi dudala; nahi nukeela nire musikariekin konprometitu eta urte luzez joan aurrera… Hori guztia duintasunetik nahi dut egin, eta oso zaila da beste lan batekin uztartu behar baduzu.

Erabaki asko ere hartu behar izan dituzu. Tartean, bestelako eskaintzak izan arren, diskoa zure kabuz ateratzea lehenetsi zenuen.

Alde batetik, prozesu guztia nolakoa den ikasi nahi nuen. Enpresa batek egiten badu, ez dakizu zenbateko lana den, zer hartu behar den kontuan… Nik barruraino sartu nahi nuen lokatz horretan. Independentzia mantentzea ere oso garrantzitsua da niretzat, bai musikari moduan eta bai pertsona moduan. Ez dut inorekin zorretan egon nahi. Beti dago etekina atera nahi duen norbait, baina ni ez naiz produktu bat. Jendearengan bai, badut konfiantza, eta horregatik aukeratu nuen crowdfunding bidez finantzatzea.

Diskoaren ekoizpena bezala, kontzertuan kudeaketa ere zerorrek daramazu.

Euskal Herri mailakoak behintzat bai. Beste edozein lanengatik moduan, gurearengatik dirua eskatzeagatik ez genuke lotsatu beharrik, baina askotan hori da zailena, dirua eskatzea. Egia da musikari bezala negoziaketa hori zuk eramateak zikintzen zaituela apur bat. Beste norbaitek egiten badu zure izenean, hitz itsusi guztiak managerrarentzat dira… Saiatzen naiz, oro har jatorra izan eta ezezkoa emateko bada ere, beti erantzuten. Baina lehen aldiz gertatzen ari zait ahaztu egiten zaidala mezu batzuk erantzutea.

Horrek malgutasuna ere emango dizu, ikusi zaitugu festibaletan, gaztetxeetan, aretoetan,  taberna txikietan…

Hori ere gai zaila da. Ni erosoago nago leku epel batean, ondo entzuteko aukerarekin, publikoa eserita baina ez urrunegi… Badaude hori eskaintzen duten aretoak, baina baita gaztetxe batzuk ere. Eta adibidez, festibalek normalean ez. Ez da erraza irizpide garbiak izatea. Baina normalean, joaten garen tokietara joaten garela jende pila etortzen da, eta ez dago sari hoberik. Batzuetan pentsa dezakegu, hainbeste lan… Zertarako? Merezi du? Baina heltzen gara eszenatoki gainera, jotzen dugu kontzertua eta amaitzerako, argi dugu baietz, merezi duela.

“Pasa nituen lau edo bost aste egunero kanta bat idatziz, denak gaztelaniaz. Lehenengoz sentitu nuen presio hori: ‘Izaro, euskaraz ere idatzi beharko duzu, edo?’. Gero oso modu naturalean idatzi ditut euskarazkoak ere”

Aipatzekoa da taldean sortu duzuen giroa ere. Nabari da Ane Bastida, Iker Lauroba eta Oriol Flores Izaro janzten duten musikariak baino gehiago direla.

Konturatu naiz zein diferentea den gure kamerinoa farandulako talde askorekin konparatuta. Drogarik edo alkoholik ez dago gurean. Egoten gara meditatzen, txorakeriak esaten… Ez gara batere “guaiak”, zentzu horretan, baina nahiago dut hala. Familia bihurtu gara, etxekoak dira niretzat. Oraintxe bertan, nire bizitzako pertsona garrantzitsuenak dira. Musikalki ere, beste dimentsio bat eman diote abestiei, nahiz eta hasieran asko kostatzen zaidan nik egindako hori beste batzuen eskuetan jartzea.

Esana duzu abestiak ia kolpetik egiten dituzula, eta ez zaizula gerora aldaketak egitea gustatzen. Behar baditu, hori utzi eta beste abesti bat sortzen omen duzu.

Niretzat, kantu bakoitza momentu jakin batean buruan dudan galdera baten erantzuna da. Moldaketa asko egin behar badizkiot, ja ez dio erantzuten momentuko galdera horri, eta hortaz, ez dit balio. Eraldatu nahi badut edo beste ikuspegi bat eman nahi badiot, beste abesti bat egiten dut, beste erantzun bat.

Sortzeko denbora gehiago izatea eskertuko lukeela dio Izarok (argazkia: Dani Blanco).

