Aralarko Parke Naturala: etorkizuna eztabaidan

  • Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarko Parke Naturalean egin asmo dituen pistek arrakala handia sortu dute. 2003. urtetik aurreikusten zen pistaz gain, beste hainbat bide berri eraikitzea dago jomugan orain. Abeltzainek lan duintasuna argudiatzen dute pista horiek eraikitzeko. Naturazale, ekologista eta beste hainbat taldek, ordea, zalantzan jartzen dituzte bide horien beharra, egokitasuna eta legezkotasuna.

Igor Agirre @igoragirre
2017ko otsailak 19
Udazkenean hasi ziren makinak Intzentsaotik Goroskintxura doan pista irekitzen (arg: Aralar Birizik)
Udazkenean hasi ziren makinak Intzentsaotik Goroskintxura doan pista irekitzen (arg: Aralar Birizik)

Eztabaida piztu dute Aralar Natur Parkean egiten ari diren pistek eta etorkizunean egitea aurreikusi dutenek. Enirio-Aralar Mankomunitatea da bertako larreen jabea eta horren parte dira hamabost udal: Tolosaldeko Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain; eta Goierriko Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia. Lur horien kudeaketa, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago.

2016ko urtarrilaren 30ean, urteko batzar nagusia egin zuen Enirio-Aralar Mankomunitateak. Goierriko Hitza-k jaso zuenaren arabera, hiru urte bildu gabe egon ostean elkartu ziren bilera hartan herrietako, Foru Aldundiko eta ganaduzale nahiz artzainen ordezkariak. Batzorde horretan hainbat gai tratatu zituzten eta horien artean jarri zen mahai gainean artzainen bordetaraino iristeko pisten falta. Horren ondoren, hango lehen sektoreko partaideekin eta mendiarekin muga egiten duen udalerrietako ordezkariekin, izaera kontsultiboa duen lantaldea sortzea ere erabaki zuten batzarrean.

Artzainen eta ganaduzaleen eskaera eta beharrak ikusita, Intzentsaotik Goroskintxuraino iritsiko den 1,5 kilometroko pista eraikitzeari ekin zioten makinek 2016ko udazkenean (ikusi mapa). 2003. urtetik onartua zegoen pista hori egitea eta mankomunitateak erabakia aho batez hartuta. 138.000 euro bideratu dituzte lan horietarako.

Ordura arte mankomunitateko ordezkarien artean zegoen batasuna, ordea, 2016ko urriaren 19ko batzarrean hautsi zen. Lantalde deiturikoak landutako proposamena jorratu zen batzar horretan. Bertan, Goroskintxurainoko pista 4,4 kilometrora arte luzatzea onartu zen eta horretaz gain, beste bi mendi-bide eraikitzeko aukera ere bai. Proposamena bederatzi herriren aldeko botoekin, kontrako bost bozkarekin eta batzarrera azaldu ez zen herri baten abstentzioarekin onartu zen.

Pisten aferaren hurrengo kapitulua, Enirio-Aralar Mankomunitateak 2016ko abenduaren 20an egindako batzarrean gertatu zen. Bilera horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015-2019 epealdirako proposatutako hitzarmenari baiezkoa eman zitzaion aldeko hamar bozka eta abstentzio batekin; lau udalerritako ordezkariek bileran ez parte hartzea erabaki zuten. Baiezko horrekin batera, Enirio eta Igaratza lotzen dituen oinezkoen bidea egokitzea onartu da, ibilgailuentzako pista eginez.

Denera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bozeramaile Imanol Lasak jakinarazitakoaren arabera, Diputazioak bi milioi euro bideratuko ditu Enirio-Aralarko kudeaketa planera. Hor aurreikusitako lanen artean daude aurretik aipatutako Goroskintxurainoko pista berria Saltarriraino luzatzea, Doniturrieta eta Enirio artean dagoen oinezkoen bidea zabaltzea, Igaratza eta Ariñate arteko pisten “V”-a osatzea eta hortik hainbat beso ateratzea. Aurrekontu horretan beste hainbat lan ere sartzen dira, hala nola, Ariñaten ur biltegia egitea, Enirioko langan paso kanadarra egitea, aska berriak eraikitzea, hainbat garbiketa lan, eta iturrietan nahiz txaboletan egin beharreko konponketak.

Pisten auziak ika-mika handia sortu du aldeko eta kontrakoen artean. Hondeamakinen aurka udazkenean egin sabotajeak eta berrikitan Zaldibiko mendizaleek Oiduin zuten txabola erre izanak –proiektuaren kontra azaldu dira elkarte horretako kideak–, ez du mesederik egin giroa baretzeko. Zein dira batzuen eta besteen argudioak?

2002an ez, orain zergatik bai?

Abeltzainen eskaerari kasu eginez onartu dira orain arteko pisten lanak eta asmoak mankomunitatean. Gipuzkoako EHNE sindikatuaren lehendakari Garikoitz Nazabalek azaldu duenez, “gutxienez hogei urtez eskatzen ari diren behar bat” da bideena. Halaxe dio ere aipatu lantalde horretako partaide den Josu Oiartzabal artzainak: “Hogei urte daramatzat Aralarren artzain eta hasi berritan harrapatu ninduen 2002ko kontuak. Orduan ere pistak egitea eskatzen genuen baina garai hartan, mankomunitateak ezezkoa eman zuen. Ez genuela ezer egiterik esan ziguten”.

Aranzadiko Zuzendari Nagusi Juantxo Agirrek gogoan du Aralarren inguruan 2002an egon zen eztabaida. Ia hamabost kilometroko autoentzako bide-sarea zegoen proiektatuta orduan. Garai hartan “argi gorriak piztu ziren” Agirrek azaltzen duenez, “Diputazioak bultzatzen zuen hori; gaitasun ekonomikoa zuen eta juridikoki bideratzeko aukera ere bai”. Ordezkari politikoek Eusko Legebiltzarrean beren ikuspegia azaltzeko aukera eman zieten orduan Aranzadikoei. “Artzaintza eta abeltzaintza positiboki baloratzen genuela esan genuen orduan, lagundu behar zela, bizi eta lan baldintzak hobetu behar zirela; baina parkearen bihotzean autoentzako mendi-bide horiek ezinezkoak zirela adierazi genuen, eragin latza eta atzeraezina izango zutelako” gogorarazten du.

Garikoitz Nazabal (EHNE): "Gure sektoreak lurrarekin lan egiten du. Guk lurra behar dugun bezalaxe behar gaitu lurrak gu orain duen egoera mantentzeko"

Orduko ordezkari politikoek proiektu erraldoi hura ez egitea erabaki zuten azkenean. Hala ere, gaur egungo egitasmoak 2002koarekin lotzen ditu Aranzadiko ordezkariak: “Garai hartan aurreikusitako ibilbide guztiak ikusten ziren plano bat zegoen. Argazki horren aurrean jende asko beldurtu egin zen. Hamasei urte geroago, orain, argazki hori zatika erakusten dute, eta garaiko bide-sarea egin nahi zutenek egitasmoa administratiboki eta juridikoki nola bideratu ikasi dute”.

Denbora pasa bada ere, abeltzainek orduko kezka berdinekin jarraitu dutela dio Oiartzabalek. Latosan du txabola eta bere esperientzian oinarrituz azaltzen du berak bizitako egoera: “Nik hiru urtetan egin dut gazta mendian baina ia ezinean jaisten nintzen. Pista amaieratik ordubetera dut txabola eta gaztak egin berriak direnez, gazta gutxi eman behar nituen joan-etorri bakoitzean, bestela zapaldu egiten baitziren. Horretaz gain, eguneroko bizitza egiteko beharrezko traste guztiak ere eraman behar nituen txabolaraino. Azkenean, gazta mendian egiteari utzi nion”.

Gaur egungo egitasmoa etorkizunean pentsatuz egindako eskaera dela azpimarratu du Oiartzabalek: “Eskaera egin dugu etorkizunean abeltzaintzak, eta batez ere artzaintzak mendi horretan jarraitzea nahi badugu, baliabide horiek behar-beharrezkotzat ditugulako. Jardun horiek mantentzen badira, Aralar larreetako belar motzarekin eta txukun mantentzea ekarriko du, gaur egun bezala”.

Edurne Huesa (Landarlan):
"Aralar ondarezko herri-mendia da eta bertako onuradun diren sektore guztien beharrak jaso beharko lituzke proiektuak"

Horretaz gain, langileen baldintzak ere ezinbestean kontuan hartu behar direla arrazoitzen dute EHNE eta ENBA sindikatuek. EHNEko ordezkariaren esanetan oinarrizkoak dira beren eskakizunak: “Gure sektoreak lurrarekin lan egiten du. Guk lurra behar dugun bezalaxe behar gaitu lurrak gu orain duen egoera mantentzeko. Beraz, errekonozimendu horretatik hasiz gero, pertsonak era duinago batean lanean aritu behar duten garaian, oinarrizkoak diren bitarteko batzuk behar dira”. Langileen eskubideez mintzo direla aldarrikatzen du, bideez hitz egitea “langileen bizitzaz” hitz egitea dela argudiatuz. “Langile guztien moduan, duintasuna eskatzen dugu” gehitu du Nazabalek.

Aralar Bizirik taldeko Joxan Auzmendik argi du Aralar Parke Naturalaren kudeaketaren helburua “bertako natur-ondarea babestea, kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea” dela. Artzaintza ere parametro horietan kokatzen du. Baina aipatutako helburuei erreferentzia eginez, Aralarko Natur Baliabideen Antolamendu Planean oinarritzen da. “Hor jasotzen da Aralarren garatuko diren jarduera guzti-guztiek helburu horrekin bateragarriak izan behar dutela” dio.

Prozesua eta legeen interpretazioak

Pista berriak egitea egia bihurtu litekeela ikustean, proiektuaren beharra, egokitasuna eta legezkotasunaren inguruko iritziak ere zabaldu dira gizartean. Aralar “ondarezko herri-mendia” denez, tamaina honetako proiektu bat egiterakoan, “bertako onuradun diren sektore guztien beharrak” jaso behar direla uste du Landarlaneko kide Edurne Huesak. Duela hamahiru urte Goierrin sortutako taldea da Landarlan Ingurumen Elkartea eta Aralar parkeko patronatuko kide ere bada. Patronatua parkearen kontrol, kontsulta eta lankidetza organoa da eta eztabaidaren aurrean patronatua ez biltzea salatzen du taldeak: “Landarlanez gain, EHU, Mendizale Federazioa eta beste zenbait erakunde ere patronatuan ordezkatuta daude”.

Eguzki talde ekologistarekin batera, fiskaltzara jo du Landarlanek pisten proiektuak hainbat lege urratzen dituela argudiatuta. Joxan Auzmendiren arabera, “legearen espirituaren gainetik nolabaiteko ingeniaritza juridikoa erabili dute beren helburua lortzeko zirrikituak aurkitu nahian”. Pista berria egiten ari diren tokian legeak espresuki lurra mugitzea debekatuta dagoela dio Aralar Bizirikeko kideak. Goroskintxurainoko pista Aralarko Parke Naturalaren ordenazio planean babeserako “mendi babesle barrutian” kokatutako lurretatik pasatzen da. Barruti horren legedia kontuan hartuz, Auzmendik adibidetzat jartzen du Aralar aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Planeko 26. artikuluan jasotzen den araua: “Lurzorua eraldatu dezaketen lan guztiak debekatzen dira baso iraunkorra ezartzea helburu duten lanak eta sarbide eta azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko lanak salbu”.

Aralar Bizirikeko kidearen aburuz, “proiektu hori bide berria eraikitzeko denez, ezin zaio aplikatu arauan jasotako salbuespena”. Pista berriak egiteko, ordea, baliatuko duten zirrikituaren inguruko susmoa ere badu Auzmendik: “Denboran zehar hainbat ibilgailu pistetatik kanpo ibili dira. Hori debekatuta dago baina dirudienez, toleratuta. Orduan, proiektua justifikatzeko, dagoeneko gurpilekin lurrean arrastoak eginda daudenez eta hor higadura sortzen ari denez, pista berriak egiteari Aralarko txaboletara eta Saltarriko mangarako mendi-bideen ‘antolakuntza eta egokitzapena’ deitu diote”. Jaurlaritzaren menpeko den HAZI fundazioak egindako ingurumen txostenean oinarritzen dira horretarako.

Legeek, aldiz, beste modu bateko interpretazioak egiteko parada ere uzten dute. Esaterako, HAZIren txostenak, abere-jarduerari erreferentzia eginez, bideak egiteko hartutako erabakiarekin bat egiten du. Aralar Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko dokumentuak jasotzen duenez “larre eta abere-azpiegiturak hobetzeko beharrezko inbertsioak” egin ahal izango dira, gaur egungo ganadua “gutxienez mantentzeko”; eta espazio horien kontserbazioa “bermatuko” duten abere-jardueraren mesedetan beharrezko azpiegiturak “sortu, zaindu eta konponduko” direla ere badio.

Juantxo Agirre (Aranzadi): "2002ko maparekin jende asko beldurtu zen. Hamasei urte geroago, bide-sarea egin nahi zutenek egitasmoa administratiboki eta juridikoki nola bideratu ikasi dute"

EHNE nahiz ENBA sindikatuek abeltzainekin elkarlanean jasotako beharretako batzuen artean kokatzen ditu pistak Nazabalek, eta gaineratzen du teknikarien lana dela horiek nondik egin daitezkeen finkatzea: “Guk mahai gainean jarri ditugunak behar batzuen identifikazioak dira. Bideak dira horietako bat. Nondik egin behar diren ez dugu esaten. Hori ondoren tramitatzen denak esaten du”.

Alternatibarik ba al da?

2002ko egoerara bueltatuz, alternatibarik bilatu gabe hamalau urte “galdu” direla uste du Landarlan elkarteko Koro Irazustabarrenak. Ikuspegi bertsua du lehen sektoreko ordezkari Garikoitz Nazabalek ere: “Duela hamabost urte, eztabaida plano hauetara etorri zenean, alternatibez hitz egiten ziguten. Hamabost urte geroago, gabeziek hor jarraitu dute baina alternatibarik ez da landu, edo ez da planteatu, behinik behin”. Hamalau urte hauetan, parke naturala pistek eragingo zuten “inpaktutik” salbatu dela iritzi du Aranzadiko Juantxo Agirrek. Aldi berean, urte horietan zehar, beste irtenbide batzuk landu behar ziren haren ustean. “Ardura guztiona da, baina esfortzua beharra duenari ere eskatu behar zaio” ohartarazi du ondarean adituak.

Puntu honetara iritsita, “zail” ikusten du Josu Oiartzabalek pistak ez diren beste aukera batek beren beharrak eta eskariak betetzea. Hala ere, pistak egitearen gaiarekin “itxirik” ez daudela dio sindikatuko Nazabalek: “Eztabaida ulertzen dugu eta horretarako hitz egiteko prest gaude, lanean ari diren pertsona horien duintasuna errespetatuz gero. Alternatiba errealak baldin badaude, planteatu eta hitz egingo dugu horien inguruan”. Landarlan elkarteak, esaterako, hainbat irtenbide aipatu ditu pistak eraiki ez daitezen eta artzainek dituzten eskakizunak betetze aldera. Besteak beste, txabolen berrantolaketa, noranahiko beldar katezko garraioa edo airetiko garraioa.

Nazabalek zalantzan jartzen du airetiko garraioa eta batez ere, helikoptero zerbitzuaren bideragarritasuna artzainen egunerokotasunari begira: “Erreala da hori? Orain arte materialak eman izan dira helikopteroetan txabolak konpontzeko, eta sekulako gainkostua dute. Eguneroko martxan, gaztak jaisteko, butanoa igotzeko... helikopteroa joango da? Mendizale bati zerbait gertatzen zaionean hamarretik bederatzitan helikopteroa ez da joaten lainoarengatik” dio EHNEko ordezkariak. Nazabalen adibidearen kontrara, Agirre Mauleonek ez du berehalakoan esaten helikopteroaren aukera ez dela erreala: “Hori horrela balitz, Pirinioetako Ordesan, Suitzako parke guztietan edo Amazonian bide sareak sartu beharko genituzke barruraino. Eta gainera, pistak asfaltatzen baditugu, anbulantziak azkarrago joango dira”, azaldu du ironikoki.

Etorkizuneko salbazioa?

Mendi-bide berriak ez dira euren sektorearen salbazioa izango, hala dio Nazabalek, baina egoera hobetzeko bidean garrantzitsuak direla uste du: “Bideak erreminta bat dira, ez helburua. Azken batean, guk medio batzuk eskatzen ditugu lana egoera hobean egiteko. Sektorearen etorkizuna soluzionatuko dute? Ez. Osagarriak diren gauza mordoxka batek lagundu dezake soluzioaren parte izaten? Bai”.

Ezbaian dagoen egoeren antzekoak munduko beste hainbat tokitan ere gertatzen ari direla uste du Agirre Mauleonek. AEBetako gobernu berriarekin batera sortutako egitasmoa jartzen du adibidetzat: “Planeta osoan gertatzen ari da Aralarko aferaren antzekoak. Estatu Batuetan maite dituzte natur parkeak. Baina ingurumen ministro berriak oliobideak sartuko ditu. Berak ere maite ditu parkeak, baina petrolio-hodiak sartuko ditu milaka lanpostu berri bultzatzeko. Hemen bezala, bertako unibertsitate eta ekosistema adituek mahai gainean jarri dute bailara batzuetatik ezin daitezkeela oliobide horiek pasa. Baina gobernuak, hura ere demokratikoa, ez die kasurik egingo. Beraz, bizitza, natura eta geroa ulertzeko modu desberdinak dituzte. Guk, neurri txikiagoan, baina arazo bera daukagu”.

Aranzadin garbi ikusten dute pistak eraikitzeak “ingurumenarentzat kalte handiak eta arazo gehiago” sortuko dituela. Egoeraren inguruan beharrezko erabaki eta neurriak hartu aurretik, artzain eta ganaduzale horien etorkizuna “eragile guztien artean aztertzeko beharra” ezinbestekoa da zientzia elkartearentzat. Batzuek denbora eskatzen duten bitartean, Enirio-Aralarko kudeaketa planak dagoeneko jasotzen ditu mendi-bide berriak egiteko aukerak.

Kanal hauetan artxibatua: Aralarko pistak  |  Lehen sektorea  |  Mendiak

Aralarko pistak kanaletik interesatuko zaizu...
Fiskaltzak Tolosako epaitegiaren esku utzi du Aralarko pisten auzia

Eguzki Talde Ekologistak eta Landarlan Ingurumen elkarteak fiskaltzarengana jo zuten duela urtebete, "Intzentsao-Goroskintsu pista proiektuak Aralar Natura Parkearen legediaren hainbat puntu urratzen zituela iritzita". Fiskaltzak uste du “lege hauste zantzuak” egon daitezkeela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak onartutako proiektuan eta gaia Tolosako epaitegiaren esku uztea erabaki du.


Aralarren inguruan "erabaki okerrak" hartu direla uste du Landarlan ingurumen elkarteak

Landarlan ingurumen elkarteak Aralarko Natur Parkearen Patronatuaren bileran eta Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarrean hartutako hainbat erabakiren aurka egin du.


Kontzentrazioa egingo dute larunbatean Donostian, Aralarko pisten aurka

Aralarko Parke Naturalean mendi-bideak eraikitzeko proiektua onartu zuen Enirio-Aralar Mankomunitateak pasa den urrian, eta erabakiak eztabaida handia piztu du. Oraingoan Naturkonek, Gipuzkoako talde ekologisten koordinadorak, kontzentraziora deitu ditu herritarrak larunbaterako, hilak 11, Donostian, Aralarren "esplotazioa" salatzeko.


Aralarko Oiduiko borda kiskalita agertu da eta eragindako sutea izan den ikertzen ari da Ertzaintza

Oiduiko borda sutan aurkitu zuten bi mendizalek larunbat goizean. Aterpea Enirio mendian kokatuta dago, Aralarko mendilerroan. Zonaldea mendi-bideei lotutako gatazkarengatik hizpide izan da azken hilabeteetan.

 


Aralar eta Aranzadi

Aranzadi Zientzia Elkartea, espezialistaz, irakaslez, doktorez eta ikertzailez osatuta dagoen askotariko taldea, zabala, jantzia eta prestigiotsua da. Arkeologoak, etnografoak, antropologoak, mikologoak, geologoak, botanikariak, ornitologoak, espeleologoak, biologoak … Zientzia arlo askotako jakitunak biltzen dira taldean, eta ezaguna da egiten duten lana.


Aralarko pisten auzia: iritzi anitz Aranzadik egindako agerrialdiaren inguruan

Aralarko parkean egin nahi dituzten pisten eraikuntza bertan behera uzteko eskatu du Aranzadik. EHNE eta ENBA nekazari sindikatuek salatu egin dute elkartearen jarrera, eta sindikatu horiei erantzun die Naturkon Gipuzkoako talde ekologista eta naturzaleak.


"Aralarko pistek atzeraezinezko kalte larria eragingo lukete ingurumenean"

2002an aurkeztutako txostena berretsi eta Aralarko parkean egin nahi diren bideen eraikuntza bertan behera uzteko eskatu du berriz ere Aranzadi Zientzia Elkarteak. EHNE eta ENBA nekazari sindikatuek kritikatu egin dute Aranzadiren jarrera.


Aralar babestu dezagun

Zuetako askok jakingo duzuen bezala, Aralarren pista berriak egiten hasi dira. Dagoeneko Intzensaotik Goroskintxuraino doan pista egin dute baina proiektuak Aralarko bihotza diren Alotza eta Arritzagako bailarak pistaz gurutzatzea aurreikusten du.


«Aralarko sabotajeen» aurka azaldu da Landarlan

Aralarren pista egiten ari diren makinen sabotajea salatu du, baita natur parkean "orain baino lehen" izandako beste batzuk ere, "mankomunitateak publikoki salatu ez dituenak".


Aralarren pista eraikitzeko egitasmoak natur zaleak mugiarazi ditu berriz ere

Hondeamakinak natur parkean lanean hasi direla salatu dute eta mobilizazioak antolatu dituzte. “Artzaintzaren ofizio zaharrean bizi-kalitatea bermatzeko badira aztertu ez diren alternatibak”, diote.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude