Azkenean Grexit, herrialdea eraitsi eta greziarrak zukututa gero

  • Europarrak entretenituta zeuden bitartean Trump eta Brexit-arekin, Grezia berriro hurbildu da bidegurutzera: otsailaren 20a baino lehen hitzartu behar du itun berri bat bere zor publiko ordain ezinaren hartzekodunekin edo eurotik –eta menturaz Europar Batasunetik– kanpo gera daiteke. 2008an lehertutako krisiak ez dizkio oraindik ezusteko gogorrenak eman Europari.

Petros Giannakourisen argazkian, zahar jendea poliziarekin borrokan Atenasen, berrikitan pentsioen murrizketengatik haserre egindako protesta batean. Irudian ikus daitezke zaharretako batzuk polizien autobusa uzkailtzeko ahaleginean. Troikaren planak derr
Petros Giannakourisen argazkian, zahar jendea poliziarekin borrokan Atenasen, berrikitan pentsioen murrizketengatik haserre egindako protesta batean. Irudian ikus daitezke zaharretako batzuk polizien autobusa uzkailtzeko ahaleginean. Troikaren planak derrigor ezarri zitzaizkienetik, txirotasuna eta bizi ezina are gehiago zabaldu dira greziarren artean, eta aldi berean estatuaren zor publikoa handitu.

Siriatik iritsitako errefuxiatuak ez dira Grezian hil ala biziko estutasunean bizi diren bakarrak. Atenasko osasun etxe batean, medikuaren atean papera erantsita: “Gaixoen muga gainditu dugu. Barkatu eragozpenak”. Gripeak jota dabilen Panagiotis Grigoriou antropologoak deszifratu du mezu ulergaitza Greek Crisis blogean. Grezian mediku guztiek dauzkate kuotak, egunero Gizarte Segurantzaren kontura artatu ditzaketen gaixo kopuruak, 3 eta 5 artean gehienez, eta horien ondoren iritsitako guztiek –berdin dio Gizarte Segurantza kotizatu ala ez– patrikatik ordaindu behar dute. Kuotan sartu ez bazara, edo ordaindu edo medikurik gabe geratuko zara. Eta hiru milioitik gora greziar asegururik gabe bizi dira, edozein botika, mediku edo operazio pagatzera derrigortuta.

Doktorearen salan jende gehiagoren artean zain dagoela, Grigoriouk ikusi du bere aurreko gaixoa larritasun aurpegiz irteten. “Andrea –esan dio sendagileak– sistema informatikoak dio martxoan Gizarte Segurantzak kanporatu egingo zaituela”. “Eta zer gertatu behar zait orduan? Langabezian nago, mediku jauna... Martxotik aurrera aurkituko al dugu modurik medikuren batek artatzeko?”. “Sentitzen dut, andrea, Jainkoak beste inork ez daki”.

Etengabeak dira protestak Atenas bezala Greziako beste hirietako karriketan, agentziek banatu dituzte horien irudi deigarriak gauza inportanteagoekin denbora pasa bizi diren europarrek ikusi ez dituztenak. Milaka traktore atera dituzte errepide eta autopistetara nekazariek, argazkietan ageri dira artzainak makilaka borrokan poliziekin. Pentsioak berriro jaitsi dizkietelako manifestazioak antolatu dituzte jubilatuek, ikusi zahar jendea poliziaren autobusa iraultzen. Osasun sistema publikoko medikuak ere irten dira karrikara, horra poliziak medikuen buruzagiari lepotik heltzen... Horrela milaka.

Troika deituak –Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak– greziarrei ezarritako hirugarren Memorandumaren biktimak dira. Syrizak agintea hartu berritan erreferendumean arbuiatu arren –Oxi!– are bertsio gogorragoan irentsi behar izan zuten murrizketa plan erraldoiarenak. Urte eta erdi geroago, ekonomialari burutsu askok aurreratu zuen moduan, Grezia iritsi da ataka berrira: ongizate gizartea goitik behera eraitsi arren, herrialdeak ezin die aurre egin zorrei. Negoziaketak korapilatu dira eta otsailaren 20rako adostasunera ez iristekotan, Grezia gera liteke Europatik kanpo. Ingelesek Brexit-a abiarazi aurretik, Grexit-a gertatu?

18 hilabetetan historiak Grezia hasierako lekura bueltan eraman balu bezala, Alexis Tsiprasek dio ez duela murrizketa gehiago onartuko –Troikak eskatzen dio zaharren pentsioak gehiago jaistea eta familiei zergak handitzea– eta Berlindik Wolfgang Schäuble finantza ministroak erantzun dio “edo bestela Grexit”.  

Zazpi urte dira Greziari zor publikoak eztanda egin zionetik eta gauzak ez dira geroztik okertu baizik egin. NDF Nazioarteko Diru Funtsak aitortu berri du publikoki murrizketa guztiak estu konplitu eta are handiagoak ezarrita ere, Grezia lehertu egingo dela zorraren zamapean. “Greziako ekonomia ezingo da hazi zorraren arazoa konpondu ezean. (...) Bere zor balantzea jasangarria izan dadin, Europako hartzekodunek Greziari zorrak neurri handi batean barkatzea beste erremediorik ez dago”.

Greziarrak leher eginda daude

NDFk autokritika egina zuen 2015ean, nahiz eta orduan barne idatzi batean izan. Hartan zioen Greziak mirakulu bat beharko zukeela aurreko gobernuek pilatutako zor erraldoia pagatu ahal izateko. Miraririk ezean, NDFko ikerketa taldeak proposatzen zuen hartzekodunek zorra barkatu eta austeritate fiskala ez areagotzea, horrek baimenduko ziolakoan herrialdeari kanpotik inbertsioak erakarri eta ekonomia berriro berotzea.

Alemania izan da aukera horri atea itxi diona, nagusiki bere herritar boto emaileek ez luketelako ontzat hartuko. Prentsa ekonomikoan erreferentzia den Bloombergek idatzi du: “Agonia ez da amaituko NDFk ez badu konponketa derrigortzen. NDFk eta bertan dirua jarrita daukatenek –europarrek eta iparramerikarrek– jatorrizko bekatu eta akatsak egin zituzten eta gero haietan mantendu. Orain ez da aski ‘mea culpa’ esatearekin: egiazko erantzukizunak  eskatzen die NDFren akziodunei zintzotasunez onartzea benetako galerak. Hau da, barkatzea Greziak NDFari dizkion zorrak eta uztea greziarrei eta europarrei anabasa honen soluzioa bilatzen”.

Europako aginte nagusiak ez dira iritzi berekoak, Alemaniatik Wolfgang Schäublek urteotan markatu duen jarrera erasokorraren uberan doaz denak. Orain, gainera, ikusirik Europan eskuin muturrak hartu duen haizea, Schäublek harro esan dezake greziar alferrei beren zorrak pagarazteko taktikak fruitu onak ematen dizkiola Alemaniako eskuinari, lortzen duelakoan AfD ultraeskuindarrari hauteskundeetan bidea ixtea.

Alemania jarrera bortitz horretan egonik, eta Troikak urtarrilean murrizketa gehiago eskatuta, nola ulertu Tsiprasek esatea murrizketa bakar bat gehiago ez duela onartuko? 2015eko udako filmaz gogoratuta, pentsa liteke asteotan jokoa mugaraino eramanez arerioa bigundu nahian ari dela... azkenean tratu berriaren atal nagusiak onartzeko. Hori da posibilitate bat.

Bestea da Syrizaren gobernua benetan aritzea Grexit hipotesia lantzen. Herritar askok dagoeneko amore eman du Europarekiko bere itxaropenetan: Alco ikerketa enpresak plazaratu duen inkesta baten arabera, gehiengoa dira drakma utzi eta euroa onartzea okerra izan dela uste dutenak. Greziako pertsonalitate ezagunak ere ari zaizkio bultzaka Tsiprasi Europar Batasuna utzi eta pilatutako zorrak hartzekodunekin zuzenean negoziatu ditzan.

 Yanis Varoufakisek Efimerida ton Syntakton egunkarian lehen ministroari eskatu dio kiebra aitortu eta negoziaketak hutsetik hasteko: “Bi atal horiek prestatzea da modu bakarra saihesteko epe laburrean Tsiprasek berriro atzera egin behar ez izatea eta epe luzean Schäublek bere plana burutzea”. Ez da fidatzen Europatik gauzak hobetzen saiatzeko promesa egin izan duten beste politikari moderatuagoekin: “Jaun horiek badakite nola esan gezurra edo gezurretan ari ez direnean agindutakoa nola ez bete”.

Greziarren herena txirotasunena bizi da, langabeziak %23a harrapatu du, emigrazioa izugarria da eta estatua ez da kasik izen hutsa baizik. Aldi berean, mugaz beste aldean Turkia ikusten da indarra erakusten, militar turkiarrak maniobratan Greziaren uharte inguruetan. Turkiako armadaren mehatxuak  ere kontatzen du greziarren arten. Europa ere ohartuko da noizbait.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zorra
Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


"Otorduak ordaindu behar dira", Europako Banku Zentralaren abisua zor publiko handia duten herrialdeei

Neurri progresibo eta eraginkorrak hartzeko ohartarazi dute EBZren blog batean hainbat ekonomialarik; bestela, murrizketa gogorrak egin beharko dira etorkizunean, edo inflazio altuari apropos eutsi, herrialdeen irabaziak zorraren gainetik mantentzeko.


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


Europar Batasuneko ekonomia Ukrainako gerraren erdian
Tanke bat Keynesen gainetik

COVID-19aren ostean ekonomia suspertzeko iragartzen ari ziren neurri ekonomikoak ezbaian jarri ditu Ukrainako gerrak. Azken asteetan mota askotako erabakiak hartzen ari dira Europar Batasuneko agintariak. Horietako batzuek zuzenean eragingo dute herritar arrunten bizimoduan... [+]


Independentziaren zorra: Haitiren miseriaren jatorria

Haitiren egungo miseria egoerak badu bere azalpena herrialdearen iragan iraultzailean: mendekuaren ondorio da. 1825ean Frantziak Haiti derrigortu zuen kolono-ohiei 150 milioi urrezko frankorekin konpentsatzera, lurretan eta esklabotan izandako galerengatik.


Eguneraketa berriak daude