Abestiak aipatzen hasita, hizkuntzaren hautaketarena datorkit burura. Badakit hiru hizkuntzatan (ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz) zaudela eroso; baina seguru izango direla euskaraz abesti gehiago zergatik egiten ez dituzun galdetzen duten euskaldunak, eta baita euskararekin horren tematuta zergatik jarraitzen duzun ulertzen ez duten erdaldunak ere.

Ez diot hizkuntzen kontuan nire buruari mugarik jartzen. Natural egiten dut, abesti eta momentu bakoitzak eskatzen didanaren arabera. Baina egia da pasa nituela lau edo bost aste egunero kanta bat idatziz, denak gaztelaniaz. Lehenengoz sentitu nuen presio hori: “Izaro, euskaraz ere idatzi beharko duzu, edo?”. Gero oso modu naturalean idatzi ditut euskarazkoak ere, baina kezka horrek balio izan zidan nire kontraesanen jabe ere izateko. Uste nuen niri ez zidala eragingo, baina pentsatu nuen: “Zer esango dute?”. Jendeak oso erraz jotzen du bestea ebaluatzera, baina nik hau ez dut egiten inoren irizpideen arabera zazpikoa, zortzikoa edo hamarrekoa ateratzeko. Niretzako egiten dut hau.

“Kontzertuak lotzeko negoziaketa zuk eramateak zikintzen zaitu apur bat. Beste norbaitek egiten badu zure izenean, hitz itsusi guztiak managerrarentzat dira”

Festibal handiak, managerrak, diru kontuak, eszenatokien atzeko mundu hori guztia ezagututa, aurkitu duzu txarrerako harritu zaituen ezer?

Dena da espero nuenaren antzekoa. Baina tristatu nau uste batzuk baieztatzeak. Adibidez, ezpainak margotu eta eszenatokira gona batekin igotzea aholkatu zidaten behin. Hor garbi ikusi nuen horrelako gauzek gazte harrapatzen bazaituzte eta babestuko zaituen ingururik gabe, suntsitu egin zaitzaketela. Ez da harritzekoa oso gaztetan Disneyko izarrak bihurtzen direnek bukatzen duten moduan bukatzea.

Emakumea eta musikaria zarelako jasan behar dituzun iruzkin eta epaiak ere salatu izan dituzu.

Amorrua ematen du, noski, baina horrela da. Denetik entzutea tokatu zait: “zenbat pertsonarekin oheratuko ote zen horraino iristeko”, edo “duen gorputza duelako bakarrik dago hor”, adibidez. Argala bazara, argala zarelako, lodia bazara, lodia zarelako. Berdin du nolakoa zaren, eszenatoki batera bagina batekin igotzen zaren unetik bertatik zure gorputza epaitzen dute, eta horrek baldintzatzen zaitu. Nire taldekide gizonezkoei ez zaie halakorik gertatzen. Lanketa pertsonala egin dut, eta konturatu naiz ez zaidala inporta nire publikoa ez diren horiek zer esan eta uste dezaketen. Baina lagun onak eta autoestimu handia behar dira horretarako.

Denbora gutxian foko eta mikrofono asko zureganatu dituzu. Sentizen duzu belaunaldi baten ordezkari izateko beharra? Zenbait bandera hartzeko presioa edo eskakizuna?

Bai, sentitu dut erreferente sozial txiki bat bihurtzearen pisu hori. Baina ez nago eroso horretan. Ni musikaria naiz, ez besterik. Nik Izaro, musikari moduan, ez dut erlazionatu nahi inongo ekimen politikorekin. Izaro Andres Zelaieta bai, joango da nahi duen ekimen eta manifestazioetara, baina Izaro ez. Buruan bueltaka zalantzan nabilen gauza bat da, zaila, denak duelako bere karga ideologikoa. Baina ez dut nire musikari lana ezerekin lotu nahi, ez behintzat nik gauzak guztiz argi ez ditudan bitartean.

Garrantzia ematen diozu sare sozialak, hedabideak eta oro har, komunikazioa zaintzeari. Musikari askok karga gisa bizi dute lan hori.

Uste dut sare sozialak oso tresna eraginkorra direla zure lanaren berri emateko. Jende asko mugitzen da bertan, gero, zorionez, zuzenekoetara ere badatorrena. Denbora kentzen dit baina asko da bueltan jasotzen dudana. Izaro oso gauza personala da, oso nirea, eta ez dut saiakera berezirik egin behar Izaro izateko. Nik bakarrik egin dezakedan lana da.

Entseguak, komunikazioa, kontzertuen kudeaketa, kontzertuak… Sortzeko denbora ere baduzu?

Eskertuko nuke sortzeko denbora eta egun gehiago izatea. Azken egun hauetan gertatu zait, adibidez, “estribillo” bat izatea buruan, eta ezin gitarra hartu konposatzeko. Lehenengo diskoan tokirik izan ez zuten abesti asko badut, baina lagun batek esan zidan moduan, horiek ez dute gaur egungo Izaro ordezkatzen, eta oraingoz behintzat, gordeta geldituko dira. Hala ere, pixkanaka ari naiz abesti berriak egiten.

Kanal hauetan artxibatua: Musika  |  Mallabia  |  Matxismoa

Musika kanaletik interesatuko zaizu...
2017-08-08 | Xalba Ramirez
Emakundek 200 kantu ez sexista proposatu ditu jaietarako, horietatik soilik 24 euskaraz

Emakundek herriko jaietan erabiltzeko 200 kantu ez sexisten bilduma osatu du. Soilik 24 dira euskaraz eta horietatik bost dira bakarrik aktibo dauden euskal emakumeenak.


2017-08-02 | Hatortxu Rock
Zorionak bai, baina lan handia dugu aurretik!

Ahaztezina izango zela esan genuen, eta ahaztezina egin dugu. Denon artean egingo genuela esan genuen eta denon artean egin dugu. Etxerako bidea eraikiko genuela esan dugu eta etxerako bidea eraiki dugu. Eta eraikitzen jarraituko dugu. Balorazio oso positiboa egiten dugu hilabeteetako esperientzia honetan. Indarrez eta arrazoiz pilatuta atera gara, lanean jarraitzeko asmoz.


Zarautz, ostalariak eta 'Los 40 summer live'

Turismo masifikatuaz gain, gauza oso gutxi partekatzen dute Ceuta, Marbella, Motril, Manga del Mar Menor, Mallorca, Tossa de Mar eta Zarautzek. Bat  da, bertako agintariek erabaki dutela uda hontarako itzela litzatekeela 40 Principalesen zirkoa herrira ekartzea. Ondo entzun duzu, Zarauzko Udalak eta Zurekin ostalaritza elkarteak sustatuta, 40 Principales irrati katearen ‘Los 40 summer live‘ musika jaialdia egingo da abuztuaren 6an Zarauzko malekoian. Zarauztar eta... [+]


Pixaren iraultza 2.0

Eta halako batean Hatortxun ginen emakumeon artean begirada eta irrifar konplizeak sortzen hasi ziren, eskailera horiek igo eta bertan zegoena ikustean…


2017-08-01 | Hatortxu Rock
Mila esker Euskal Herria! Dudarik ez, lortuko dugu!

Iritsi bezala joan da Hatortxu Rock? Ez. Askoz indartsuago gaude, askoz gehiego gara. Etengabe errepikatu dugu Hatortxu Rock 20 erronka erraldoia zela eta lortu dugu. Zuei esker lortu dugu. Eta hau egiteko gai bagara, zer ez dugu egingo ba? Etxera ekarriko ditugu, noski baietz.


Hatortxu Rock 20 argazkitan

Milaka lagun batu dira Lakuntzan Hatortxu Rock ekimenaren 20. urteurrenarekin bat eginez. Ekinklik kolektiboaren argazkiak segidan.


2017-08-01 | Guaixe .eus
Hatortxu Rock 20: Kolosala izan da

Igandean agurtu zen Hatortxu Rock, Euskal Herriko elkartasun jairik erraldoiena. Azkena izan dadila, hori antolatzaileen eskaera, "Nahikoa da, denak etxera!" izan baita aldarri nagusia. Facebooken duzue jaialdiaren jarraipena.


Mugarri izateko bidean

Ostegunean hasi eta igandera arte, Hatortxu Rocken hogeigarren edizioa ospatuko da Lakuntzan. Antolatzaileen arabera, Euskal Herrian sekula egin den elkartasun jaialdirik handiena izango da. Musika izango da nagusi, baina hitzaldiek eta mendi martxek ere izango dute tokia.


2017-07-26 | Xalba Ramirez
84 talde izango dira 20. Hatortxu Rocken

“Inoizko elkartasun jaialdirik handiena” egingo dute asteburu honetan Lakuntzan. Lau egunez 84 musika taldek osatutako kartelean, euskal eszenako talderik garrantzitsuenez gain, espresuki jaialdirako batu diren zazpi talde izango dira.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude