argia.eus
INPRIMATU
Pozgarria
Montserrat Auzmendi del Solar 2017ko otsailaren 08a
Verdi-ren Stiffelio opera Bilboko Orkestra Sinfonikoa Zuzendaria: Francesco Ivan Ciampa. Bilboko Operaren Abesbatza Zuzendaria: Boris Dujin. Eszena zuzendaritza: Guy Montavon. Bakarlariak: Roberto Aronica, Angela Meade, Roman Burdenko, Francesco Marsiglia. Euskalduna Jauregia. Urtarrilaren 21a (Argazkian: Roberto Aronica eta Angela Meade bakarlariak).

OLBE bueltatu da betiko kalitatezko bideetara. Eskerrak! Oraindik gogoratzen dugu azaroan entzundako Cenerentola ahaztezina, eta ez zentzu onean esanda. Kasu honetan, kontrako sorpresa hartu dugu. Stiffelio harribitxi bat da, oso gutxitan programatzen dena. OLBEren ibilbide osoan hau da antzezten den lehenengo aldia. Izan zitekeen interes gutxiko obra, eta horrexegatik publikoak ez izatea gogo handirik entzuteko, baina Euskalduna Jauregian Regio di Parma Antzokiaren eta Monte-Carlo Operaren arteko produkzioa disfrutatu ondoren, Stiffelio mokadu aparta dela esan dezakegu. Ez da oso luzea, ordu pare bat irauten du etenaldiak kontatzen ez baditugu, eta sentimenduen koktel erakargarria eskaintzen du: amodioa, desleialtasuna, Stiffelio protagonistaren desio pertsonalen eta betekizun sozialen arteko barne borrokak, protagonista bakoitzaren maitasunaren kontzeptu desberdina. Benetan interesgarria. Eta, gauza guztien gainetik, Verdi onena dugu titulu honetan. Obertura zinez distiratsu eta argitsua dugu hasiera gisa, eta lanaren aria nahiz abesbatzaren numero batzuk Verdiren momentu ederrenen artean koka ditzakegu.

Horrez gain, OLBEk ekarritako produkzio honetan primerako bakarlariak izan ditugu emanaldia erabat biribiltzeko. Bai Roberto Aronica tenorearen ahotsa bai Angela Meade sopranoarena primeran egokitzen dira Stiffelio eta Linaren roletara, behar den distira eta ehundura emanez interpretazioei. Hori bai, ez bata ez bestea, ez dira adierazkorrak taula gainean. Hau da, ahots ederrak entzun genituen, malguak, sentimenduz beterikoak, baina, agian eszena zuzendaritza eskas batengatik edota abeslarien nolabaiteko zurruntasunagatik, ez zuten sinesgarritasun interpretatiborik eskaini.

Angela Meadek entzuleak txunditu zituen. Oh celo!, dove son io? edo Tosto ei disse! A te ascenda, oh Dio clemente ariak momentu zoragarriak izan ziren. Erraz abesten du sopranoak, ahots biribila eta boteretsua du, txalo-jotze ederrak lortu zituen. Bestalde, Roman Burdenko baritono errusiarrak primerako Stankar egin zuen. Ikaragarrizko ahots ederra erakutsi zuen eta taxuz interpretatu zuen Linaren aitaren rola. Francesco Ivan Ciampa zuzendaria fintasunez aritu zen. Egia esan, alde musikalak, benetan mundiala, konpentsatu egin zuen ahultasun interpretatiboa edo eszenografia pobre/minimalista. Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak, eraginkorrak, beti bezala.