Nekazarien suizidioek odolustutako lurra

  • Merkataritza askeko nazioarteko itunek eta estatuko politikek milaka nekazari hiltzen dituzte urtero Indian, beren buruaz beste egitera bultzatuz, laborari elkarte ugarik salatzen dutenez. Egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute, sektoreko krisia areagotu eta nekazaritza industrialak ezarritako eredua indartu ahala.

Nekazarien suizidioengatik protestatzeko ekintza. Azken hamarkadan 250.000 lurjabe gizonezkok egin dute beren buruaz beste Indian. Emakumeak eta lurgabeak ez dira nekazaritzat hartzen.
Nekazarien suizidioengatik protestatzeko ekintza. Azken hamarkadan 250.000 lurjabe gizonezkok egin dute beren buruaz beste Indian. Emakumeak eta lurgabeak ez dira nekazaritzat hartzen.

India hegoaldeko La Via Campesinako erakundeen koordinatzailea Kannaiyan goitizenez ezagutzen da. Kazetariekin egindako formazio saio batean “merkataritza askerako itunek nekazariak erailtzen dituzte” oihukatu zuenean isiltasuna nagusitu zen. Baina datuak ikusita, ez dago zalantzarik, azken hamarkadan Indiako 250.000 lurjabe gizonezko nekazarik beren buruaz beste egin dute (emakumeak ez dira nekazaritzat hartzen, ezta lurgabeak ere). Aurten kopuruek gora egin dezakete, nekazaritza krisia hedatzen ari den heinean.

Nekazarien esanetan 1990era arte Indiak bere biztanle guztiak elikatzeko adina ekoizten zuen; oraingo politikek ekoizpena suntsitu eta zor etengabera eraman dituzte laborariak

Nekazari mugimenduen esanetan arrazoiak oso konplexuak dira, baina funtsean barneko eta nazioarteko merkataritza askerako politikak dira arduradunak, haiek eragindako krisiarekin, zorrekin eta diru iturrien beherakadarekin lotura zuzena dutelako suizidioek. La Via Campesinaren hitzetan, “Indiako Gobernuak eta beste erakunde publiko batzuek ondorioei begiratzen diete arrazoiei begiratu ordez, euren ardura politikoa ezkutatuta”. 2015ean beren buruaz beste egin zuten 8.000 laborariak depresioak jota zeudela esaten du gobernuak.

Diru iturrien beherakada

Iraultza Berdea esaten diotenak, hau da, nekazaritza agroindustrialak, premia gorrira eraman ditu familiak La Via Campesinaren esanetan. Patente teknologikoak, diru-laguntzen desagerpena, landa eremuko kredituen konplexutasuna, herri merkatuen pribatizazioa, kanpo inbertsioak… krisi horren parte dira. 

Merkataritza askerako itunak eta bestelako nazioarteko akordioen arauak direla-eta, nekazaritzako produktuen prezioak behera doaz eta aldi berean estatuek elikagaiak inportatzen dituzte, oso zerga txikiekin edo zerga gabe egiten dutelako. Indiako nekazariek ezin dute horrekin lehiatu. 

Aurten berriro izango dute arazo bera, gobernuak garia eta patata inportatuko dituela adierazi du eta. Horretarako aitzakia da Indian ez dela uzta nahikoa egon, baina nekazari mugimenduek gezurtatu egiten dute: “Arazoa da gobernuak ez duela elikagai nahikoa erosi eta gorde; Merkataritzarako Nazioarteko Erakundeak, Indiak sinatu dituen merkataritza askeko itunekin batera (80 baino gehiago), ez du horretarako aukerarik ematen”. Nekazarien ordezkariek esaten dutenez, 1990era arte bere biztanle guztiak elikatzeko janari nahikoa ekoizten zuen Indiak; “orain barne ekoizpena suntsitzen ari dira dumping politikekin eta nekazariak behartzen dituzte salneurri txikiekin lehiatzera”. 

Argazkia: © Yann Forget / Wikimedia Commons
Gutxieneko prezioak 

Laborarien iritziz, Indiako Gobernuaren ardura izan beharko litzateke gutxieneko salneurriak ezartzea, langileak merkatuaren gorabeheretatik babesteko. Baina uzta gehienek ez dute oraindik gutxieneko preziorik eta dutenean txikiegia da, ez da inolaz ere bidezko prezioa. India osoko La Via Campesinako mugimenduen aspaldiko borroka da hori, urtero milaka nekazari kalera ateratzen dituena. Yudvir Singh, Bharatiya Kissan Union (BKU) taldeko ordezkariak dioenez, “une honetan uztarekin dirua galtzen ari diren ekoizleak daude, oso baldintza eskasetan bizi direnak, eta badira uztak alferrik galtzen edo botatzen dituztenak ere”. 

Lehen sektorean ematen diren galerak neurri handi batean Iraultza Berdearen ondorioa dira, arazoa jasaten ari direnek sinpleki adierazten dutenez: gastuak biderkatu ziren –eta urtero handitzen dira– eta elikagaien salneurriak mantendu egin dira. Bertako baliabideak erabiltzen zituen eta ia diru inbertsiorik behar ez zuen nekazaritzatik urtero inbertsio handiak eskatzen dituen eredura pasatzean (haziak, pestizidak, ongarriak, erregaiak…), irabaziak gutxituz joan dira. 

Hazi transgenikoen agerpenak itotzea areagotu zuen. Kotoi transgenikoak milaka nekazari hondamendira eta suizidiora eraman zituen, eta arrisku bera dakar ziape transgenikoaren agerpenak. Ipar Indian oso labore garrantzitsua da ziapea, mostaza olioaren kontsumoagatik.

Horrek guztiak zor etengabera eraman ditu nekazari familiak, ordaindu ezin duten zorra. Eta depresio egoera larriak sortu dira: zordunak etxeetara joaten dira diru eske, eta horrek, herri txikietan, lotsa publikoa eta autoestimua galtzea dakar.

“Ez dago irabazietarako aukerarik”, kexu dira, “uzta handia denean prezioek behera egiten dute merkatu legeak direla eta ez direla, eta uzta txikia bada prezioak aldatu egiten dira inportazio politikengatik eta gastuen igoeragatik”. Horrekin batera, gora egin dute suizidio tasek. 

Uzta txarrak

Sistema neoliberalak ez ditu nekazariak era bakarrean kaltetzen. Iraultza Berdeari lotutako laborantza industriala, esaterako, klima aldaketaren eragileetako bat da; izan ere, Focus on South Global GKEren arabera CO2 emisioen %50 inguru nekazaritza eredu industrialetik datoz, basoen akabatzea, ongarrien produkzioa, pestiziden aireratzea, makineria astunaren erabilera eta garraioa kontuan hartuta. 

Hondamendi naturalak biderkatu egin dira Indian: uholdeak, zikloiak eta, gehienbat, lehorteak, epe luzeko eta kroniko bihurtzen ari direnak. Indiako eskualde handiek ur gabezia sufritu dute azken urteetan; toki horietan beren buruaz beste egiten dutenen kopurua ohikoa baino altuagoa da. Baina Indiako Gobernuak hartutako erabakiek ez dute sustatzen berotegi efektua gutxituko duen nekazaritza eredu bat. Eta efektu horren ondorioak leuntzeko neurririk ere ez du hartu. 

Krisi honetan emakumeak ikusezin bihurtzen dira, estatistikek eta indiar jendarteak ez ditu laboraritzat hartzen, animalien eta hainbat uztaren arduradunak badira ere. Emakumeek ez omen dute nekazaritza krisia jasaten, gabezia egoeretan zaintza lanak biderkatu arren, goseagatik, gaixotasunengatik... Eta emakumeak dira Indiako landa eremuan zaintzaren arduradun bakarrak. Haien bizitzak ikusezinak dira, eta are ikusezinago haien heriotzak: ez dago emakumeen suizidio tasen inguruko daturik. Datu orokorragoen barruan sartzen dira, eta batzuetan indarkeria matxista kasu moduan agerrarazi nahi dituzte. 

