Gorputzari eta bizitzari kasu egiteko lanak

  • “Bizitza erdigunean jarri”. Gero eta gehiago entzuten da ekonomia feministaren aldarrikapen asko laburbiltzen dituen esaldia. Baina zertaz ari gara zehazki lelo hori errepikatzen dugunean? Nola eraman ikuspegi hori proiektu edo enpresetara? Ahalegin horren onurak eta ajeak ongi ezagutzen dituzten bost lagunengana jo dugu erantzun bila.

(Irudi muntaketa: ARGIA)

Egin dut proba. Ekonomia feministaz galdegin diet lagun eta ezagunei. Askok asmatu dute zerikusia baduen zer edo zer aipatzen: “Zaintza-lanen balio eta garrantziaz jabetzea”, “ongizateari etekinari baino garrantzia handiagoa ematea”, “harremanak eta behar pertsonalak zaintzea”… Ideia zabal horiek praktikara eraman dituzten proiektuen berri ba ote duten galdetuta aldiz, inor gutxi izan da izenik emateko gai. Izan badira, ordea esaldi horiek aintzat hartu eta euren egunerokora eramateko ahaleginean ari direnak. Zailtasunak zailtasun.

Badaki zerbait horretaz guztiaz Irati Mogollon ikerlari errenteriarrak. Ana Fernandez Cubero lankidearekin batera hainbat kooperatibaren auditoria feministak egin ditu. Ikerketa eta praktika askoren ondoren, esparru gatazkatsu jakin batzuk identifikatu dituzte: denbora, lan-moldeak, erremunerazio eredua eta kolektibizazio gradua. Horiek aztertuz antzematen dituzte prekarizazioa, kontziliazio gatazkak, botere-harremanak…

Irati Mogollon, ikerlaria:
“Workoholismoa dutenak pasioaren izenean autoesplotazioan bizi dira, nekaturik baina pozik. Jai egunak hartuz gero alferkerian egotearen erruduntasuna sentitzen dute; dena eman nahi horretan, lanaldi amaigabeak egiten dituzte”

Dioenez, posible da ekonomia feministaren ikuspegia proiektu konkretutara eramatea, baina horretarako ezinbestekoa da ekoizpen helburuak gorputzen eta bizitzako zikloen aldaketak kontuan hartuz berrikustea. Bestela, bi filosofia desberdinen arteko tentsioa elikatzen da. “Adibidez, ohikoa izaten da kontziliazioaren izenean lanaldi murriztuekin jardutea. Denbora murrizteak, ordea, ez du zertan lan bolumena murriztea ekarri. Maiz lan kopuru berdina denbora eta soldata murritzagoetan egitea dakar”.

Workoholismoa: gustuko lanaren tranpa

Logika feminista honetatik datozen praktikak ezartzeko zailtasun eta trabez galdetuta, “workholismoa” hartu du ahotan Mogollonek. Gustuko dutena haien lan bilakatu dutelakoan, haien identitateak eta nahiak enpleguaren bitartez gauzatzen dituztenen jokabidea. “Pasioaren izenean auto-esplotazioan bizi dira, nekaturik baina pozik. Jai egunak hartuz gero alferkerian egotearen erruduntasuna sentitzen dute; onena eman nahi dutenez, lanaldi amaigabeak dituzte; diru gutxi irabazi arren, egunen batean egoera aldatuko delakoan daude; eta etorkizuneko egonkortasun horren izenean, etengabe egiten dute lan”. Zabalduta dagoen arren, arazotzat du Mogollonek jokabide hori. Batetik, lan eredu edo logika horri etekina ateratzen dioten sektore pribilegiatuak badaudelako. Bestetik, bizitza, erdigunean jarri ordez, ekoizpen prozesuaren esanetara jartzen dutelako.

Bestelako traba batzuk ere identifikatu ditu, hala nola: hiper-estimulazioa edo etengabe zerbait egin beharra, eta ordainsariaren gatazka. “Egindako lanagatik dirua eskatzeak erreparo edo kontraesan handia sortzen digu, are gehiago gure lana ez-materiala denean.Askotan, erruduntasun horren iturria gure jarduera politikoaz jabetu eta aktibismoa ogibide bihurtzeko beldurra da. Baina ikasi behar dugu ordainsariaren kontuarekin mugak jartzen. Komunitatearen errekonozimendu eta esker onarekin bakarrik oraingoz ezin da ogia erosi edo uraren faktura ordaindu.

Emozioak konpartitzearen garrantzia

Irati Mogollonek gertutik ezagutu duen proiektuetako bat da Ttipi Studio kooperatiba. Hirigintza eta espazio kolektiboen diseinu kolaboratiboetan egiten dute lan, baita komunitate eta erakundeen prozesu kolaboratiboetan ere. Maddi Texeiro bertako kidearen arabera, ekonomia feministaren ideia batzuk eraman dituzte euren antolaketa eta harremanetara. Lan-mota eta funtzio guztiek duten garrantziaz ohartzen direla dio, eta denei balio bera ematen dietela, bai arretari dagokionez, baina baita soldatari dagokionean ere. “Norberaren bizimodua eta lanetik kanpo duen errealitatea ere ongi ezagutzen dugu, asko hitz egiten dugu horri buruz, eta eguneroko jarrera eta talde dinamiketan aintzat hartzen dugu”.

Antzeko bidea egin dute Kalaka komunikazio agentzian. Euren emozioak elkarri azaltzeari garrantzi handia ematen diote, horrek eguneroko harremanetan duen eraginaz jakitun. Lan-ordutegi malguek ere baimendu diete “bizitza erdigunean jartzea”: “Oso pozik joaten gara egunero lanera, eta gure errealizaziorako bide sendoa da, baina gure bizitza lana baino gehiago da. Horregatik, gure bizitzaren baitan antolatzen dugu lan ordutegia. Kontziliazioak, formakuntzak, gaixoaldiek eta egun motelek beren lekua dute lanaldian”. Texeirok aldiz, ordutegi malgua tranpa ere izan daitekeela uste du. “Zaila da enplegua, aisialdia eta zaintzarako denbora bereiztea, eta askotan elkar zapaltzen dute. Zer esanik ez sare sozialek eta e-postek etengabe konektatuta mantentzen bagaituzte”.

Administrazioaren papera

Oso bestelako ikuspegia du Katakrak liburu-dendako bazkide eta langile Nerea Fillatek. Ez du uste ekonomia feminista ardatz hartzeko gaitasuna duen proiekturik egon badagoenik, ezta eurena ere. “Katakraken saiatzen gara ezinbestekoak behar luketen eskubide batzuk errespetatzen, baina horixe dira, eskubideak. Denok bete beharko genituzke”. Edonola ere, aitortzen du badirela etekinari beharrean, euren ongizateari begiratuz hartutako erabaki batzuk: taberna eta kantina izan arren, ez dute igande eta jaiegunetan irekitzen, eta aitatasun edo amatasun baimenak beste bi astez luzatzen dituzte.

Maddi Texeiro, Ttipi Studio:
“Norberaren bizimodua eta lanetik kanpo duen errealitatea ongi ezagutzen dugu, asko hitz egiten dugu horri buruz; eta eguneroko jarrera eta talde dinamiketan aintzat hartzen dugu”

Erabaki txiki horiek garrantzia handia dutela dio, baina ekonomia feminista benetan ardatz hartzeko, administrazioak ere paper aktiboa izan behar duela. “Gaiari administraziotik heltzen ez zaion bitartean, oso zaila izango da aldaketa eraldatzaileak proposatzea”. Zentzu horretan, baditu hainbat aldarrikapen: batetik, kooperatibetan ere, bestelako egitura juridikoetan bezala, zaintza lanetarako lanaldi murriztua hartzean kotizazio osoa mantentzea. Bestetik, aitatasun eta amatasun baimenak berdindu eta derrigorrezko egitea. “Horrela, kolpetik, kontratazioetako diskriminazioa leunduko genuke, eta gizonezkoak zaintza lanetan aritzera behartu”.

Presa ez da bidelagun ona

Ekonomia feministak ordutegiak eta harremanak lantzeko moduak berrikustea eska dezake, baina ez hori bakarrik. Erritmoak eta proiektuen zikloak ere behar dute beste buelta erdi bat, gutxienez. Adibide ona da Lastotan nafarrena. Bost urte dira Iruñerrian nekazaritza eta formakuntza uztartuz Elkarbizitza Laborategia martxan jartzeko ahaleginetan ari direla. Oraindik ez dute lortu, baina gero eta gertuago daude. “Ulertu dugu, orain arte ez bada atera, gauza asko ikasi behar genituelako dela. Horrek lagundu digu frustrazioan eta etsipenean ez erortzen. Ez dugu iparra galdu, nahiz eta goxoki edo tentazio asko izan ditugun. Nahiago izan dugu onura ekonomikoa atzeratu, bidea zuzen mantentzeko. Elkarren zaintzaz gain, gure proiektuaren zaintza ere inportantea izan da. Proiektuaren filosofia mantentzeko, eta horren zutabeak ez botatzeko, uko egin diogu soldatak lehenago lortzeari”.

Badirudi soilik gazteenen esku dagoela horrelako bideak jorratzea; gero eta zailagoa dela urteak eta ardurak pilatu ahala. Uste hori irauli dute Lastotanen. Nerea Esparza kideak, esaterako, 41 urte eta bi seme-alaba ditu, eta pozez eta ilusioz eutsi dio Lastotan sortzeko asmoari. “Gure bizitzak ez du eztanda egin. Izan ditugu krisiak, baina elkar zainduz eta gure ametsa zein den argi izanda, aurre egin diegu”. Haiena omen da elkarbizitza laborategia izango denaren lehen esperimentua, eta harro daude, poliki bezain sendo egin dutelako bidea. “Bide honetan, elkar zainduz, gure bizi erritmoak errespetatuz eta trabak gaindituz ikasi dugun guztiak, balioko digu aurrerago ere”. Denboraren joanak eta presa ezak baimendu die jokabideak ongi zaintzea, eta ahuldu beharrean, indartu egin ditu.


ASTEKARIA
2017ko otsailaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia feminista
Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


'Lanaren ekonomia' irratsaioa
Emakumeak ekonomian duen papera aztergai

Ekonomia feminista izan dugu gaur hizpide Lanaren Ekonomia saioan, Bilbo Hiria, El Salto Radio, ARGIA eta Hordagon arteko elkarlanean.


2022-02-06 | Miren Osa Galdona
Zorraren gurpilean
Emakume migratzaileen zama amaiezina

"Emakume etorkinen zor amaiezina: nazioaz gaindiko begirada Euskal Herritik, pandemiaren ondorengo munduan" ikerketa aurkeztu du Silvia Carrizo Fernandezek oraintsu. Lanak emakume migranteen zorra du ikergai; arlo ekonomikoan ez ezik, migratu beharrak emakumeei arlo... [+]


Kontabilitatea, maskulinoa ala femeninoa?

Galdera bera probokatzailea da. Kontabilitatea modu zurrunean ikasi duen honi (neroni) gehiago jakiteko gogoa sartu zitzaion galdera entzun bezain pronto. Kontabilitate finantzarioaren inguruan hausnarketa kritikoa egiteko bide eman zidan Donostiako Ekonomia eta Enpresa... [+]


Ione Fernandez Zabaleta. Feminista izango da edo ez da izango
"Bizitzea merezi duen bizitza baten aldeko jarduna da ekonomia feminista"

Ara!Gorputz elkarteko kidea da Ione Fernandez Zabaleta (Irun, 1991), eta Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearekin batera euskara hutsezko lehen Ekonomia Eskola Feministaren arduradunetariko bat da. Metodologia eta teoria guztia erdaraz dituen ikasketa prozesu hau lehen aldiz... [+]


Eguneraketa berriak daude