Boli Kostako 'mikrobio' gazteak ez dira beldur ez hiltzeko, ez erailtzeko

  • Kaleetan ze-suma dabiltzan gazte noragabeak, gerra zibila amaituta egokitu ez diren gudariak, jauntxo militarrek xaxatutako gaztetxo heldu gabeak... Nor eta zer dira Boli Kostako Abidjan hiriburuan izua zabaltzen duten 8-25 urte arteko mutikook? Erdialdeko Amerikak marak eta Brasilek faveletako bandak dauzkan moduan, Boli Kostako mikrobioak aipatzen dira Mendebaldeko Afrikako hiri handietan.

Moussa du izena argazkiko mutikoak eta ez ditu hamasei urte izango. On Voit Tout hedabideak dioenez, Abidjango Selmer auzoko komertzio batean hartu du preso komertzio bateko nagusiak. Beste kide batekin batera dendariari mehatxuka atea ireki arazi diote,

Boli Kosta esatea da, europar gehienentzat, zenbait kaferen jatorria eta, gure inguruan gehiagotan, txokolate perfumatuarena. Kafe eta kakao horietan oinarrituta, Mendebaleko Afrikako motor ekonomikoa izan zen 1960 eta 70eko hamarkadetan. Baina 80koan Boli Kosta murgildu zen krisi ekonomiko sakon batean, zeinak berekin ekarri baitzuen nahasmendu politiko eta sozialen aroa.

XIX. mendetik Frantziaren kolonia izan ostean, 1960an lortu zuen independentzia eta geroztik Félix Houphouët-Boigny eduki zuen presidente 1993 arte, Mendebaldearekin eta bereziki Frantziarekin atxikiz harreman estua, esan nahi baita menpekotasuna. Geroztik Boli Kostak sufritu ditu estatu kolpe bat 1999an eta bi gerra zibil hein batean erlijio gatazken gainean oinarrituak. 2002 eta 2007 artekoak 3.000 heriotza baino gehiago eragin zituen. Bigarrenean, 2010 eta 2011 artekoan hauteskundeak irabazi nahi zituzten Laurent Gbagboren eta Alassane Ouattararen aldekoak borrokatu ziren, gutxienez 3.000 jende gehiago hilaz.

Horregatik esan izan du Hamed Bakayokok Abidjaneko “microbe” jendeak funtsean direla gerrak traumatizatutako haurrak. Bakayoko ministro da hauteskundeak eta gerra irabazi zituen Ouattararen gobernuan. Aldiz, Le Monde egunkariak 2016ko udaberrian mikrobioen beste azalpen bat eman zuen: “Kalean zer eginik gabe bizi diren gaztetxoek gero eta bortizkeria handiagoa darabilte gainerako biztanleen kontra. Eta agintariek ez diote arazoari heldu nahi”. Hots, agintariek babesten dituztela.

Le Monde Diplomatiqueren blogetan Sabine Cessouk idatzi du “Mikrobio bolikostarrak, krisiaren sekuela” interesgarria. “Zein dira mikrobiook? Gizartearen fenomeno hau azaldu da 2010-2011ko hauteskunde krisi bortitzaren ostean eta haren sekuela ikusgarrienetakoa da. Mutiko gazteok, 8 eta 25 urte arteko gaizkileak, 15 eta 20 kide arteko bandetan elkartuta dabiltza Abidjan hiriburuko auzuneetako kaleetan jendeei lapurretak egiten labanak, aizkorak, matxeteak eta makilak erabiliz. ‘Bide moztaile’ ere deituak, izututa dauzkate Abobo, Adjamé, Yopougon, Anyama eta Attécobé kartielak”.

Lapurretak, bortxaketak, klase guztietako eraso eta jipoiak... prentsaz gain sare sozialak ere berotzen dira sarritan mikrobioen desmasiekin. Zirrara handia eragin zuen Claude Larissa Abogny 23 urteko ikaslearen heriotzak. Etxerako bidean, goizaldean, telefono mugikorra ostu zioten eta ondoren matxete kolpez hil, ustez Yopougon auzoko gaztxekoek.

Joan den maiatzean poliziak sarekada zabala antolatu zuen auzuneok kontrolatu eta gazte susmagarriak harrapatzeko. Hiru hilabetetan 11.500 arrestatu zituzten, horietatik 250 auziperatzeko.  Ehunka arma kendu zizkieten, tartean zenbait pistola eta kalaxnikov, 2.950 tona cannabis kalamu konfiskatu eta 166 erre-toki zerratu.

Fenomenoak halako zabalera hartu du, ezen saltsan sartu baita herritarren justizia, lintxamendua alegia, mikrobioen zenbait xefa hiltzeraino, sonatuenak 2015ean burua moztu zioten Mamadou Traore Zama eta 2016ko martxoan matxetez hil eta zintzurretik zilborreraino ireki zutena, Diaby Mamadou “Pythagore“, 18 urte besterik ez.

‘Gaztetxoen boterea’ karriketan

Zenbait kazetariren kontabilitatean, 2016ko udaberrian bederatzi mikrobio hil zituzten herritarrez osatutako patruilek, batzuen erasoen eta besteen mendekuen gurpil zoroan. Eta ez du baretzeko itxurarik gaztetxo banden eta patruilen arteko gerrak, Abobo auzuneko herritar ezagun batek esan duenez: “Ezin gara gobernuak arazoa noiz konponduko zain egon. Bost urte baino gehiagoz sufritu dute familiek, denek dakite. Gobernua baldin bada mikrobioon konplize, hor konpon. Gure mailan, geuk egingo dugu horiek suntsitzeko lana”. Nekez hilko dituzte denak.

Kane Rodrigue Fahiraman soziologoak kontatu duenez, mundu osoko hiri handietan ikusten dira horrelako bandak: “Jendeari bizia kentzea da iritzi publikoak mikrobio bataiatu dituen hauen ezaugarrietako bat. Izena hartuta dago La cidade de Deu (Jainkoaren hiria) film brasildarrean ageri diren gang-etako batenetik. Mikrobio metafora klinikoak irudikatzen du izaki bizidunon txikitasuna, begiz ikusi ezin diren arren bortitzak eta gizartea den organismoarentzako kaltegarriak direlakoan”.

Boli Kostako gizarteak klase guztietako nekeak sufritzen ditu azken hiru hamarkadotan, 1990ean lehengaien prezioak –nagusiki kakaoarena– hondoratu zirenez geroztik. Estatuaren finantzak desorekaturik, Abidjaneko gobernuak Nazioarteko Diru Funtsera eta Munduko Bankura jo zuen kreditu esker, eta hauek ezarritako formula neoliberalak ondorengo urteetan gauzak gaiztotzea baizik ez du ekarri.

Francis Akinde soziologoak ekoiztutako Espoir d’un emploi (Lanpostu baten itxaropena) dokumentalean diotenez, Bolikostan –2014ko datuetan–, 23 milioi biztanleen artean 2014an ofizialki 430.000 daude langabezian. Baina ez ekibokatu: “enplegudun” jotzen dira beltzean lanean ari direnak ere, hau da, behargin guztien %91! Beraz, langile kontratudun urriak ez dira %19 baizik. Langabezia masiboa da. “Gazteria da –dio Akindek– sekulako arma horren energia fisikoa bezala intelektuala mobilizatzen dakiena gizartearentzako. Gazteria arrisku iturri bilakatzen da bere haurtzaroa luzatu eta helduen munduan sartzeko adina berandutzen zaionean”.

Horri gehitu behar zaizkio azken urteotako bi gerra zibilak. Gbagboren bezala Ouattararen tropek erabili zituzten haur eta gaztetxoak gerran, horrek ekarri dizkien trauma psikologikoekin. Beren eredu ziren helduak ikusi dituzte beste helduak hiltzen, sarritan modu ikaragarrian. Eta beraiek ere, gaztetxo edo haur, xaxatu dituzte gauza bera egitera. Armak erabiltzen ikasi dute, izugarrikeriari beldurra galdu eta arerio edo etsai izatekotan parean jarritako edozein hiltzen ohitu.

Kane Rodriguek bandetan dabiltzan gazteon jokabidean ikusten du gizarteak kontutan hartu ditzan beharra. Pobreziak, aginte publikoen utzikeriak, familien desegituraketak, droga trafikoak eta, azken finean gerrak ere bai, ekarri dute auzuneetako “gaztetxoen botere” horren sorrera, karrikan gizarteratzera behartu dituztelako. “Etorkizunerako itxaropenik gabe hazi direnez, bortizkeriak zentzu bat ematen die gazteoi. Ekintza bortitzekin anonimotasunetik irteten dira, hedabideak haietaz mintzo, jende helduak aginte bat aitortzen die gizartean. Aintzat hartuak izan nahi hori mamitzen dute ekintza bortitzetan: biktimaren gorputza betirako markatuta uztean zauriz, orbaintze ikusgarriak uzten dituzte marketan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Boli Kosta
2020-05-14 | Armand Gauz
Afrikan koronabirusak jada zaharrik ez dauka hiltzeko

Koronabirus pandemia kontrolatzeko Europak erabaki du konfinazea eta Afrikak atzetik jarraitu dio. Arazoa, alabaina, oso baldintza ezberdinetan kokatuta dago, segun eta Parisen bizi zaren edo Abidjanen. Garaia heldu da gure buruzagiek independentzia eta originaltasuna erakutsi... [+]


2010-11-17
Boli Kosta: 50 urte mundualizazioan sartua

Igandean egingo da Boli Kostako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia. Bi hautagai lehiatuko dira: Laurent Gbagbo egungo presidentea eta Alassane Ouattara lehen ministro ohia. Hauteskundeek, Boli Kostaren independentziaren 50. urteurrenarekin bat egin dute. 1960ko... [+]


Txinpanze kopurua beherantz Boli Kostan
Gerrak eta gizaki populazioa handitzeak triskantza eragin du Boli Kostako txinpanzeengan: azken hogei urteotan haien kopurua %90 jaitsi da. http://ttiki.com/1035

2003-01-26
Boli Kosta, frantses armadaren Vietnam berria?
Pello Zubiria pzubiria@argia.eus Frantziak 2.500 soldadu bidali ditu su etena zaintzera, Parisen bertan antolatu du bake negoziaketen egoitza, Kontseilu Konstituzionalean pedigririk onena duten juristetako bat -Pierre Mazeaud- ipini du negoziaketen buru... horra zer... [+]

Eguneraketa berriak daude