Pestizidak edatea, urkatzea eta uztarekin batera immolatzea dira masiboki erabilitako suizidio motetako batzuk
Nekazarien erbestea

Pestizidak edatea, uzta gordetzen duten lekuan urkatzea eta uztarekin batera immolatzea dira masiboki erabiltzen diren suizidio motetako batzuk. Baina badago beste “heriotza” isilago bat, La Via Campesinak salatzen duenez: hirietara migratzea. Horrekin batera elikagaien ekoizpena galtzen da, hala nola kulturak, bizilagunen arteko harremanak, komunitatea… 

Erbeste horrek beste arazo batzuk sortzen ditu harrera lekuetan: biztanle gehiegi dituzten hiriak, langabezi tasa altuak, ur edangarririk ez izatea, ez energiarik, ez garbitasunik… “Baina badirudi sistemarentzat errentagarria dela, oraindik ere bultzatzen duelako”, dio La Via Campesinak. Indian, beste edozein herrialdetan bezala, migrazioa arrazoi ugariko fenomeno konplexua da, baina kasu honetan behintzat esan daiteke Narendra Modiren gobernuak bultzatzen duen industrializazio politikak zuzeneko lotura duela. Modi lurrak desjabetzen eta nekazariak kaleratzen ari da, industria eta etxebizitzak eraikitzeko, eta horrek migrazioa handitu du. Chukki Nanjundaswamy, Amrita Bhommi agroekologia eskolako koordinatzaileak, Karnataka eskualdean landa husten ari dela eta gazteek nekazaritzan sinesteari utzi diotela dio. 

Halere, India laborari herrialdea da oraindik. Biztanleen %65 landa eremuan bizi da eta, guztiz edo neurri handi batean, nekazariak dira. Baina independentzia garaian %80 ziren; beheranzko joera argia da. 

Dirurik gabeko ekonomia

Egoera okerra zen, baina gobernuak azaroan hartutako erabakiaren ondorioz nekazariak are egoera larriagoan daude orain. Diru beltzarekin amaitzeko aitzakiaz gobernua billete zahar gehienak merkatutik kendu eta berriak inprimatzen hasi zen, baina askoz kantitate txikiagoan, helburua transakzio elektronikoen bidezko ekonomia sortzea delako. Demonetizazioa deitu diote ekonomia txikiak hankaz gora jarri dituen prozesu horri.

Laborari askok ez dakite idazten edo irakurtzen, ez daukate ordenagailurik ez internetik, askotan banku konturik ere ez… Zaila da imajinatzea nolakoa izango den ibilbidea. Lehenengo ondorio latzak berehala etorri ziren: kalean dirurik ez, banku eta kutxazain gehienak itxita, ilara amaigabeak egunean baimenduta zeuden 2.000 errupia lortzeko, hamabost euro gutxi gorabehera. Komunikabideetan hirietako irudi dramatikoak azaltzen ziren, baina landa eremuan arazoa larriagoa zen, herri banku kooperatibo gehienek ez baitzuten dirurik. Egoera horrek azaroa eta abendua bitartean iraun zuen. 

Indiako nekazaritzaren krisian emakumeak ikusezinak dira, estatistikek eta jendarteak ez ditu laboraritzat, animalien eta hainbat uztaren arduradunak badira ere. Ez omen dute krisia jasaten, eurek bakar-bakarrik egiten dituzten zaintza lanak halako egoeretan biderkatzen diren arren: gaixotasunak, gosea... Testuinguru horretan, ez dago emakumeen suizidio tasei buruzko daturik. (Arg.: Esti Redondo)

Azaroa uzta garaia da, hilabete horretan lortzen dute familiek urterako dirua, baita hurrengo ereiterako behar dutena erostekoa ere. Eskuartean diru fisikoa behar dute. Baina halakorik ez zegoen eta norbaitek baldin bazeukan ez zegoen gastatzeko prest. Denda txiki gehienak hainbat astez itxita egon ziren. Elikagaien prezioak jaitsi behar izan zituzten, ia oparitzeraino, inork ez zuelako erosi nahi. Askok udako uztaren dirua galdu dute eta ezin izan dute neguko uztan inbertitu.

Badago bere buruaz beste egiten ez duenik 

Norberaren buruaz beste egiteko arrazoia dirua dela esatea azalpen azalekoegia ematea litzateke, nekazari mugimenduen ustez. “Konponbidea sistema osoa aldatzea da”, diote.  Gobernuari bidezko salneurriak, inportazio merkeekin amaitzea, zorra barkatzea, hondamendi naturalei aurre egiteko laguntzak eta abar eskatzen dizkiote, baina neurri horiek, beharrezkoak izanagatik, epe laburrekoak direlakoan. 

Arazoari errotik heltzeko “elikadura burujabetzaren bidean jarriko gaituen agroekologian” oinarritzea galdatzen dute. “Ekoizpen sistema autonomoak behar ditugu, kanpoko intsumorik behar ez dutenak, kalitatezko uztak izateko eta indiar familiak elikatzeko”.

Konpainia handien menpe ez daudenek prezio hobean ekoizten dute, ez dute zorrik eta ez dute beren buruaz beste egiten, La Via Campesinaren esanetan

Gobernua oso bestelako bideetatik doala salatzen dute. Darmendra Kumar BKUko kideak dioenez, agintarien apustu berriena “nekazaritza adimentsu guneak” dira, pestizida ekoizleek diruz sustatutakoak. “Asmakizun hori zenbat pozoi erabili behar dugun esaten digun teknologian datza”, dio Kumarrek. Nekazarien arazoak konpontzeko baino, menpekoago bihurtzeko balio duen erreminta da haren iritziz.

Chukki Nanjundaswamyren hitzetan, “itxaropena nekazaritza alternatiboa da, ekonomia alternatibo baten barruan. Hori da gure apustua; horretan dabiltzanek ez dute beren buruaz beste egiten”. La Via Campesinak zabaldutako datuen arabera, konpainia handien menpeko ez direnek askoz prezio hobean ekoizten dute eta bizitza kalitate handiagoa dute, zorrik gabe. Salmenta sare lokaletan antolatzen dute, eta ez dute dirurik galtzen inportazioen erruz. Urtetan ura jaso eta gordetzeko bideak garatu dituztenek, bertako aldaerekin lan egiten dutenek, lehortea pairatzen duten elikagaiekin ari direnek… bizitzeko adina ateratzeaz gain, klima aldaketari aurre egiteko aukera gehiago dute. Eredu hori zabalduz suizidioak iraganeko kontua besterik izan ez daitezen eginahalean dabil La Via Campesina. 

 

Jakintza galdu, ura urritu

Laborariek onartzen dute gehienek ezagutzak galdu dituztela: “Nekazaritza industrialeko bi belaunalditan galdu da bertako baliabideekin lan egiteko jakintza; eta nekazariak guztiz menpekoak dira hazi, ongarri, merkatu eta uztez erabakitzeko garaian, eskualde bakoitzaren ezaugarrietara ohituta ez dauden barietate eta ekoizpenekin lanean ari dira. Adibidez, ur apur bat dagoenean alferrik galtzen da monolaborantzan, edo uholde bidezko ureztatze sistemekin”.

Ur gabezia oso sakona eta larria da Indian. Nekazaritzako erabilerarako ura saltzen hasi dira, eta hasi dira ere komunitateen arteko gatazkak erreketako ura dela eta. Iturrietan jendea zain egoten da, emakumeek kilometroak egiten dituzte ur bila... Hasita daude lehen mobilizazioak ere.     


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude