"Gerrate garaian ere jendea portatu zen, horratik!"

  • Hamabost egun Urgainen nobelak eman zion izen handiena Jose Antonio Loidi Bizkarrondori. Idazlearen jaiotzaren mendeurrenaren karietara mintzatu zen iaz Baztanen Euskal Nobela Beltzaren Astean haren arreba Anjelita Loidi. Nebaren gaineko jakingarriak emanez ari zela jabetu ginen beretik ere esatekorik franko zuela 100 urte beteak dituen emakumeak.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Anjelita Loidi Bizkarrondo (1916, Errenteria)

101 urte betetzera doa abuztuan. Botikaria izan da lanbidez –Pasai Donibanen lehenik, eta Donostian gero–, gerra ondoan ikasketak bukaturik. Errenterian zinegotzi abertzale zuen aita –alkate, gero–, eta haren ibili politikoak agindu zuen familiaren biziera gerra garaian. Anjelitak kontatu dizkigunak dira lekuko. Esankizun dira botikan ikusi eta entzun dituenak, eta esankizun, halaber, bidaiari porrokatuarenak, 90 urte beterik ere Yemen, Uzbekistan, Armenia eta batean eta bestean ibili baita. Lehenago, berriz, munduan diren eta ez diren bazterrak korrituak zituen.

Aita, Florentino Loidi, zinegotzi abertzalea zen Errenterian gerra lehertu zenean.

Mikel Zabaleta historialariak egina du gure familiaren historia 1834tik aita 1955ean Irunen hil zen arte. Gerra aurretik, aita Errenteriko alkateorde zen, PNVkoa. Gerra etorri zenean, ihesi joan ginen, Bizkaira. Bidean, lehenengo Aizarnan [Zestoa] egon ginen. Handik, Ispasterrera, Bilbora eta, azkena, Turtziozera. Bilbon ginela, Errenteriko alkate errepublikanoa kendu edo zer edo zer egin zuten eta gure aitak izan behar izan zuen alkate. Errenteriko alkate izan zen, Bilbon geundela; “erbesteko alkate”, esango genuke.

Errenteria utzirik, Bilbora joan zineten zuek ere, zuen ama eta anaia Jose Antonio?

Bai, aitarekin batera. Eta, konparazio batera, aita Gernikan zen bonbardaketa izan zenean. Garai horretan gu Ispasterren geunden, Arritola izeneko baserrian, Ereño ondoan. Bilbon bizi zen batena zen Arritola, udan erabiltzen zuen, eta gerratean errekisatu egin zioten. Guri han tokatu zitzaigun bonbardaketa guztia. Etortzen ziren aeroplanoak, ailegatzen ziren gure gaineraino, eta buelta ematen zuten. Halako batean, aeroplanoak gainean –gu garajean, mendi zuloan gordeta–, eta ikusi genuen paper pusketa txuriak botatzen zituztela. Alde egin zutenean, irten ginen eta ikusi genuen zer jartzen zuen papertxoetan: “Cuando las barbas de tu vecino veas pelar, pon las tuyas a remojar”.

Zer entenditu zenuten zuek?

Kontuz ibiltzeko, hurrena guri botako zizkigutela bonbak. Gehiago ez ziren etorri aeroplanoak. Aitak autoa zuen, eta Ereñoko alkatearekin partekatzen zuen, Biritxinagarekin. Bilbora joan eta etorri ibiltzen ziren. Gernika bonbardatu zuten egunean, aita ez zela agertzen! Nonbait, Bilbotik bueltan zetozela, lehenengo bonbardaketak harrapatu zituen eta estolderian babestu ziren. Gero, aurrera egin zuten, eta bigarren bonbardaketak Gernikako Errenteria auzoan harrapatu zituen. Orduan, autoa kamino bazterrean utzi eta mendian gora jo zuten; pinu artetik ikusi omen zuten bigarren erasoa, suzko bonbena. Gu kezkatan geunden, Gernikatik gora kea ikusten genuen eta. Arratsaldean berandu ailegatu zen aita Arritolara, Biritxinaga Ereñon lagata.

Aitak kontatu zizuen Gernikako bonbardaketa.

Eta hurrengo egunean tropak Lekeition sartu ziren. Auzoan irratia zeukaten, eta horrela jakin genuen han ez geundela seguru, eta autoa hartu eta bi bidaia eginez joan ginen Bilbora. Goizeko ordu biak aldera irten ginen. Lehenengo bidaia gurasoek egin zuten, Joxe Antonio eta anaiarekin. Bitartean, ni Arritolan geratu nintzen zazpi bat mutilekin: Koldobika Mitxelena, Luis eta Julio Arozena anaiak, Boni Olaizola, nire lehengusu Jose Mari Loidi, eta Mutrikuko Ximon.

Gernikan zinen bonbardaketa biharamunean.

Hurrengo egunean, bai, goizean goiz. Dena zegoen zikina. Gernikan ez zen etxea eta kalea bereizten… Handik Bilbora, aitarekin. Joseba Leizaola, oraintxe hila, ezagutu zenuen?

Argazkia: Dani Blanco.

Bai.

Haiekin bizi izan ginen. Rikardo zuen aita, Jesus Mari Leizaola lehendakari izango zenaren anaia. Jesus Mari Leizaola ere osabatzat geneukan, andrea Maritxu Loidi zuen-eta, gure familiakoa. Rikardoren etxean bizi izan ginen tropak ia Bilbora sartu ziren arte. Orduan Turtziozera joan ginen ihesi.

Gerra historia zurea.

Eta historia horiek jaso zizkidan Pako Etxeberriak, Aranzadikoak, grabazioan. Horiek aditu nahi zituen. Beste kontu bat, gerratekoa: senarra ihes eginda zeukaten emakumeak oinez bidali zituzten Zumaiatik Bizkaiara. Gaztea nintzela, neskame bat izana genuen, Bitxori, Goizuetakoa. Mikelete batekin ezkondu zen, Zumaiara. Gerran, Bilbora joan zen mikelete hura, eta Zumaian geratu zen Bitxori bost umerekin. Tropak sartu zirenean, hartu emakumeak –Bitxori tartean–, eta oinez bidali zituzten Lekeitiora. Bitxori, konparazio batera, bost umeekin joan zen; txikiena, lau hilabetekoa zuen. Bilbon ginela, jakin genuen nola ari ziren emakumeak Lekeitiora iristen, eta hara joan ginen aita eta biok. Hantxe ikusi genuen Bitxori. Hartu eta Bilbora eraman genuen, senarraren ondora. Turtziozera joan ginenean, berriz, gurekin etorri zen, eta etxean lagundu zigun. Han izan nintzen elbarria.

Elbarria, zu?

Turtziozen. Frontea bertan zegoen, eta hantxe zegoen gobernua: Jose Antonio Agirre, Jesus Mari Leizaola… Manuel Irujo ez zegoen han, Bartzelonara alde egina zen zer edo zertara. Egun batean, gure lagun Joxe Migel Etxebestek esan zigun Basinagre auzoko halako baserritarrak esan ziola piku asko zeuzkala, eta joateko piku jatera. Joxe Antonio eta biok joan ginen, Joxe Migelekin. Ailegatu ginen baserrira eta piku arbolara igo eta hura astintzen hasi zen Joxe Migel, pikuak lurrera erortzeko. Pikuak biltzen ari ginela han non datozen aeroplanoak: bonba botatzen hasi ziren. Piku arbola erre zuten. Nik soinekoa nuen txuri-gorria, eta aeroplanotik gorria ondo ikusten zela esaten zutenez, txaketa urdin bat gainetik jantzi, makurtu, eta kolore gorria ezkutatzen saiatu nintzen. Baina bonba baten metrailak zangoa harrapatu zidan. Joxe Migelek hartu painelua eta torniketea egin zidan, odola ez nezan galdu. Nik anaia ikusten ez, eta haren kezka nuen: “Eta Joxe Antonio? Eta Joxe Antonio?”. Ordu arte gure ondoan egon zena, ez zen ageri.

Eta non zen?

Hantxe ondoan zulo handi bat egon, eta hantxe gorde Joxe Antonio. Hura poza ikusi nuenean! Kamioi batean hartu eta Karrantzako bainuetxera eraman ninduten, han ospitalea eginda zeukaten eta. Orbana daukat ezkerreko belaunburua baino beherago. Metraila gordeta daukat. Bonba puska-puska egiten da, eta haize beroa izaten da, eta haize horren indarrak airean jaso eta geunden tokitik bi metrora bota gintuen. Egun horretan 36 lagun hil zituzten Karrantzan. Konparazio batera, gure ondoan soroan ari zen baserritarra hil zuten bonbek. Harrezkero, egunero hasi ziren bonbardaketak. Handik egun batzuetara, gudariak joan egin ziren Turtziozetik. Akordatzen naiz etxe paretik nola pasatu ziren, Eusko gudariak kantatuz. Han ziren Amaiur, Loiola… eta beste batailoiren batzuk. Santoñara joan ziren, han hartu zituzten preso.


Anjelita Loidik gordeta dauzka aitak
ihesi zebilela idatzitako gutunak. Argazkia: Dani Blanco.

Zure anaia Jose Antoniok kontatzen zuen gerra eta gero Orion egon zinetela gaztetan.

Osaba apaiza ez zen han, baina aitaren lehengusu propioa bai, Luis Loidi. Haiek lagundu ziguten; oso ondo portatu ziren. Bazuten etxe txiki bat hutsik, eta hantxe sartu ginen. Baina dirurik ez genuen, Joxe Antonio gaixorik, eta orduan, nik lana bilatu nuen Villabonako botikan; ordurako urte bat besterik ez zitzaidan falta ikasketak bukatzeko. Hiru urte egin nituen Villabonan bizitzen. Garai hartan ez zegoen oraingo telefono mugikorrik, eta eskutitzez hitz egiten genuen. Eta zer edo zer presazkoa bazen, halako orduan herriko telefono-zentralean geratzen ginen eta hitz egiten genuen Oriotik Villabonara eta Villabonatik Oriora. 1939an, “etsamin patriotikoak” izenekoak egin zituzten, nik ikasketak bukatu nituenean. Baina Villabonan bagenuen iloba bat, botika ikasketak bukatzeko urtea falta zuena, eta hari itxoiteko esan zidaten etxean. Hark bukatu arte zain egon, azterketa haiek egin eta Pasai Donibaneko botika erosi nuen. Orduan bazen San Sebastian bankua, eta hango zuzendariak ezagutzen zuen gure aita, familia ezagutzen zuen, eta botika erosteko mailegua eman zidan 1940an.

Zu Villabonan, botikan lanean, ama eta Jose Antonio Orion.

Bai, eta aita Frantzia partean. Turtziozetik Laredora jo zuen, eta Asturiasko herri batean bapore ingeles batean sartu eta Bordelera iritsi zen, beste askorekin batera. Handik, Kanbora. Urtebete egon zen han, hainbeste euskaldunekin: Azkarraga, Uruñuela… jende ezagun asko zegoen han. Kanbon zegoela, gerratik joandako umeentzako etxe bat prestatu zuten Armendaritzen, Jauregia esaten zioten etxean, eta hango administratzaile izendatu zuten. Hantxe egon zen umeen gurasoak joan eta jaso zituzten arte. Gordeak ditut aitak eskribitzen zizkidan eskutitzak.

Villabonako botikan hiru urtez aritu zen lanean eta ondoren
Pasai Donibanen erosi zuen bat. Argazkia: Dani Blanco.

Iaz aditu genizun kontatzen eskutitz horien istorio-historia Baztango (H)ilbeltza Nobela Beltzaren Astean.

Kar, kar… Gerra denboran, zentsura pasatuta bidaltzen genituen eskutitzak Villabonatik Oriora, eta Kanbora, eta Armendaritzera. Horrela, inork ez entenditzeko moduan eskribitu behar izaten genuen: Sagarra zen Gasteiz, Alarcón zen Madril, Turtzioz zen Castillo, Teruel zen las maletas, Katalunia zen Clavería… Aitak ere ez zuen sinatzen Loidi; beti “Alkorta”, “Iturzaeta”… bigarren eta hirugarren deiturak erabiltzen zituen. Edo “El Arritolano”, alegia, Arritolan bizi izan ginelako Bizkaian. Eta guk ere berdin egiten genuen, izenak asmatzen ibiltzen ginen. Gero, alemanak Frantziara sartu zirenean, galarazi egin zuten eskutitzak hemendik hara eta handik hona bidaltzea.

Baina bidali zenituzten, bistan denez.

Bai. Lehengusu txikia genuen Elizondon, Anita, eta eskutitza bidaltzen nion hari, baina barrenean beste bat, aitarentzat. Lehengusuak konfiantzako baserritar ezagun bati ematen zion eskutitza, eta hark halako arbolan uzten zuen, gordeta. Etortzen zen hurrengo baserritarra, hartzen zuen eskutitza eta eramaten zuen beste arbola batera. Eta, horrela, batetik bestera eginez ailegatzen zitzaion eskutitza aitari, Kanbora edo Armendaritzera, batzuetan Donibane Garaziko edo Bidarraiko postetxetik barrena, Frantziako seilu eta guzti ailegatzen zitzaizkion eta.

Hori zen eskutitzen historia.

Baina, behin, polizia batek, Espainiakoak, nire eskutitz bat harrapatu zion baserritar bati. Hark gure lehengusuaren izena eman, eta Anitak esplikazio bat asmatu behar izan zuen, esanez gure aita gaixorik zegoela, han ez zela politikarik… Uste dut sinistu ziotela, besterik ez genuen jakin, behintzat. Jakina, ezin genuen sistema hori gehiago erabili, eta nola edo hala jakin genuen arotz batzuk Orbaizeta Goikoan basoa garbitzen ari zirela. Mendian Frantziaren kontra-kontra zeuden eta erraz pasatzen ziren beste aldera, eskutitzak eramanez… Gerrate garaian ere jendea portatu zen, horratik! Bestela ez genuen bata bestearen berri jakiterik.

Harrigarria da nola gorde dituzun gogoan hauek denak.

Bai, denak harritzen dira. Ez dakit nola egin dudan ere. Azkena, egunkarian eskribitu zuten nire gainean, eta etxean haserretu egin zitzaizkidan: bi alaba botikario ditut, eta bi biloba ere bai, eta luze bizitzeko ez dela botikarik hartu behar esan nuelako haserretu zitzaizkidan etxean. Kar, kar… Ez nuen gerrateko historiarik kontatzeko asmorik, baina… Berri onak kontatu nahi nituen, berri onak besterik ez…       

Andreak eta gizonak

“Gure aitaren historiaz ari diren aldizkarietan gizonezkoen argazkiak dira handiak, eta gureak txiki-txikiak. Ez dakit gizonek gehiago balio zuten, baina badakit gehiago agintzen zutela. Botika aldizkarietan ere lehendakariak gizonezkoak dira beti, eta aldiz, botikarien artean emakume gehiago dago gizona baino. Akordatzen naiz, behin, botikario bilera batean, hasi zen emakume bat zerbait esaten, eta lehendakariak esan zion: ‘¡Tú cállate!’. ‘Zu, isilik!’. Betiko gelditu zitzaidan. Orain ez dira horrelakorik esaten atrebitzen”

Aldaketak

“Gerra hasi baino zortzi egun lehenago etorri nintzen Madrildik, aitak lagunduta, Botika ikasketak lau urteak eginda. Han egiten nituen etsaminak, eta aitarekin joaten nintzen. Ez zidaten bakarrik joaten uzten, neska batentzako leku peligroz betea zen Madril. Orain, berriz, Munichera doa iloba. Gauza horiek asko aldatu dira”
 

Azken hitza: Monumentu bizia

Juan Garmendia Larrañaga zena min ohi zen adin handiko nekazaria hiltzen zitzaiolarik. Entziklopedia oso bat galtzen zuela iruditzen zitzaion. Ez zuen Anjelita Loidi Bizkarrondo ezagutu. 101 urte betetzera doana lehen mailako berriemaile da: gerraurreko Errenteria, herriko zinegotzi abertzalea aita, batzokiaren inaugurazioa 1933an, farmazia ikasketak, garaiko Madril, gerra, Gerbasio Albisu apaiz fusilatua, Koldo Mitxelena, Gernikako bonbardaketa, Turtzioz, Agirre lehendakaria, Itxarkundia, Santoña, Baztan… Garai bateko oroitzapen, argazki eta eskutitzen gordailu. Anjelita Loidi Bizkarrondo, Gernika errea oinez igaro zuen emakumea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude