argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko oligarkiaren erretratua
  • Egin izan banu Negurin finkaturiko Bizkaiko oligarkiaren argazki bat 60ko hamarkadan, demagogoa eta ahoberoa naizela esango zidaten.

Juan Mari Arregi 2017ko otsailaren 08a

Hala ere, badago oligarkia hura osatzen zuten bostehun familiatatik kide bat, 12 orrialdetan egiazko erretratua eskaini duena. Pedro Ibarrak Memoria del antifranquismo en el País Vasco idatzi du. Liburu garrantzitsua da bere eta bere bikotekide Carmen Oriolen testigantza eskaintzen duelako –biak oligarkiatik zetozen–, haien konpromiso militante eta antifrankista azalduz; baina baita ekarpena egiten duelako ere, Neguriko elite ekonomiko, politiko eta soziala ezagutzeko bidean. Gainetik daudela eta pribilegiatuak direla uste dutenen jokabide eta kode moralak, nazional-katolizismoaren eragina, euren interes ekonomikoak babesteko frankismoaren barruan hartutako jarrera politikoa, kulturarekiko mespretxua… Horrek guztiak jendarte baten erretratua osatzen du. Pedrok eta Carmenek hortik ateratzeko ausardia izan zuten kontrako norabiderantz, langile klasearen ondora.

Oligarkia gordinenetik atera ziren, bai. “Bizkaian agintzen zuten familia urriek –dio Ibarrak– botere politiko eta ekonomikoa zuten. Industria handian agintzen zuten zuzenean (elektrikak, siderurgia, industria kimikoa, meatzaritza), baita banku handietan ere. Eta zeharka agintzen zuten, zenbaitetan bitartekari gabe, politikan eta diktadura frankistan. Existitzen ziren hedabide gutxietan ere agintzen zuten. Hau da, eurena zen dirua, boterea eta ideologia menderatzailea”.

Eta oligarkia hori, ez dezagun ahaztu –gehituko nuke nik–, beste forma bat hartuta ere bizirik eta jardunean dabil, izan Negurin edo beste toki “lasaiago” batzuetan jesarrita.